Garaipen sorta ederra, Gipuzkoakoa hasteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00
Beñat Ilzarbe eta Tasio Semperena, garaipena ospatzen. Argazkia: Martin Early

Protagonista izan ziren Tasio Semperena, Aimar Capdequi eta Unax Otegi, Gipuzkoakoaren aurreneko jardunaldian.

Ostiralean eman zioten hasiera, pistako Gipuzkoako Txapelketari; eta aurreneko jardunaldi horretan aritu ziren Urumea bailarako txirrindulari kadete eta jubenilak, Donostialdea Bizikletan taldearekin. Eta garaipen sorta ederrarekin bueltatu ziren Donostiako Anoetako belodromotik, gainera.

Jubeniletan, hiru probatan nagusitu zen Tasio Semperena astigartarra. Madisonean, Beñat Ilzarberekin lortu zuen garaipena, probaren zortzi sprintak irabazita. Taldekako jazarpen proban Ilzarbe bera eta Markel Otegi izan zituen lagun, eta 4:46,19 denborarekin nagusitu ziren. Taldekako abiaduran, azkenik, hirurak aritu ziren, Aimar Alarciarekin batera; eta 1:00,41 denbora lortu zuten, Gipuzkoako txapeldun izateko.

Kadeteetan aritu ziren Aimar Capdequi astigartarra eta Unax Otegi hernaniarra. Biek lehiatu zuten taldekako jazarpen proba, Beñat Igarategirekin eta Unai Iturraterekin laukotea osatuta; eta 3:49,09 denborarekin nagusitu ziren. Beste behin ere jaso zituen besoak Capdequik, Igarategirekin eta Oier Galardirekin batera: taldekako abiadura proba irabazi zuten, 1:02,32 denborarekin. Eta txapelketa borobiltzeko, elkarrekin aritu ziren Capdequi eta Otegi, madisonean; eta bigarren sailkatu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!