Oinetako urratuekin baina eztarriak sano, oles egitera aterako dira bihar, bailara osoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 3a, 00:00
Berezia izan zen Santa Ageda bezpera iaz, Hernanin, Plazan elkartuta.

Santa Ageda bezpera ospatuko dute Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan. Aterik ate berrituko dituzte ohitura zaharrak.

Hitzordu seinalatuari hutsik egin gabe, Santa Ageda bezpera ospatuko dute bihar, Urumea bailarako herritarrek. Baserritar jantziekin eta makilak hartuta, oles egitera aterako dira Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan.

Kale buelta ugari izango dira Hernanin, hiru abesbatzak jarri baitute Santa Ageda bezpera ospatzeko hitzordua. Eguerdian, Kantuz abesbatza aterako da kalera, 12:00etan Plazatik abiatuta. Ondoren, 17:00etan jarri du zita Goiz Eguzki abesbatzak: zaharren egoitzara egingo dute bisita aurrena, eta Kaxkoan egingo dute kale buelta gero. Eta azkenik, 17:45etan elkartuko da Ohitura Zaharrak taldea, Milagrosan. Kantu, bertso eta txistu doinuz jantziko dute Kaxkoa, eta herritar guztiei luzatu diete bat egiteko gonbitea. Aurretik, azkeneko entsaioa egingo dute gaur, 19:30etan Biterin.

Arratsaldean aterako dira kantari Ereñotzun ere, Ur Mia elkarteak antolatuta. Elkartean bertan bilduko dira 15:00etan, ordu erdi beranduago abiatzeko; eta baserriz baserri eta kalez kale ibiliko dira, ilunabarrera arte. Gaur daukate azkeneko entsaioa haiek ere, 19:30etan Ur Mian.

Astigartarrek egingo dute kale buelta goiztiarrena, bailaran. Goizeko 11:00etan hasiko du kalejira Aiztondo abesbatzak, eta kalez kale ibiliko da bazkalordura arte, koplak abesten.

Eta Goizuetan, azkenik, arratsaldeko 18:30etan elkartuko dira herriko plazan. 12garrenez ospatuko dute Santa Ageda bezpera bertan, eta gonbitea luzatu diete herriko haur, gazte eta heldu guztiei, animatu eta parte hartzeko: «Gustuko baduzu, baserritarrez jantzi eta azaldu! Denon festa da», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!