Bi urteko etenaldia eta gero Zuhaitz Eguna bueltan da larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

48garren zuhaitz eguna, Joxe Legarretaren omenezko XXXIV. edizioa izango da eta Larre Gain ondoko Kaldera Zaharretan izango da.

COVIDaren eraginez azken bi urteetan ez zen Zuhaitz Egunik ospatu Hernanin, eta larunbatean berreskuratuko dute urteetako ohitura. Larunbatean ospatuko da 48garren Zuhaitz Eguna Hernanin. Aurtengoa, Joxe Legarretaren omenezko 34. edizioa izango da. Bereziki haurrei zuzendutako ekitaldia izaten da, baina helduek lagunduta joan behar dute, eta bertara joateko bi aukera daude: oinez, 08:00etan;  edo autobusez, 09:00etan.

Haritzak eta pagoa landatuko dira aurtengo Zuhaitz Egunean, Ereñotzun, eta horretarako aukeratutako landa eremua Larre Gainen ondoan dago. Kaldera Zaharretan egingo dira landaketak; «200 bat landatuko dira», Roxario Pikabea basozainaren esanetan. 

 

Oinez edo autobusez joan daiteke

Zuhaitz landaketa 3garren eta 4garren mailako ikasleei dago zuzendua. Zuhaitzak landatzera joateko, autobusa aterako da Elkano kaletik, Biteri ondotik, 09:00etan. Oinez ere joan ahal izango da 08:00etan Plazatik aterata. Parte hartzeko  943 33 27 45 telefonora deitu ostegunean edo mendirizmendi@gmail.com helbidera idatzi behar da. Akarregi, Martindegi, Añua eta Polborinenea da ibilbidea. Handik aurrera, bat egingo dute autobusean datozenekin, eta zuhaitzak landatuko diren guneraino joango dira elkarrekin. Autobusa Irubideraino joango da. Handik, oinez egingo dute ibilbidea Zepadiko putzura, eta segidan, Kaldera Zaharretara.

Buelta, Larre Gainetik barrena egingo dute, eta Ereñotzun hamaiketakoa eskainiko diete parte hartzaile guztiei, frontoian; Hernanira bueltatzeko autobusa Ereñotzutik aterako da 12:30ak inguruan. Haurrek  heldu batez lagunduta joan behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!