Olaberriako saioa irabazi eta lider, Ibon eta Aner Miner

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00
Aner Miner ereñotzuarra, 'etxeko' bolatokian.

Ereñotzuarrak izan ziren onenak, Bikotekako Txapelketaren bigarren tiraldian, 87 brilarekin. Horrekin, aurreneko postuan daude orain.

Olaberrian jokatu zuten, igandean, Gipuzkoako Bikotekako Txapelketaren bigarren tiraldia. Eta aurrenekoan Ereñotzun fin ibili baziren, maila aparta eman zuten Ibon eta Aner Miner aita-seme ereñotzuarrek, Olaberrian: 87 brila bota zituzten bien artean, eta saioa irabazi zuten. 

Horrela, gainera, txapelketaren lidertza eskuratu dute: 173 brilarekin daude aurreneko postuan, eta atzetik dauzkate Pedro Agirre eta Jon Orikain bigarren (166 brila), eta Xabi Lasa eta Josu Lasa hirugarren (164).

Maila ederrean aritu ziren bailarako beste zenbait bikote ere. Bigarren izan ziren Rosa Santos astigartarra eta Fernando Gallego hernaniarra, 85 brilarekin; eta sailkapenaren zortzigarren postura igo dira, 159 brila dituztela. Haien aurretik daude, brila bat gehiagorekin (160), Joxe Mari Etxebeste astigartarra eta Mikel Arroio hernaniarra: 83 brila bota zituzten Olaberrian, eta gora egin dute haiek ere. Eta bikain moldatu zen Migel Arrozpide hernaniarra ere, Benito Loitegi urnietarrarekin batera, bigarren tiraldian: 84 brila lortu zituzten, eta bederatzigarren postura igo dira, 153rekin.

Emakumezkoen txapelketari dagokionez, berriz, laugarren postura jaitsi da Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, Nekane Etxeberria andoaindarrarekin batera. Bien artean 55 brila bota zituzten Olaberrian, Ereñotzun bezainbeste; eta 110 brilarekin daude sailkapen nagusian, aurreko astean baino postu bat beherago, baina Garbiñe Alustiza eta Miren Makatzaga liderrak oraindik ere oso gertu dituztela, 120 brilarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!