Garaipenarekin itxi du fasea Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Arrasaten irabazi zuen arren, maila mantentzeko lehiatuko dute txapelketako bigarren fasean. 

Zapore gozoarekin amaitu zuen Hernanik lehenengo fasea. Goiko postuetara iristeko aukerarik gabe jokatu zuten Mondragon Unibertsitatearen aurkako partidua, baina lehiakortasun haundia erakutsi zuen taldeak. Lehenengo zatian egindako lan onari esker lortu zuten garaipena, azken laurdenean sufritu bazuten ere. 51-53 amaitu zen norgehiagoka, eta zazpigarren postuan bukatu du itzulia Hernanik. 

Bigarren faseari ekingo diote orain. Bi multzoetako azken lau sailkatuek osatuko dute ligaxka, eta maila mantentzeko borrokan arituko da Hernani. Aurkari izango ditu AZ Casa de La Rioja, Elorri-Aldapa, Easo Basket, Zast Zarautz, Bosteko Irauli B, Artesanos Juantxo Eibar eta Easo Basket Capricho taldeak. Hortzak estutzen jarraitu beharko dute hernaniarrek bigarren itzuli txukuna osatzeko. 

Asteburu honetan itzuliko da lehiatzera Mundarro

Atseden hartzeko aukera izan dute Mundarroko jokalariek pasa den asteburuan, eta honetan ekingo diote berriro lehiari. Egoera zailean dago Astigarragako taldea, sailkapeneko azken postuan eta oso bolada txarrean. Azken bost jardunaldiak galdu dituzte moreek, eta egoerari buelta emateko premia daukate. 

Asteburu honetan bisita zail bat jasoko dute Astigarragan; Take Orbela taldea izango da aurkaria. Hirugarren postuan dago taldea, oso sendo hasi zuten denboraldia, baina bolada txarrean hasi dute urtea. Azken jardunaldian irabaztea lortu zuten aspaldiko partez, 65-61 Loyola 21 Hoops taldearen kontra.

Hamalau jardunalditan hiru garaipen eta hamaika porrot jaso ditu Mundarrok. Partidu batzuk irabazteko premia dauka denboraldi amaierara maila mantentzeko aukerekin iritsi nahi badute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!