Aloña Mendiren bisita jasoko dute gaur Hernaniko mutilek, eta bihar jokatuko dute neskek eta Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00
Aloña Mendiren bisita jasoko du Hernanik.

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua, Zubipen. Berdeek garaipena lortu nahi dute, bi porrot segidan jaso ondoren. Neskak bolada onari eusten saiatuko dira Urnietaren aurka, eta Mundarrok Deustoren aurka jokatuko du. 

Etxera bueltan dira Ohorezko Erregional mailako mutilak. Aloña Mendiren bisita jasoko du gaur Hernanin, arratsaldeko 16:00etan. Urte hasiera ez da nahi bezain ona izaten ari, hiru partidu jokatu eta bi galdu dituzte berdeek; horregatik, oso garrantzitsuak izango dira gaur jokoan dauden puntuak. Sailkapenaren behealdean daude oñatiarrak, eta urte honetako hiru partiduetan ez dute garaipenik eskuratu. 

Hernanik lehenengo postuan hasiko du ligako bigarren itzulia, 36 punturekin. Hala ere, puntuak pilatzen jarraitzeko beharra daukate, oso gertu baitituzte hurrengo sailkatuak: Añorgak 33 puntu ditu, Eibarrek 32 eta Oiartzunek 31. 

Txanponaren beste aldean daude, emaitzei dagokienez, Ohorezko Erregional mailako neskak. Etxean jokatu dituzte azken bi jardunaldiak, eta bietan lortu dute irabaztea. Bihar etxetik kanpo jokatzea tokatzen zaie, Urnietaren aurka. Sailkapena ixten duen taldea da Urnieta, 7 punturekin; garaipen bakarra lortu dute orain arte. Hernanik, aldiz, goiko postuetan mantentzeko aukera dauka.

 

Irteera zaila, Mundarrok

Joan den asteburuko garaipenari jarraipena eman nahi dio Mundarrok. Irteera zaila dauka jardunaldi honetan, Deustoren kontra jokatuko du, bihar, eguerdiko 12:00etan. Sailkapeneko bigarren postuan dago talde donostiarra, eta bereziki sendo aritu dira etxean orain arte; ez dute Zubietan jokatutako partidurik galdu. Mundarroren helburua, aldiz, azpiko postuetatik aldentzen jarraitzea da, lasaitasunaren bila. Garaipen batek sailkapenaren erdialdean kokatuko luke taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!