Beterri-Buruntzako ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko berriro martxan, Beterri Saretuz

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 18a, 00:00

Beterri Saretuz taldeko argazkia.

Gaur goizeko 09:30etan egingo dute urteko lehenengo topaketa, Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean.

Beste urte batez Beterri-Buruntza eskualdean, ekonomia sozial eraldatzailea sustatze aldera, Beterri Saretuz egitasmoa jarri dute berriro martxan.  Hori horrela, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egingo dute sareko kideen lehen topaketa, gaur goizeko 09:30etan. Topaketaren helburu nagusia izango da, besteak beste, egitasmoan parte hartzen ari diren enpresa, hezkuntza eragile eta erakundeen artean harremanak estutzea eta hainbat gairen inguruan hausnartzea, izan beharreko izaera juridikoaz, funtzionamenduaz edota finantzaketaz.

Formazio ugari, 
martxora arte

Formazioaz arduratzen den lantaldeak hainbat saio aurreikusi ditu, otsailean hasi eta martxo amaierara arte. Iaz, Esperientzia Trukeak izeneko zikloa antolatu zuten: «laneko inklusibitatea, bazkidetza ereduak eta eskualdeko emakumeen foroa tarteko». Aurreneko topaketa honetan partaideen formazio beharrak identifikatu eta aurtengo saioak gai horien arabera antolatuko dituztela aurreratu dute lantaldekoek. 

Horrez gain, eskualdeko hezkuntza eragileen lanketa berezia ere egiten ari dira Beterri Saretuzen, eta zenbait proiektu dituzte eskuartean, hala nola; ekonomia sozial eraldatzailea hezkuntza zentroetan lantzeko bideak arakatu eta garatzea; lanbide heziketan ari diren ikasleentzat azoka espezifiko bat antolatzea... 

Dagoeneko lehen pausoak eman dituzte, izan ere, pasa den abenduan sareko partaide diren hezkuntza arloko kideak bildu ziren Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean. Bertan, ekonomia sozial eraldatzailearen kokapen orokorra jaso zuten OlatuKoopeko kideen eskutik, hain zuzen. 

Datozen topaketetan parte hartu nahi izanez gero izena eman behar da ondoko estekan sartuta: https://beterrisaretuz.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!