Bikotekakoaren finala gaur Zerainen, bailarako zortzi bolarik

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Ibon Miner, aurreko tiraldi batean. Igor lehengusuarekin ariko da finalean.

Zerainen izango dute tiraldia, goizeko 10:00etan hasita. Finalaurrekoa eta finala jokatuko dituzte.

Gaur jokatuko dute 2023ko aurreneko finala, bailarako bolariek. Bikotekako Txapelketaren tiraldi erabakigarria izango da Zerainen, goizeko 10:00etan hasita; eta bertan ariko dira Urumeako lau bikote: Ibon Miner eta Igor Miner (Aner Minerren ordez) ereñotzuarrak; Joxe Mari Etxebeste astigartarra eta Mikel Arroio hernaniarra; Rosa Santos astigartarra eta Fernando Gallego hernaniarra; eta Iñaki eta Leandro Miner ereñotzuarrak.

Gizonezkoen finalean ariko dira bailarako lau bikoteak, beste sei bikoterekin batera. Emakumezkoen finalean, berriz, lau bikote ariko dira. Goizetik eguerdira jokatuko dituzte biak.

Bi zati izango dituzte finalek. Aurrena, kanporaketa edo finalaurrekoa jokatuko dute; eta ondoren, sailkatutako bikoteek jokatuko dute final haundia: gizonezkoen kasuan lau bikotek, eta emakumezkoetan bi bikotek.

Goizeko 09:45etan egingo dute tiraldia egiteko ordenaren zozketa, gizonezkoen kasuan. 10:00etan hasiko dute finalaurrekoa, eta sei tiraldi egingo ditu bolari bakoitzak. Lau bikote onenek, 12:30etan jokatuko dute finala, bolari bakoitzak zortzi tiraldi eginda. Finalean birla gehien botatzen dituen bikotea izango da txapeldun.

Emakumezkoen kasuan, aldiz, 11:45etan izango da ordenaren zozketa, eta 12:00etan hasiko dute finalaurrekoa, bolari bakoitzak sei tiraldi eginda. Finala, berriz, 12:50etan jokatuko dute. Haien kasuan ere, zortzi bola botako ditu bolari bakoitzak.

Bi kasuetan, txapelak eta 100 euroko saria eskuratuko dituzte irabazleek; 80 euro bigarren bikoteak; 60 euro hirugarrenak; eta 40 euro laugarrenak.

Bolatoki ona da Zeraingoa, aspalditik finkatuta dagoena, eta tranparik gabekoa. Aitzakiarik ez dute izango bolariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!