Txotx denboraldia

Inflazioak eragina, sagardogintzan: %25eko igoera botilaren prezioan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Sagardo botilaren prezioa igo behar izan dute, produkzioaren kostuei aurre egiteko.

Sagardoaren sektoreak %25 igoko du prezioa batazbeste, hainbat gasturen igoera dela eta: beira, kartoia, energia eta gasoila, nagusiki. Gainera, fiantza eskatzen hasi dira zenbait sagardotegitan, erreserben galerak saihesteko.

Arlo eta sektore guztietan izan du eragina inflazio ekonomikoak, gehiago edo gutxiago; eta sagarraren eta sagardoaren sektorea ere ez da eragin horretatik aparte geratu. «Sagardoaren produkzio kostuetan zuzenean eragin dute, nagusiki, beiraren, kartoiaren, energiaren eta gasoilaren prezioen igoerak», nabarmendu dute.

Eta kostuen garestitze hori, ezinbestean, produktuaren prezio igoeran islatu behar izan dute. Hori horrela, %25 inguruko igoera izango du sagardo botilaren prezioak 2023an, batazbeste. «Sektore gehienetan gertatu den bezala, prezioak eguneratu beharra dauka sagardo sektoreak ere, egungo egoerari aurre egin ahal izateko», nabarmendu dute Euskal Sagardoaren ordezkariek.

Sagardo guztien prezioa ez da izango berbera, eta era berean, sagardo bera toki batean edo bestean erosi, izango du aldea. Euskal Sagardoak, esaterako, bere webgunean (sagardoa.eus) eskainiko du aukera, Jatorri Deiturako sagardoen zein Premium izendatutakoen eskaintza zabala online erosteko, eta baita txapel gorrikoak edo urrezkoak ez diren beste hainbat ere. Orain arte, 2,80 eta 3,60 euro bitartekoa izan da prezioa Euskal Sagardoaren kasuan, sagardotegiaren arabera; eta 3,60 eta 4,40 euro bitartekoa, Premium sagardoetan. Prezio horiek eguneratu egingo dituzte, egoera berrira egokitzeko.

 

5 euroko fiantza, zenbait sagardotegitan

Prezioen igoerarena ez da izan sektoreko nobedade bakarra, azkenaldian, alde ekonomikoari dagokionez. Izan ere, fiantza eskatzen hasi dira zenbait sagardotegi, erreserben galerak saihesteko. Nabarmendu dutenez, ohikoak ez izan arren badira, txotx denboraldian, sagardotegian bazkaltzeko edo afaltzeko erreserba egin eta gerora agertzen ez diren taldeak; kasu gehienetan, abixatu ere egin gabe. Eta horrek galerak ekartzen dizkie sagardotegiei: bete zezaketen toki hori hutsik geratu zaielako, batetik; eta bestetik, dagoeneko gastu bat egina izaten dutelako, langileak kontratatuz eta elikagaiak erosiz eta prestatuz. Konpromiso eta seriotasun minimo bat da lortu nahi dutena fiantzarekin, eta 5 eurokoa izango da pertsonako. Erreserba betetzen duenak, 5 euro gutxiago ordaindu beharko ditu egunean bertan; baina bertaratzen ez denak, ez du diru hori berreskuratuko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!