Bailarako lau bikote sailkatu dira finalera

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Kanporaketa fasea lider bukatu dute Aner eta Ibon Minerrek. Datorren larunbatean izango da finala, Zerainen.

Bukatu dute kanporaketa fasea, Gipuzkoako Bikotekako Txapelketan; eta primerakoa izan da balantzea, Urumea bailarako bolarientzat. Igandean Usurbilgo tiraldia jokatu ondoren, bailarako lau bikote sailkatu dira finalera. 

Kanporaketa lider bukatu dute Aner eta Ibon Miner ereñotzuarrek, 259 brilarekin; hirugarren izan dira Joxe Mari Etxebeste astigartarra eta Mikel Arroio hernaniarra, 257rekin; zortzigarren sailkatu dira Rosa Santos astigartarra eta Fernando Gallego hernaniarra, 237rekin; eta bederatzigarren postura igota lortu dute pasea Leandro eta Iñaki Minerrek, 236 brilarekin. Izan ere, 10 bikote onenak sailkatu dira finalera. Aldiz, kanpoan geratu da Migel Arrozpide hernaniarra, Benito Loitegi urnietarrarekin batera, 11garren postura jaitsi baitira azkeneko jardunaldian, 232 brilarekin. Eta 19garren postuan bukatu dute Patxi Loreak eta Fermin Zuloaga hernaniarrek, 204 brilarekin. Etxebeste eta Arroio izan ziren denetan onenak Usurbilen, bien artean 97 brila botata.

Emakumezkoen txapelketan, bestalde, ezin izan du finalera sailkatu Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak, Nekane Etxeberria andoaindarrarekin batera, bosgarren postura jaitsi baitira azkeneko jardunaldian (lau bikote sailkatu dira finalera).

Datorren larunbatean jokatuko da finala, Zerainen. Hutsetik abiatuko dira finalista guztiak, eta kanporaketak eta finalak jokatuko dituzte.

Toka tiraldia ere izan zen Usurbilen, igandean; eta Leandro Miner izan zen bailarako onena, 12garren, sei bider jota txapa. Bost jo zituzten Ibon Minerrek, Joxe Mari Etxebestek eta Martxeli Kanflankak, eta lau Iñaki Minerrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!