Odola emateko aukera izango da gaur Ereñotzun, aurrez hitzordua hartuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 30a, 00:00
Odola emateko aukera izango da Ereñotzun, berriro ere.

Arratsaldean izango dira esktrakzioak, Auzo Udaleko aretoan, 17:00etatik 20:30etara. Goizean deitu behar da telefonoz: 943 00 78 85.

Itxaronaldi luzearen ondoren, berriro ere izango da odola emateko aukera, Ereñotzun. Gaur egingo dituzte estrakzioak, arratsaldeko 17:00etatik 20:30etara, Auzo Udaleko aretoan.

Odola eman nahi duenak, hori bai, aldez aurretik eskatu beharko du hitzordua. Horretarako, gaur goizean zehar deitu behar da telefonoz, 943 00 78 85 zenbakira. Auzotar guztiei luzatu diete «biziari lagundu» eta odola emateko deia, Ereñotzuko Odol Emaileek.

Azkeneko estrakzioak, 2022ko maiatzean

Ia bederatzi hilabete joan dira, Ereñotzun odola emateko aukera izan zen azkeneko alditik. Joan den urteko maiatzaren 9an izan zen, udaberriko hitzorduan, udazkenean ez baitzuten ohiko estrakziorik egin. Izan ere, horretarako eguna adosteko zailtasunak izan zituzten Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak eta Ereñotzuko Auzo Udalak.

Hilabete hauetan, Hernanin izan dute odola emateko aukera auzotarrek, hileko aurreneko astearteetan; eta baita Donostian ere, noiznahi, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak bertan daukan delegazioan (Manuel Le­kuona kalea, 3).

Hernanin, hain justu, hurrengo asteartean izango da odola emateko aukera, otsailaren 7an. Aurrekoetan bezala, anbulategian izango dira estrakzioak, arratsalde osoan zehar, 17:00etatik 20:40etara bitartean. Bertan odola emateko, Ereñotzun bezala, aldez aurretik eskatu beharko da hitzordua, astearte goizean zehar telefonoz deituta: 943 00 78 85.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!