Hernanik garaipen garrantzitsua, eta Mundarroko bi taldeek porrota

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00
Porrota jaso zuen Mundarrok, etxean, nesken Gipuzkoako lehenengo mailan.

Hernaniarrek 60-65 irabazi zuten Easoren kantxan. Mundarroko neskek aurrenekoz galdu zuten, ligako bigarren fasean.

Gozotik izan du asteburuak Hernanirentzat, eta aldiz, oso gazia izan da Mundarrorentzat. Garaipen garrantzitsua lortu zuten hernaniarrek, Easoren kantxan nagusituta (60-65). Mundarroko bi taldeek, ordea, porrot gogorra jaso zuten: neskek etxean, BKEren kontra (30-48); eta mutilek kanpoan, Atletico San Sebastianen kantxan (70-45).

Oso partidu berdindua jokatu zuen Hernanik, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan. Aurreneko laurdenean lau punturen aldea eskuratu bazuen Easok, berdintzea lortu zuen Hernanik bigarrenean, eta berak hartu zuen alde txikia atsedenalditik bueltan (53-57). Azkeneko laurdenean, defentsa onari esker eutsi zion aldeari Hernanik, garaipena lortzeko. Protagonismo berezia izan zuen Lujambiok hirugarren laurdenean: taldearen 23 puntuetatik, 15 lortu zituen berak. Garaipen horrekin, Easo aldendu du Hernanik sailkapenean, eta aurrea hartu dio DKSri, azkenaurreko postutik ihes eginez. Datorren larunbatean, partidu erabakigarria jokatuko dute elkarren kontra, 16:00etan Hernaniko kiroldegian.

Mundarroko neskek, berriz, aurreneko porrota jaso zuten, Gipuzkoako lehenengo mailako bigarren fasean. Etxean aritu ziren, BKEren kontra; eta bigarren zatian egin zion ihes talde bergararrak. Ondo eutsi zion aurreneko zatian (20-23), baina hortik aurrera hobeto aritu zen BKE, azkeneko laurdenean bereziki (4-15eko partziala).

Bestelakoa izan zen Mundarroko mutilen partidua, Gipuzkoako lehenengo mailan, Atletico San Sebastianen kantxan. Astigartarrek ez zioten ondo ekin partiduari, eta aurreneko laurdena bukatzerako, 17-5 ari ziren galtzen. Aldea mantendu egin zuen talde donostiarrak bigarrenean (30-17), eta beste kolpe bat eman zien astigartarrei, atsedenalditik bueltan (55-28), partidua erabakita uzteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!