Dantza, antzerki, festazale edota kantu bat izateko aukera egongo da Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Otsailaren 25ean iritsiko da 'Kantu bat gara' ikuskizuna Astigarragara.

Festaz beteta dator otsaila, eta ekintzez jositako agenda ondu dute Astigarragan. Santa Agedako eta Kaldereroetako kalejiretatik hasi, eta Inauterietara bitarte. Hilabeteko ikuskizun nagusia 'Kantu bat gara' emanaldia izango da; otsailaren 25ean eskainiko dute, Erriberan.  

Ostegunean eman zitzaion hasiera Astigarragako otsaileko kultur agendari, Urtzi Leonet idazle astigartarraren Itzalen dama eta Patxi Bakallu fantasiazko liburuaren aurkezpenarekin. Hala ere, gaurtik aurrera, jarraipena izango dute kultur jarduerek, eta astigartarrek ez dute aspertzeko tarterik izango. 

Gaur goizeko 10:00etatik 12:30etara bitarterako, Nigan bizi diren emakumeak hazkuntza saioa antolatu du, Emakumeon Etxeak. Tailerraz gain, musikak ere izango du nagusitasuna gaurkoan, izan ere, Santa Ageda bezperako koplak abestera irtengo dira Aiztondo abesbatzako kideak. Kalez kale ibiliko dira Santa Agedako abesti ezagunak abestuz, goizeko 11:00etatik hasita. Bihar, zine aretoak hartuko du lekukoa, bi pelikula proiektatuko baitituzte, Erriberan: Rabbit Academy txikientzat, eta helduentzat, aldiz, Living.

Otsailaren 10ean, Astigarragako Norberto Alamandoz musika eskolak eta Hernaniko musika eskolak bat egingo dute, Erriberan, elkarrekin piano entzunaldi bat eskainiz. Arratsaldeko 18:30etan izango da entzunaldia, eta sarrera doakoa da. 

Datorren asteburuan, Kaldereroen konpartsak girotuko du Astigarraga. Ergobiako plazan hasiko dira, arratsaldeko 17:30etan eta Joseba Barandiaran plazan bukatuko du ibilbidea. Jarraian, afari baten bueltan bilduko dira parte hartzaile guztiak, eta afarira bertaratzeko txartelak Zipotza elkartean daude salgai.

Otsaileko kultur agendak, izango du literaturatik ere, izan ere, Alaine Agirreren Karena liburuaz solastuko dute, hilaren 14ean, arratsaldeko 19:30etan, Erriberan. Isabel Etxeberriak zuzenduko du saioa eta parte hartzea irekia eta doakoa izango da. Otsailaren 15ean, berriz, Manu Iglesiasen bisita izango dute astigartarrek. Defentsa pertsonaleko ikastaroa eskainiko du, AEK euskaltegian, goizeko 09:30etan. Ikastaro honetan defentsa pertsonalerako oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte astigartarrek, eta Iglesiasek jakinarazi du ikastaro dinamikoa izango dela: «ikasitakoa praktikan jarri ahal izango dugu». Ikastaroan izena eman behar da eta horretarako bi bide daude: 663 043 314 telefonora deituta, edota zilegieskola@aek.eus helbide elektronikora idatzita.

 

Kolore biziko festak, otsailaren 18an

Pailazoak, animaliak, titiriteroak... ehunka mozorro ikusteko aukera izango dute Astigarragan. Hilaren 18an eta 19an inauteriak ospatuko dituzte, eta egitarau oparoa prestatu dute, kolorezko festak ospatzeko. Goizetik, jai giroa gailenduko da Astigarragako kaleetan, KDP txarangarekin; eta arratsalderako haurrentzako zenbait jarduera ere antolatu ditu Xaguxar Aisialdi taldeak. Kontxa Etxeberria plazan izango dira jarduera hauek, 16:30etatik aurrera. Arratsaldean, dantzatzeko parada izango dute astigartar txiki, gazte zein helduek, DJ Dabilarekin. Erriberako ataria musikaz girotuko dute, 18:30etatik 21:00etara bitartean. Igandean, Iñude eta artzainen konpartsa izango da eguneko protagonista. Goizeko 11:30etan abiatuko dira Ergobiako plazatik, eta euria eginez gero, hitzordua 12:00etan izango da, Kontxa Etxeberria plazan. Antolatzaileek aditzera eman dute edonor atera daitekeela konpartsan, «epokako jantziekin apainduta badago». Erritmoa jartzeko, konpartsarekin batera ateratzen da danborrada, eta bertan parte hartzeko, izena eman behar da. Otsailaren 8an dago horretarako aukera, arratsaldeko 19:30etatik 20:30etara, Astigar elkarteko egoitzan.

Hilaren 23an, Izaskun Lópezek, 'Bullyn egoerak minimizatzeko ingurune seguruan nola sortu' izenpean, hitzaldia eskainiko du. Arratsaldeko 18:30etan emango zaio hasiera hitzaldiari, eta bertan balizko egoerak hautematetik, jazarpen egoerak edo bullyng kasuak identifikatzeko gakoak eskainiko dira. Moriarty eta Zuri taldeek, berriz, Batu Musikari zikloaren baitan, kontzertua eskainiko dute, otsailaren 24an. 

25ean, 'Kantu bat gara' emanaldia eskainiko da Erriberan, eta oholtza gainean izango dira: Jon Maia (ahotsa), Gorka Hermosa (eskusoinua), Pello Ramirez (biolontxeloa), Naxho Soto (teklatua) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa). Ez da kontzertu soila izango, Jon Maiak euskal kulturaren, historioaren eta identitateran ikuspegi partikular bat zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzen emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz. 

Hilari amaiera emateko, etxeko txikiek Batetik bestera haur antzerkia ikusteko tartea izango dute, hilaren 26an; eta 27rako, berriz, Carmen Martin Gaiteren Desde la ventana liburuaren solasaldia antolatu dute.

OTSAILEKO KULTUR AGENDA

ASTIGARRAGA

GAUR

10:00-12:30 'Nigan bizi diren emakumeak' hazkuntza saioa, Emakumeon etxean. 

11:00 Santa Ageda bezperako kalejira. Aiztondo abesbatza kalez kale ibiliko da Santa Agedako koplak abesten. 

BIHAR

16:30 Haurrentzat Rabbit academy pelikula, Erriberan.

19:00 Living pelikula, Erriberan. Funtzionario beterano baten bizi-pasarte bat lantzen du pelikula dramatikoak.

OTSAILAK 10

18:30 Piano kontzertua Erriberan, Astigarragako eta Hernaniko musika eskolen eskutik. 

OTSAILAK 11

17:30 Kaldereroen konpartsaren kalejira, Ergobiako plazatik Joseba Barandiaran plazara. Ondoren afaria izango da, eta txartelak salgai daude dagoeneko Zipotza elkartean. 

OTSAILAK 14

19:30 Karena liburuaren inguruko irakurketa kluba, Isabel Etxeeberriak zuzenduta, Erriberan. 

OTSAILAK 15

09:30 Defentsa pertsonalerako oinarrizko kontzeptuen ikastaroa, Manu Iglesiasen eskutik. AEK euskaltegian. Ikastaro dinamikoa izango da.

OTSAILAK 18 

12:30 Astigarragako KDP txarangaren kalejira. 

16:30 Haurrentzako jarduerak Kontxa Etxeberria plazan, Xauxarren eskutik. 

18:30-21:00 DJ Davilarem ikuskizuna, Erriberako atarian. 

OTSAILAK 19

11:30 Iñude eta Artzainen konpartsa Astigar dantza taldeak antolatuta, Ergobiako plazatik. Euria egiten badu, Kontxa Etxeberria plazatik abiatuko da. 

16:30 Lucius Dumben berebiziko bidaia haurrentzako euskerazko pelikula, Erriberan.

19:00 El despertar de María pelikula, Erriberan. Parisen garatzen da istorioa. Komedia erromantikoa.

OTSAILAK 23

18:30-20:00 'Bullyng egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu' hitzaldia, Erriberan. Izaskun López izango da hizlaria. 

OTSAILAK 24

19:00 'Batu musikari' zikloaren bigarren kontzertua, Moriarty eta Zuri taldeekin, Erriberan. 

OTSAILAK 25

20:00 'Kantu bat gara' ikuskizuna, Erriberan. Jon Maia, Gorka Hermosa, Pello Ramírez, Nacho Soto eta Nerea Quincocesen eskutik. 

OTSAILAK 26

17:00 Batetik bestera euskarazko haur antzerkia, Erriberan.

OTSAILAK 27

19:30 Desde la ventana liburuaren inguruko irakurketa kluba, Jorge Carrerok zuzenduta, Erriberan. 

 

Askotariko artistak ibiliko dira otsailean Hernanin, anonimoak eta popularrak

Inauteri kutsu haundia duen programazioa osatu dute Hernanin. Ohi bezala, ez dira faltako haur antzerkiak, ipuin kontalariak edota literatur solasaldiak. Agendako ekitaldi berezienetako bat Igor Elortzaren eta Rafa Ruedaren Anonyme Popular ikuskizuna izango da; hilaren 23an. 

Gaur emango zaio hasiera, Hernaniko otsaileko kultur agendari, eta ez edonola, egun osoan zehar makina bat jarduera baitaude. Zuhaitz Eguna ospatuz hasiko dute asteburua askok; bi zuhaitz mota landatuko dituzte, Ereñotzun, Larre Gainen ondoan dagoen landa eremuan. Landaketa amaitu ostean, hamaiketako baten bueltan bilduko dira parte hartzaileak, Ereñotzuko frontoian, eta itzulera 12:30ak aldera egingo dute. Zuhaitzetik, makiletara egingo dute salto zenbait herritarrek, eta oles egitera irtengo dira, Santa Ageda bezpera ospatzeko asmotan. Egunez egingo diren ekintzez gain, gauean, Hungariako kaldereroek hartuko dute lekukoa, eta Kaldereroen konpartsak gaua girotuko du, lapiko eta mailuen laguntzaz. 

Otsaileko kultur agendak, datorren astean izango du jarraipena, hilaren 8an, hain zuzen ere. Hernani 196-2021 liburuaren aurkezpenarekin. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Biterin. Hilaren 9an, berriz, Hitaz orhoit dantza emanaldia oholtza gainean ikusteko parada izango dute herritarrek, Kresala dantza taldearen eskutik. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta sarrerak 8 euro balio du. 

Otsailaren 12tik 21era bitartean, Astigarragaren moduan, Hernani ere kolorez beteko da, inauteriak ospatuz. Egitarau oparo eta dibertigarria prestatzen ari da Hernaniko Udala eta laister izango dute egitaraua herritarrek, haien etxeetan. Otsailaren 12an, Iñude eta artzainen konpartsa aterako da kaleetan barrena, Urumea ikastolaren eskutik, goizeko 11:45etan. 

Literaturan murgiltzeko tartea ere egongo da otsailean: lehenengoa, hilaren 14an, Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuari buruzkoa izango da; eta bigarrena, Miguel Delibesen Cinco horas con Mario liburuari buruzkoa. Biak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, liburutegian. Eta literaturaz gain, Lur Kortak, etxeko txikientzat ipuin kontaketa eskainiko du, otsailaren 22an, arratsaldeko 17:30etan. 

Hilaren 16rako, Nire haurraren hortzak hitzaldia antolatu du, Haziak elkarteak, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Biterin. Hitzaldiaz gain, Erditzea eta mugimendua tailerra ere emango du Haziak Elkarteak, otsailaren 24an, arratsaldeko 17:30etan, Biterin. 

Hitzaldiak eta tailerrak alde batera utzita, Igor Elortzak hartuko du testigua, hilaren 24an; Rafa Ruedarekin batera, Anonyme Popular emanaldia oholtzaratuko dute, arratsaldeko 19:30etan eta sarrerak 8 euro balio du. 

Engruna teatreren eskutik, etxeko txikiek, unibertsoa ezagutzeko tartea izango dute, Univers haur antzerkiarekin. Bi emanaldi eskainiko dituzte: 11:00etan aurrenekoa; eta 12:30etan bigarrena. 0 eta 2 urteko haurrentzat zuzendutako emanaldia da, eta sarrerak 3,5 euro balio du. 

Otsailari amaiera emateko, hileko azken egunean, Emakumeen euskal literatura mintegia eskainiko du Alaine Agirrek. Annie Ernauxen Pasio hutsa liburua izango dute hizpide, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, liburutegian. 

Gaztelekuak ere ekintza mordoa prestatu ditu otsailerako, besteak beste, karaokea, zinema, batukada eta harizko mandalak egiteko eskulan tailerra.


Emanaldietarako sarrerak, eskuragai

Emanaldietarako eta kontzertuetarako sarrerak eskuragai daude, eta ohi moduan, bi modutara erosi daitezke: Biteriko leihatilan; edota http://kultura.hernani.eus webgunean sartuta.

OTSAILEKO KULTUR AGENDA

HERNANI

GAUR

Zuhaitz eguna.

Santa Ageda abesbatzen irteera.

18:00 Karaokea Gaztelekuan.

21:00 Kalderero konpartsaren irteera, Elur Txori Elkarteak antolatuta. 

OTSAILAK 8

19:00 Hernani 1960-2021. Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak liburuaren aurkezpena, Biterin. 

OTSAILAK 9

19:30 Hitaz orhoit dantza ikuskizuna, Kresala dantza taldearen eskutik. Biterin izango da eta sarrerak 8 euro balioko ditu. 

OTSAILAK 11

Donostiako zinema batera joateko plana antolatu du Gaztelekuak.

OTSAILAK 12-21

Inauteriak.

OTSAILAK 12

11:45 Iñudeak eta Artzainak konpartsaren irteera, Urumea Ikastolak antolatuta. 

13:00 Hernaniko Musika Bandaren inauteri aurreko kontzertua, Udaletxeko arkupeetan. 

OTSAILAK 14

19:00 Dendaostekoak liburuaren literatur solasaldia, Ane Mayozen gidaritzapean. 

17:30 Maitasun propioaren eguna, Gaztelekuan.

OTSAILAK 15

18:30 Hernaniko Musika Eskola Publikoko saxofoi ikasleen entzunaldia, biterin. Henry Manciniren musika. 

19:00 Cinco horas con Mario liburuaren literatur solasaldia, Amaia Garciaren gidaritzapean.

OTSAILAK 16

17:30 Nere haurraren hortzak hitzaldia, Biterin. Haziak elkarteak antolatuta.

OTSAILAK 17

19:00 Batukada feminista Gaztelekutik abiatuta.

OTSAILAK 22

17:30 Ipuin kontaketa Lur Kortaren eskutik, Liburutegian. Gonbidapenak Liburutegian bertan eskuragarri. 

OTSAILAK 23

19:30 Igor Elortza eta Rafa Ruedaren Anonyme Popular ikuskizuna, Biterin. Sarrerak 8 euro balio du. 

OTSAILAK 24

17:30 'Erditzea eta mugimendua' tailerra, Biterin. Haziak elkarteak antolatuta. 

OTSAILAK 25

11:00 eta 12:30 Univers 0-2 urteko haurrentzako antzerkia, Biterin. 

OTSAILAK 26

17:00 Harizko mandalak eta eskulan tailerra egingo dute Gaztelekuan.

OTSAILAK 28

19:00 Emakumeen euskal literatura mintegia, Alaine Agirrek gidatuta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!