Mundarrok eta Hernanik ezin izan dute garaipenik lortu asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00
Sailkapeneko azken postuan jarraitzen du Mundarrok.

Bailarako bi talde nagusiek galdu zuten, etxean jokatuta; Mundarrok 42-53, eta Hernanik 67-72.

Asteburu kaxkarra izan da bailarako saskibaloi taldeentzat. Senior 1go mailan burua altxa ezinik jarraitzen du Mundarrok. Donosti Dolphinsen bisita jaso zuten, eta 42-53 amaitu zen partidua. Hasieratik okertu ziren gauzak, eta atsedenaldi luzerako 9 puntukoa zen aldea (22-31). Bigarren zatian laurden bana eraman zuen talde bakoitzak, moreek laugarrenean estutu zuten partzial onarekin (12-7), baina ez zen zuloa ixteko adinako errenta izan. 

Azkeneko postuan daude astigartarrak, sailkapena ixten. Jokatutako 14 jardunalditan 3 garaipen soilik lortu dituzte, eta taldearen bolada oso txarra da; zehazki, azaroaren amaieran lortu zuen azken garaipena talde moreak, Aloña Mendiren aurka, eta ordutik bost porrot jaso ditu jarraian. Asteburu honetan atsedenaldia egokitu zaie, eta bi asteko tartea izango dute hurrengo partidua prestatzeko. Otsailaren 5eko asteburuan Take Orbela taldea jasoko dute, Astigarragan.

 

Azken laurdenean egin zion ihes garaipenak Hernaniri

Senior 2. mailan aukera polita galdu zuen Hernanik. DKSren bisita jaso zuten, eta ezin izan zuten irabazi; 67-72 amaitu zen norgehiagoka. Inspirazioarekin hasi zuten partidua hernaniarrek, lehen laurden txukuna osatuta (26-19), eta 6 puntuko aldearekin joan ziren atsedenaldi luzera (40-34). Bigarren zatian estutu egin zen lehia, oso paretsu ibili ziren bi taldeak, eta berdinketarekin amaitu zen hirugarren laurdena (14-14). Azken laurdenaren hasieran 54-48 zegoen markagailua, dena alde zuten hernaniarrek, baina azken minutuetan ihes egin zien garaipenak.

Faseko azken partidua jokatuko dute asteburu honetan, Mondragon Unibertsitatearen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!