Bihar eta etzi jokatuko dira Hernaniko aurreneko kanporaketak, Euskal Herriko Mus Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 25a, 00:00
Urtarrilaren 14an jokatu zuten Ereñotzuko kanporaketa, Irrintzi tabernan.

Hainbat kanporaketa jokatuko dira Hernanin, otsailaren 26ra arte. Ekosen izango da aurrenekoa bihar, eta Zintzarrin bigarrena etzi.

Martxan da Euskal Herriko Mus Txapelketa, 14garrenez; eta Urumea bailaran ere piztu ditu motorrak. Dagoeneko jokatu da Ereñotzuko kanporaketa, eta bihar bertan hasiko dira Hernanikoak. Bertan, hainbat kanporaketa izango dira, otsailaren 26ra bitarte, herriko taberna desberdinetan; eta bihar eta etzi jokatuko dituzte aurreneko biak. Ekosen izango da estreinakoa, bihar bertan, gaueko 22:00etan hasita; eta Zintzarrin bigarrena, etzi, 22:00etatik aurrera.

Gainerako kanporaketen datak datozen egunetan zehaztuko dituzte, eta onenak sailkatuko dira Gipuzkoako kanporaketara, martxoaren 11n jokatuko dena. Hernaniko zenbat bikote sailkatuko diren, partehartzearen araberakoa izango da: lau bikote baino gehiago arituz gero, bikote bat sailkatuko da; 10 bikotetik gora izatekotan, bi bikote; eta 18 bikoteren langa gaindituz gero, hiru bikote hernaniar ariko dira Gipuzkoakoan.

Goizuetako kanporaketa, otsailaren 11n Umore Onan

Goizuetan ere zehaztu dute dagoeneko, Euskal Herriko Mus Txapelketaren kanporaketaren eguna. Otsailaren 11n jokatuko dute, larunbatarekin, Umore Ona elkartean. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dituzte partidak, eta bikote onenak sailkatuko dira Nafarroako kanporaketara. Martxoaren 11n jokatuko da hori ere.

Euskal Herriko finala, berriz, martxoaren 25ean jokatuko dute Zornotzan, Bizkaian. Bertan arituko dira herrialde bakoitzeko kanporaketatik sailkatutako bikoteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!