Hodei Lujanbiok garaipena Oiartzunen, urtea bikain hasteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 00:00

Rafa Larretxea hernaniarra, Hodei Lujanbio goizuetarrari txapela janzten.

Elkartasun Lasterketa irabazi zuen, aurreko igandean. Euskadiko Kros Txapelketan ere, emaitza onak atleta hernaniarrek.

Asfaltoan zein lokatzetan, zenbait hitzordu izan zituzten aurreko asteburuan, bailarako korrikalariek; eta baita emaitza onak lortu ere. Hodei Lujanbio goizuetarrak, esaterako, bi besoak altxatu zituen Oiartzunen, igandean, Elkartasun Lasterketa irabazita. 7 kilometroko proba da, asfaltokoa; eta 22:59 denboran osatu zuen Lujanbiok, Victor Madejon irundarra (23:08) eta Sergio Ramirez lasartearra (23:10) menderatzeko, euripean.

Aurtengoan, aurrenekoz, Joanes Etxera izena hartu du lasterketak, Joanes Larretxea preso hernaniarraren etxeratzea eskatzeko. Hain juxtu, Rafa Larretxea aitak jarri zion txapela Hodei Lujanbiori. Lasterketan hartu zuten parte lau hernaniarrek ere: Eneko Elosegik (36:38), Leire Juanesek (36:39), Xabat Casadok (37:34) eta Aritz Ezeizak (37:35).

Bestalde, Euskadiko Kros Txapelketa jokatu zen igandean, Ortuellan (Bizkaia); eta bertan izan ziren Hernaniko lau atleta. 16 urtez azpikoetan, bosgarren postua lortu zuen Lur Oconek, 14:07 denborarekin, Ander Camacho irabazleak baino 23 segundu gehiago; eta 13garren izan zen Ekhi Miner (14:47). 18 urtez azpikoetan, berriz, 10garren sailkatu zen Oier Arruti, 21:05 denbora eginda, Ander Aramendi irabazleak baino 1:38 gehiago. Eta azkenik, maila absolutuan aritu zen Gaizka Izagirre gaztea: 27garren postua lortu zuen, 34:34 denborarekin, 166 partehartzaileren artean. Ahmed Ouslimane irabazleak 32:02 egin zuen.

Pista estaliko Euskadiko Txapelketa, asteburu honetan

Asteburu honetan, berriz, pista estalian izango dute hitzordu nagusia atletek. Izan ere, maila absolutuko Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute gaur eta bihar, Donostian, Anoetako belodromoan. Bertan ariko dira Mikel Campos (60 metro eta 200 metro) eta Peru Arregi (800 metro) hernaniarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!