Zuhaitz Eguna ospatuko dute bihar, Kaldera Zaharretan haritzak eta pagoak landatuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 3a, 00:00
Denak elkarrekin joango dira oinez, Epeletik Kaldera Zaharretara.

Helduak oinez abiatuko dira goizeko 08:00etan, landaketa gunera iristeko; eta haurrek 09:00etan hartuko dute autobusa, Biterin, Epelera joateko.

48garrenez elkartuko dira hernaniarrak, bihar goizean, Zuhaitz Eguna ospatzeko. Ereñotzuko inguruetan egingo dute zuhaitz landaketa, oraingoan ere: Kaldera Zaharretan izango da. Ohi bezala, Joxe Legarreta zenaren omenez egingo dute Zuhaitz Eguna: 34garren edizioa da, ospakizunak haren izena hartu zuenetik.

Bertara iristeko, oinez zein autobusez egingo dute Epelerako bidea. Helduak goizeko 08:00etan abiatuko dira oinez, udaletxeko arkupeetan elkartuta. Horretarako, izena eman behar da Mendiriz Mendi elkartean, gaur iluntzeko 20:00etatik 21:00etara, edo mendirizmendi@gmail.com helbidera idatzita. Plazatik abiatuta, Akarregitik eta Martindegitik pasako dira, Añuarako bidea hartzeko; eta Polborineneatik iritsiko dira Epelera. Bertan egingo dute bat, autobusez joango direnekin.

Biteri ondoan hartuko dute autobusa haur eta gaztetxoek, goizeko 09:00etan, eta Epelera joango dira. Lehen Hezkuntzako 3garren eta 4garren mailako ikasleei zuzenduta dago ekintza, bereziki; eta guraso batek lagunduta joan beharko dute. Epelen oinezkoekin elkartu, eta elkarrekin abiatuko dira Zepadiko putzura bidean. Kaldera Zaharretako gunera iritsiko dira eta bertan egingo dute landaketa. Haritzak (Quercus rober) eta pagoak (Fagus Sylvatica) landatuko dituzte oraingoan, Hernaniko Udalak aurreratu duenez.

Ondoren, Larre Gainera joango dira oinez, eta Ereñotzura jaitsiko dira bertatik. Bertan, hamaiketakoa eskainiko diete partehartzaile guztiei, frontoian. Eta behin indarrak berrituta, San Antonio elizaren aurreko aldean hartuko dute autobusa, eguerdiko 12:30etan, Hernanira bueltatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!