Lankidetza hitzarmena sinatu dute Topaguneak eta Eusko Ikaskuntzak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 30a, 00:00
Ana Urkiza eta Kike Amonarriz lehendakariak, hitzarmena sinatzen.

Bi erakundeek erabaki dute harremana estutzea datozen lau urteetan, bientzako interesa duten proiektuen inguruan.

«Euskeraren eta ezagutzaren aldeko sinergiak sortzeko», aliantza egin dute Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Ikaskuntzak. Hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, lankidetzan aritzeko konpromisoa hartuta. Izan ere, erabaki dute datozen lau urteetan «harremana estutzea», bi erakundeentzat «interesa duten proiektuen inguruan». Asteartean sinatu zuten hitzarmena, Andoainen, bi erakundeetako lehendakariek: Topaguneko Kike Amonarrizek, eta Eusko Ikaskuntzako Ana Urkizak.

2020 urtetik, Nafarroako bi proiektutan ari dira lankidetzan: Nafarroako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikorako proiektua, Eusko Ikaskuntzak bideratutakoa; eta Euskararen Aldekotasuna Handitzeko Gakoak Nafarroan, Euskaltzaleen Topagunearena. Esperientzia horien «balorazio positibotik» abiatuta, harreman «kualifikatuen» esparrua finkatzen du hitzarmen berriak, erakunde bakoitzak dituen helburuak «zehaztasunez eta kalitatez» lortzen laguntzeko.

Hitzarmenaren arabera, bi erakundeetako kideekin «jarraipen batzorde» bat osatuko dute, eta une bakoitzean zehazten dituen jardueretan lagunduko du, «proiektuetan zuzenean inplikatuz edo lan eta ikerketa arloetan ezagutza trukatuz». Hori horrela, Topaguneak parte hartuko du 2024an Eusko Ikaskuntzak egingo dituen biltzarretan; eta era berean, Eusko Ikaskuntzak bermatu du Topaguneak euskeraren erabileran jauzi bat egiteko sustatuko duen Aldaketaren Teoriaren prozesua babestuko duela.

1918an sortu zen Eusko Ikaskuntza, eta «euskal gizartearen beharrei erantzun global eta integratzaileak ematen» egiten du lan. Euskaltzaleen Topagunea, berriz, 1997tik ari da tokiko sozializazio eta komunikazio eremuetan euskeraren erabilera sustatzen. Topaguneko bazkide da Dobera Euskara Elkartea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!