Goiko postuetan finkatzeko garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, Lagun Onak mendean hartuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00

Lehenengo itzulia hirugarren postuan amaitu dute Hernaniko Ohorezko Erregionaleko neskek.

Emakumezkoen Ohorezko Erregionalak 2-0 irabazi zion Lagun Onaki, Cesiaren eta Enireren golekin. Gizonezkoen kasuan, bailarako bi talde nagusiek galdu zuten: Hernanik 3-1, Elgoibarren aurka, eta Mundarrok 0-2, Oriokoren kontra.

Garaipen garrantzitsua lortu zuten Hernaniko Ohorezko Erregionaleko neskek, Lagun Onaken aurka. Lehenengo minutuetan bi taldeek izan zituzten aukerak, baina, minutuak pasa ahala, berdeen nagusitasuna gailendu zen zelaian. Cesia Soto izan zen partiduko lehen golegilea, eta Enire Beainek egin zuen bigarren gola, partidua ixteko. 

Gauzak horrela, hirugarren postuan mantentzen da Hernani: 37 puntu dituzte, bigarren postutik 2 puntura, eta laugarren postuarekiko 5 puntuko abantailarekin.  Lehenengo itzulia amaitu dute dagoeneko, 15 jardunaldi jokatu dituzte, eta asteburu honetan abiatuko dute bigarren itzulia. Berriro etxean jokatzea egokitu zaio Hernaniri; Amaikak Bat Mutrikuren bisita jasoko dute berdeek. Sailkapeneko azpiko postuetan daude mutrikuarrak, 8 punturekin.

Gizonezkoen kasuan, ez dute hain irribarretsu bukatu asteburua. Bikain hasi zuten urtea, Tolosari irabazita, baina ezin izan zioten bolada onari jarraipena eman Elgoibarren aurka. Ez zen berdeen egun bikainena izan, eta 3-1 galdu zuten; Beñat Olivenzak egin zuen Hernaniren gol bakarra. Hala ere, lehenengo postuan bukatu dute lehen itzulia Munduateren mutilek. 17 jardunaldiren ondoren, 36 puntu ditu Hernanik, Añorgak baino 3 puntu gehiago. 

Asteburu honetan hasiko dute bigarren itzulia, eta berriro ere etxetik urrun jokatu beharko dute. Mutrikuren zelaira bisita egitea egokitzen zaie; 12garren postuan daude mutrikuarrak, sailkapenaren erdialdean, 22 punturekin.

Jubenil Nazionalak nagusitasunez irabazi zuen Beasainen kontra. 3-0 bukatu zen norgehiagoka, Barriren eta Manexen golei esker. 

Asteburu kaxkarra izan da Mundarrorentzat

Mundarroko gizonezkoen Gorengo Mailako taldeak ezin izan zuen Oriokoren aurka irabazi. Zarkumendegin jokatu bazuten ere, 0-2 galdu zuten astigartarrek, eta sailkapeneko beheko postuetatik aldendu ezinik jarraitzen dute. 13garren postuan dago Mundarro, 16 punturekin, eta Sanpedrotarraren bisita jasoko du asteburu honetan. Aukera baliatu beharrean daude 3 puntuak lortu eta arnas pixka bat hartu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!