Paperaren krisiak gogor kolpatu du prentsa idatzia, eta bete-betean eragin dio Kronikari

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

2021etik 2022ra bikoiztu egin da DIN A3ko paperaren kostua, eta 2023rako ere prezioak gora egitea espero da. Errotatibak ere krisi betean dira, paperaren igoera dela eta.

Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) %5,4koa izan da 2022an, Euskal Autonomia Erkidegoan; eta %5,7koa Estatuan. Urte ekonomikoaren islada da hori, eta 2021eko erdialdetik zetorren prezioen garestitzearen tendentzia areagotu egin da. Hori horrela, papera ere asko garestitu da azken urte t'erdian. Eragin zuzena izan du papereko prentsan, baita Kronikan ere. Kronikak DIN A3 batean argitaratzen du papereko egunkaria astelehen, asteazken, ostegun, ostiral eta igandetan. Ale hauek, Kronikan bertan inprimatzen dira. Astearte eta larunbatetan, zortzi eta hamasei orrialdeko aleak argitaratzen ditu, hurrenez hurren; eta ale horiek errotatiba batean inprimatzen ditu.

Paletaren kostua bikoiztu egin da: 732 eurotik 1.440 eurora

DIN A3 papera Hernaniko Zikuñagako Papeleratik erosten du Kronikak zuzenean, bitartekaririk gabe; eta hala ere, urte betean bikoiztu egin zaio kostua. Gutxi gorabehera, hilean palet bat paper erosten du Kronikak: 2021eko irailean, 732 euroan erosten zuen paleta, eta 2022ko irailaz geroztik 1.440 eurokoa da paletaren prezioa.

Baina DIN A3ak bakarrik ez, prentsa-paperak ere gora egin du. Reach argitaletxe erraldoiak, uztailean argitaratu zituen seihilekoko emaitzak, eta bertan jakinarazi zuen prentsa-paperak %65eko igoera izan zuela.

El Jueves aldizkari satiriko historikoak ere jakinarazi du, astekari izatetik hilabetekari izatera pasako dela, paperaren kostuaren igoeragatik. Aldizkari honek 45 urte daramazki asteazkenero argitaratzen, eta datorren otsailaren 1ekoa, lehenengo asteazkena izango da ordutik, Estatu osoko kioskoetan egongo ez dena.

Arrazoi nagusia, argiaren eta gasaren prezio igoera 

Paperaren industria da energia gehien kontsumitzen duen industrietako bat, eta horregatik, argiaren eta gasaren prezioek izan duten igoera da paperaren garestitzearen arrazoi nagusia. Fabrika askok bere energia propioa sortzen dute, eta gasaren prezio igoerak, sorkuntza horren garestitzea ekarri du. Fabrika asko dira geldialdiak egin behar izan dituztenak, ordutegi jakin batzuetan garestiagoa zelako energia sortzea, ondorengo paperaren salmenta prezioa bera baino.

Arrazoi nagusia hori bada ere, beste faktore askok eragin dute paperaren prezioaren igoeran. Horietako bat da, e-commercearen gorakada, eta horrek duen eragina paketeriaren industrian. Prentsa-papera ez bezala, paketeriaren sektorea gora doan sektorea da, eta hainbat ikerketak diote, datozen 15 urteetan %10-15 igoko dela urtero. Covid-19ak etxez etxeko entregen kopurua asko haunditu zuen, eta, horiekin batera, beharrezko paper-bilgarri kopurua ere bai. Hori horrela, prentsa-papera sortzen zuten hainbat fabrika moldatu, eta kartoia egiten hasi dira. Kasu horietako bi dira Holmen Paper (Fuenlabrada) eta Papresa (Errenteria). 2017an, Holmen Paperek, prentsa-papera ekoizteko makinak kartoia fabrikatzeko makina bihurtu zituen, eta prentsa-paperaren fabrikatzaile gisa zuen jarduera itxi zuen. Papresak ere, duela lau urte, zeuzkan hiru makinak erabiltzen zituen esklusiboki prentsa-papera egiteko; baina Quantum inbertsio-funtsak erosi zuen enpresa, eta gaur egun, hirutik bi makina erabiltzen ditu kartoia egiteko.

Ukrainako gatazkak ere larriagotu egin du prentsa-paperaren gaia. Wood Resources Internationalen txosten baten arabera, 2021ean munduko egur merkataritzaren %25 osatzen zuten Errusiak, Bielorrusiak eta Ukrainak. Ordutik, Errusiari jarritako zigorrek nabarmen murriztu dituzte Errusiak egiten dituen egur esportazioak, eta Ukrainako ekoizpena, berriz, nabarmen jaitsi da.

Beste zailtasun bat izan da, garraio gastuen igoerak sortu duena. Europa iparraldeko fabrikek nahiago izan dute sortzen duten papera ondoko herrialdeetara eraman, gastu horiek murrizteko. Itsas garraioari dagokionez, egunkarietan erabiltzen den mami birziklatuaren zati haundi bat Txinatik dator, eta horrek esan nahi du pandemia hasi zenetik eskari haundiko bihurtu diren itsasontzietan bidaiatzea ziurtatu behar dutela. Azkenik, Europan eta mundu mailan itxi diren paper fabrikek ere eragina izan dute lehengaien exkaxian.

Etorkizuna, zalantzan

Datozen hilabeteetako etorkizuna airean dago. Prentsa-papera ekoizteko lantegi gehiago itxiko direla aurreikusten da, eta bestelako arazoentzako irtenbide baten bila, sektoreak ez du argi noiz egonkortuko diren prezioak. Oraingoz, hainbat hedabidek krisia gainditzeko aukera ezberdinak dituzte esku artean, hala nola paperaren kalitatea murriztea edo lodiera eta testura sakrifikatzea. Beste aukera bat izan daiteke tirada eta orrialde kopurua murriztea. Ordainpeko prentsaren kasuan, baita egunkariaren salmenta prezioa igotzea ere. Doako papereko prentsak, aldiz, ezin du azkeneko aukera hau baliatu zuzenean, eta etorkizunari eusteko, poltsiko bete estrategia edukitzea ezinbestekoa izango zaio, paperak bizi duen krisiari aurre egingo badio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!