Txotx denboraldia

Bota Bersoa! ekimenak «pandemia aurreko zenbakietara» itzuli nahi du

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Bota Bertsoa! ekimeneko sariak apirilean banatuko dira.

9garren edizioa da aurtengoa, eta aukeratutako gaia hauxe da: 'Sartzean ondo ginen baina...'. Bakoitzak nahi duen doinuan eta neurrian bota dezake bertsoa, eta betiko dinamikari jarraituz, bertsoa sagardotegietan idatzi daiteke.

Sagardotegi denboraldiarekin batera hemen dator aurtengo IX. Bota Bertsoa! ekimena. Urteroko zitari eutsiz, txotx denboraldiarekin batera, Bota bertsoa! bertso-paper lehiaketa txikia antolatu du Dobera Euskara Elkarteak. Aurten, «indarberrituta eta ilusio haundiz» antolatu dutela aitortu dute Doberako kideek. Aurreko urtean 115 bertso inguru jasota, marka gainditzea izango da aurtengo helburua. «Pandemia aurreko zenbakietara itzuli nahi dugu». Horretarako, «jokoa emango duen» gaia aukeratu dute: «Sartzean ondo ginen baina...».  

 

Parte hartu daiteke 23 
sagardotegitan, baita emailez eta instagram bidez ere

Aurten ere Hernani, Urnieta eta Astigarragako 23 sagardotegitan izango dira idatzitako bertsoak uzteko kutxak (Lizeaga, Petritegi, Astarbe, Zapiain, Ipintza, Rezola, Gurutzeta, Itxas-Buru, Olaizola, Otsua-Enea, Altzueta, Iparragirre, Elorrabi, Goiko Lastola, Larre Gain, Garin taberna, Oialume Zar, Oyarbide, Zelaia, Akarregi, Rufino, Elutxeta eta Eula). Hortaz, egin beharrekoa da bertsoa osatu norberak nahi duen doinuan eta neurrian, izen-abizenak eta telefonoa jarri, eta papera kutxan sartu. Horrez gain, bertsoa emailez aurkezteko aukera ere egongo da. Horretarako, identifikazio datuak jarri eta bidali bertsoa dobera@dobera.eus helbidera. Ohiko bi modu horiez gain, aurten instagram bidez (@doberaelk) bidaltzeko aukera zabaldu dute. Bertara bideoak, argazkiak edota mezuak bidaltzeko.

Sari banaketa apirilean egingo da eta sari mordoa izango da. Hernaniko bertso eskolako kideek epaituko dituzte. Urtero bezala, bi lagunentzako otorduak eta sagardo kaxak irabazteko aukera izango da, baina baita zenbait ekitaldietarako sarrerak ere. 

Non eta noiz egingo den ez dago zehaztuta. Eguraldi ona eginez gero Tilosetan izango da eta euria eginez gero Atsegindegin. Apirilean izango litzateke, baina ez dago eguna jarrita.

 

Egitasmoari esker oso giro polita sortzen da sagardotegian

Era be­re­an, sagardotegietan giro eus­kal­duna piztu nahi dute Doberak eta Hernaniko bertso eskolak, euskeraren era­bileran eraginez; eta euskal kul­tura ere sustatu eta indartu nahi dute. 
Zentzu horretan, nabarmen­du dute «oso balorazio positiboa» egiten dutela sagardotegiek ur­te­ro: «egitasmoari esker, oso gi­ro polita sortzen omen da sagar­dotegietan», azaldu dute. 2019an, pandemia aurreko azken edizioan 130 jaso ziren, pasa den urtean 115 eta aurten 130era iritsi nahi da. 

Beraz, animatu eta parte hartu lehiaketan, sagarraren, sagardoaren eta bertsolaritzaren kulturaz gozatzeko aukera ederra baita Doberak proposatutakoa. Gogoratu: Sartzean ondo ginen baina... Gaiak jokoa ematen du bertso umoretsuak, biziak eta zuzen bezain okerrak idazteko. Batez ere, okerrak; zuzen sartu arren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!