Martxan da, Alorrenea sagardotegian aurreneko kupela ireki zutenetik, aurtengo txotx denboraldia. Milaka eta milaka izango dira, hemengo eta hango, bertako zein kanpoko, sagardotegiko menuaz eta txotx egitearen berezitasunaz gozatuko dutenak, datozen hiruzpalau hilabeteetan. Horretarako aukera, ezin zabalagoa da Urumea bailaran; inon baino zabalagoa, Astigarragan eta Hernanin.
Txotxak bereganatuko du protagonismoaren zatirik haundiena, baina ez da izango sagarrarekin eta sagardoarekin lotutako plan bakarra. Sagardotegi denboraldian zein urteko gainerako hilabeteetan, aukera zabala eskaintzen du Sagardoaren Lurraldeak, eta urte osoan dago lepo beteta agenda.
Hainbat plan aukeran, sagardoa, gastronomia, turismoa eta historia uztartuz
Plan ugari proposatu ohi ditu Sagardoaren Lurraldeak, urtero, familian, bikotearekin edota lagunekin gozatzeko. Plan horietan, uztartzen dira sagardoaren kultura, gastronomia, turismoa eta historia, besteak beste.
Horien artean dago Sagardoetxea museoa bisitatu, dastaketa egin, eta sagardotegi batean bazkaldu edo afaltzeko aukera. Plan hori bera itsasoratzeko aukera ere ematen dute, Aquariumera edo Albaolara bisita eginez, eta itsasontzian ibilbidea ere bai. Beste museo bat ere badago planen artean, Chillida Lekura zein Sagardoetxeara bisita, dastaketa eta otordua proposatuz.
Bisitak alde batera utzi gabe, baina museoetatik aterata, bada beste plan bat ere, historiari lotutakoa: Astigarragan bisita gidatua, eta sagardo dastaketa Sagardoetxean. Gastronomian gehiago sakondu nahi duenak, berriz, gazta eta sagardoa uztartzen dituen plana aukeratu dezake: gaztandegi batera eta Sagardoetxeara bisita, eta otordua sagardotegian.
Eta azkenik, ariketa pixka bat egin nahi dutenentzat, izen bitxia duten bi plan aukeran: Sagarbike eta Sagartrekking. Aurrenekoarekin, bizikletan ibilaldia egingo dute Donostiatik Astigarragara, eta Sagardoetxean bisita eta sagardo zein pintxo dastaketa. Bigarrenak, berriz, Santiomendiko Sagardo Bidea egitea proposatzen du, eta sagardo dastaketarekin borobiltzea.
Plan guztiak ikusgai daude sagardoarenlurraldea.eus webgunean, eta erreserbak ere egin daitezke bertan.
Udazkena, urtaro berezia
Udaberrian eta udaran izango ditu plan ugari aukeran Sagardoetxeak, eguraldi ona aprobetxatuz sagarraren eta sagardoaren kulturara gerturatu nahi dutenentzat. Baina hori ez da bukatuko udazkenarekin, areagotuko baizik. Izan ere, urtaro berezia da udazkena, sagarrak biltzeko garaia, eta ospakizun iturri izaten da bailaran.
Hori horrela, Astigarragan urtero prestatzen dute Udazken Zaporez egitarau berezia. Sagar muztio elaborazio tailerrak, plan gastronomikoak, musika emanaldiak, sagarrari buruzko ikastaroak... Denetik izaten du programak, ospakizun nagusi batekin: Sagar Uzta, sagarraren jaia. 23garren edizioa izango du aurtengoa, Sagardoaren Lurraldeak eta Goldea elkarteak antolatuta, herriko eragileekin batera. Festa herrikoia izan ohi da, jendetsua, irailaren bukaerakoa.
Foru Plaza izaten du erdigune, ospakizunak. Txirrisklako txistularien dianarekin esnatu, eta sagar biltzeari ekiten diote familian, Sagardoetxeako sagastian. Ondoren, kalejiran egiten dute Foru Plazarako bidea. Bertan, lehertzeko prest izaten da festa: azoka, eraskusketa, sagardo eta muztio dastaketa, erakustaldiak, trikitilariak...
Sagardogintzako lanen errepresentazioa ere egiten dute, eta dozenaka haur eta gazte animatzen dira parte hartzera: sagarrak bildu, jo eta zanpatzen dituzte, datorrenaren aurrekari: uzta berriko aurreneko muztioa egin eta dastatzen dute Foru Plazan bertan, topa herrikoia eginez.
Beti izaten da egun alaia, Sagar Uzta festarena; baina bereziki pozgarria izatea espero dute aurten, sagar uzta oparokoa tokatzen baita. Iazkoa, berez ezurtea izan eta are exkaxagoa tokatu bazen, sagar urteetan baino oparoagoa izan dadila aurtengoa.
Horretara iristeko, ordea, bide luzea dago oraindik, eta hilabete asko aurretik, sagarraren eta sagardoaren kulturaz gozatzeko, hamaika modutara.