Aurkari gogorra gainditu zuen Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00

Pulpo mendean hartu zuten: 31-35.

Irteera zaila zuten hernaniarrek, baina, partidu on baten ondorioz, 31-35 irabazi zioten Pulpo taldeari.

Partidu bakarra galdu zuen, pasa den larunbatera arte, Pulpo taldeak. Irteera zaila zeukan Hernanik, baina, egindako lan onaren ondorioz, ligako hirugarren sailkatuaren etxean irabaztea lortu zuen: 31-35. Partidu zaila izan zen, estu ibili zen markagailua, baina hernaniarrek hobeto eutsi zioten amaierari. Hala, denboraldiko laugarren garaipena lortu zuten.

Aste honetako partidua, ordea, ez da askoz ere errazagoa izango. Donibane Bonantzaren bisita jasoko dute; sailkapeneko bigarren postuan daude, eta jokatutako zortzi partiduetatik sei irabazi dituzte, porrot bakarra eskuratuta. Hernani, aldiz, seigarren postuan dago, lau garaipen eta bost porrotekin.

Jubenil mailako neskek ere irabaztea lortu zuten, Irauli Bosteko taldearen aurka. Bikain hasi dute bigarren fasea hernaniarrek, lehenengo bi partiduetan bi garaipen lortuta. Munttarperen bisita jasoko dute asteburuan. 

Mundarrori dagokionez, kadete mailako neskek ezin izan zuten garaipenik ospatu. Aloña Mendi jaso zuten etxean, eta 14-20 galdu zuten. Bigarren faseko 5 partiduetatik bakarra irabazi dute astigartarrek, eta sailkapeneko behealdean daude, bosgarren postuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!