Real Union liderraren bisita jasoko du Mundarrok, eta bolada onean jarraitzea da Hernaniko taldeen xedea

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Lehen itzulian 2-1 irabazi zion Real Unionek Mundarrori.

16:00etan hasiko da Mundarroren eta Real Unionen arteko partidua. Hernaniko neskek ere ordu berean hasiko dute Beti Gazteren aurkako partidua, eta mutilek bihar jokatuko dute, arratsaldeko 17:30etan, Lagun Onaken aurka. 

Partidu zaila jokatu beharko du, bigarren asteburuz jarraian, Mundarrok. Deusto bigarren sailkatuaren etxean jokatu zuen aurreko jardunaldian, eta Real Union liderraren bisita jasoko du gaur, arratsaldeko 16:00etan, Zarkumendegin. Azpiko postuetatik gertu jarraitzen dute moreek, eta puntuak pilatzeko premia daukate. Azken partiduetan joko maila ona erakutsi dute, baina kosta egiten zaie sortutako aukerak baliatzea. 

Arerio gogorra izango dute aurrean. Talde irundarrak urriaren 23ko asteburuan galdu zuen azken partidua, eta azken 8 jardunalditan 7 garaipen eta berdinketa 1 lortu ditu. Lehen itzulian 2-1 irabazi zuen Real Unionek. 

Ordu berean hasiko da, Zubipen, Hernaniko nesken eta Beti Gazteren arteko norgehiagoka. Bolada ederrean daude berdeak, eta goiko postuengatik borrokan jarraitu nahi dute. Hirugarren postuan dago Hernani, Mariñorengandik 2 puntu eskasera, eta Realarengandik 8 puntura. Aukera polita dute gaurkoa berdeek, lesakarrak une txarrean iritsiko baitira Hernanira; azken bost jardunalditan bost porrot jasota.  

Bihar izango da Hernaniko mutilen txanda

Lidergoa sendotzen jarraitu nahi du Hernanik, eta bihar izango dute hori lortzeko aukera. Lagun Onaken aurka jokatuko dute, Garmendipen, Azpeitian. Berdeek ez dute urte hasiera erraza izan, urtarrilean bi partidu galdu zituzten, baina azken jardunaldiko garaipenak bultzada eman dio taldeari. 

Lehen postua sendotzen hasiak dira dagoeneko: Añorgari, bigarren sailkatuari, 5 puntuko errenta ateratzen diote, eta 6 puntuko aldea Eibarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!