Mikel Lasa azpitxapeldun, Gipuzkoako Trinkete Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Azpitxapeldun izan zen Mikel Lasa hernaniarra, beheran ezkerrean.

11-40 galdu zuen finala hernaniarrak, Eneko Sorondo donostiarrarekin, Azkoitia anaien kontra.

Ezin izan zuen txapelarekin borobildu Mikel Lasak, Gipuzkoako Trinkete Txapelketan osatutako ibilbide bikaina. Larunbatean jokatu zuen finala hernaniarrak, Irurako Ametsan, Alde Zaharrako Eneko Sorondorekin batera; eta 11-40 galdu zuten, Azkoitia anaien aurrean. Kontrarioak ziren faborito garbi, eta hasieratik bukaerara erakutsi zuten, partidu bikaina jokatuta. Ezer gutxi egin ahal izan zuten Lasak eta Sorondok, baina azkeneko tantora arte borrokatu zuten.

Edonola ere, ona izan da asteburuko balantzea, Hernaniko esku pelotarientzat. Udaberri Txapelketan ari diren sei bikoteek lortu zuten garaipena berriro, eta partidurik galdu gabe jarraitzen dute denek. Gainera, Gipuzkoako Errendimendu Txapelketan, garaipen garrantzitsuak lortu zituzten Hernandez-Azpeitia II alebinek eta Labaka-Zugasti infantilek.

Espainiako Txapelketan, dena airean Umore Onak

Umore Onako esku pelotariek, bere aldetik, Espainiako Kluben Arteko Txapelketako jardunaldia jokatu zuten larunbatean, Goizuetan. Lagunak taldea zuten kontrario, hurrengo fasera sailkatzeko aurkari nagusi izango dutena; eta argitu gabe geratu zen sailkapena. Izan ere, Iker Egigurenek garaipena lortu zuen buruz burukoan, De La Torreren kontra (10-7 eta 10-1). Baina galdu egin zuten Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak, Amianoren eta Taintaren kontra (5-10 eta 8-10). Hori horrela, bi taldeen arteko bueltako partiduetan jokatuko dute pasea, otsailaren 26an, Barañainen. Aurretik, Calceatenseren kontra jokatu beharko dute bi taldeek, baina ezustekorik ezean, garaipena lortuko dute biek.

Datorren asteburuan, atseden hartuko du Umore Onak, eta otsailaren 12an ariko da Goizuetan, Calceatenseren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!