Txotx denboraldia

Izaera haundiko sagardoa

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Donostiako Tabakaleran aurkeztu zuten urte hasieran 2022ko sagardo uzta.

2022ko uztarekin 10 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Aurten, iazkoa baino uzta txikiagoa izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako, eta 1.200.000 litro inguru Euskal Sagardo egin dira.

2022ko uztarekin 10 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Aurten, iazkoa baino uzta txikiagoa izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako eta 1.200.000 litro inguru Euskal Sagardo egin dira, pasa den urtean, esaterako, 3,5 milioi litro inguru izan ziren. Guztira 2 milioi kilo inguru sagar bildu dira Jatorri Deiturako 480 hektareatan. Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardotegi biltzen ditu gaur egun, eta 249 sagargile. 

Aurten uzta txikia izan da kopuruan, baina izaera haundikoa. Tanino altuko eta izaera haundiko sagardoak izango dira orokorrean, eta alkohol graduazio haundiagokoak. Luzera, bilakaera oso ona izango duten sagardoak dira, orokorrean. 

Sagardo naturalaz gain, azken urteean sagardogileak beste mota batzuetako sagardoak ere ekoizten hasi dira: sagardo apardunak, izotzezko sagardoak edo zaporetako sagardoak, esaterako.

 

Iaz baino bertako sagar gutxiago 

Aurten iazkoa baino sagar uzta txikiagoa izan da, baina sagastiek izaera haundiko sagarra eman dute. Beroaren eta lehortearen eraginez sagar kantitate haundia erori da aurten, eta sagarraren heldutasunean ere eragina izan du. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko sagardoa ekoizteko, 249 sagargileren bi milioi kilo inguru sagar erabili da. Oihana Gaincerain Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako presidenteak azaldu duenez, «aurreko urteko uzta oparoa izan zen, eta 2022koa txikiagoa izatea espero genuen, baina udako klima lehor eta beroak are txikiagoa izatea eragin du».

Hogeita bigarren urtez jarraian, irailaren hasieran kontrol bat egin zen Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen artean, Gipuzkoako sagasti batzuetako sagarren egoera ezagutzeko. Horretarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu eta 14 barietate kontrolatu ziren: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Man­ttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria. 

 

2022ko sagar uztaren ezaugarriak

Iazko datuekin alderatuta, heldutasuna pixka bat atzeratua etorri da almidoiaren erregresioari begiratuta, baina aldi berean, azukre maila altuagoarekin etorri da. 

Azukre mailari dagokionez, aurtengo urteak bataz beste 11,8º Brix izan ditu, eta aurreko urtean baino 1,3 puntu altuagoa izan da. Barnealdeko sagastietan, datu hau askoz ere altuagoa izan da. 

Almidoiaren erregresioa 2,8-ko indizean egon da; hau da, aurreko urtean baino 0,2 puntu baxuagoa izan da. 

Heldutasun datuak ikusita, eta almidoiaren erregresioaren arabera, Goikoetxe barietatea kenduta hiru barietate talde ikusi dira. Aurreratuenak: Patzolua, Mozolua, Gezamina, Txalaka, Urtebi Txiki eta Manttoni. Erdikoak: Aritza, Urtebi Haundi eta Udare Marroi. Eta atzeratuenak: Errezila, Moko, Verde Agria eta Urdin. 

 

Kalitatearen aldeko apustua

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an hasi eta urtero errepikatu dituen dirulaguntza deialdiei esker, 115 hektarea landatu dira dagoeneko. Makinariari dagokionez, 175.392,97 euroko dirulaguntzak onartu dira, eta sagasti landaketarako, guztira 1.761.357,42 euro. Hau da, 2016an hasita, 1.870.836,99 euroko dirulaguntzak onartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Produktuaren kalitatearen hobekuntzan, sektoreak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fraisoro Nekazaritza Kalitateko eta Berrikuntzako Laborategia dauka. Gaur egun merkatuan dauden Euskal Sagardoa nahiz Gorenak bi kalitatezko marken, eta marka hauek gabeko sagardoen azterketa fisiko-kimikoak nahiz zentzumen-analisiak egiten dira bertan; izan ere, laborategiak sagardogile guztiei ematen die zerbitzua. 

2022ko datuak aurreko urtearen antzekoak izan dira eta Fraisoro Laborategian 4.300 lagin (muztioak, hartzidura prozesuan zeuden sagardoak, ontziratzeko puntuan zeuden sagardoak...) aztertu ziren fisiko-kimikoki, 34.000 determinaziorekin. 

Era berean, zentzumen-analisiari dagokionean, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturara nahiz Gorenak zigilura bideratutako sagardo naturalaren 610 bat lagin dastatu dira. 

Fraisoro Laborategia estatu guztian sagardo naturaletarako akreditatua dagoen dastaketa panel bakarra da. Urtero ENAC (Egiaztatze Erakunde Nazionala) entitateak ikuskatzen du bertan egindako azterketen kalitatea, azterketa horiek zentzumen-analisien arauetara egokitzen diren egiaztatzeko. 2013an martxan jarri ondoren, 1.000 dastatze saiotik gora egin ditu gaur arte Fraisoro Laborategiko dastatze panelak.

 

Prezioetan aldaketa

Bestetik, sagardoaren sektoreak iragarri du produktuaren prezioa igo duela «kostu zuzenak haunditu» direlako. Batez ere beira, gasolio, kartoi eta energiaren prezioaren igoeragatik. «Sektore gehienetan gertatu den bezala, sagardoarenak ere bere prezioak eguneratu behar ditu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!