Lasak Gipuzkoako finala jokatuko du

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00
Barandiaran pelota astintzen Txomiñenen.

Barandiaranek eta Ekain Lizeagak garaipen ona lortu zuten frontoi luzean, Euskal Herriko txapelketan.

C.D. Hernaniko eta Mundarroko pelotarien asteburua ona izan zen une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. Garaipen gehiago izan dira porrotak baino eta batzuk benetan izan dira garrantzitsuak.

Emaitzarik onena Mikel Lasa seniorrak lortu zuen Gipuzkoako Trinkete Txapelketan. Eneko Sorondok (Alde Zaharra) lagunduta bigarren mailako finalerdia irabazi zioten, 40-18,
Iraola eta Aranbururi (Behar Zana). Hurrengo asteburuan jokatuko dute finala Azkoitiako Azkoitia anaien kontra.

Frontoi luzean, 22 urtez azpiko mailan, garaipen garrantzitsua izan zen Xabier Apaolazak eta Unai Etxarrik lortutakoa. 22 eta 1 irabazi zuten Atarrabian
Ibarra eta Primen (Paz Ziganda) aurka txapelketako bigarren jardunaldian eta finalerdietara sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute.

Mundarroko Barandiaran eta Ekain Lizeagak ere garaipen ona lortu zuten 22-8 Laudioren aurka. Txapela lortzeko lehian buru belarri daude sartuta astigartarrak.

Errendimenduko pelotarien emaitzak ere azpimarratu behar dira. Nahiz eta Hernanin lehiatzen hasteko arazoak dituzten, klubeko kimu eta haurrak txapelketari neurria hartzen ari dira eta sei partidu irabazi zituzten, bakarra galduz.
Ekhi Galdos eta Aner Barrenetxea alebinak eta Ekhi Oses, Imanol Ormazabal eta Oier Arsuaga haurrak (hirurak ari dira jokatzen) galdu gabe jarraitzen dute txapelketan. Pilotari goizuetarrek ere denetariko emaitzak izan dituzte. Bost garaipen eta bost porrot jasan dituzte. Horietako batzuk herriko pilotarien artekoak izan dira. 

Salaberriak berriz ere irabazi

Profesional mailan Iker Salaberriak beste garaipen bat lortu zuen ostiralean, Etxebarriarekin batera. Zortzian utzi zituzten Egiguren eta Erostarbe, Urdulizen. Bederatzitik bederatzi garaipen lortu dituzte. Bestetik Dario eta Bikuñak galdu egin zuten 8-22, Zabala eta Gaskueren aurka. Dariok ordezkatu zuen Hodei Exposito astigartarra jardunaldi honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!