Euskal Herriko Txapelketa eta Udaberrikoa martxan, aste honetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Mikel Manterolak Udaberriko Txapelketa jokatuko du, Iker Zurutuzarekin.

Eskuz zein palaz, makina bat pelotari hernaniarrek eta astigartarrek hartuko dute parte bi txapelketetan, aste honetatik aurrera.

Gabonetan atseden pixka bat hartu ondoren, asteburu honetan bueltatuko dira lehiara, bailarako pelotari asko. Izan ere, bi torneo hasi dira aste honetan: Euskal Herriko Txapelketa, eta Gipuzkoako Udaberrikoa.

Eskuz zein palaz, Hernaniko eta Astigarragako pelotari askok hartuko dute parte. Euskal Herrikoan, eskuz, mutil nagusien lehenengo mailan ariko da Mundarroko bikote bat, Barandiaranek eta Lizeagak osatutakoa. Bihar jokatuko dute estreinako partidua, 17:00etan Txomiñenen, Lezamaren kontra. Hernanik 22 urtez azpiko mutiletan izango du ordezkaritza, Apaolaza eta Etxarriren eskutik: gaur 11:00etan jokatuko dute Hernaniko frontoian, Oiarperen kontra.

Palaz, berriz, hiru talderekin ariko da Hernani. Neska nagusietan ariko dira Amaia Irazustabarrena eta Maider Huizi, baina estreinako partiduan, Miren Goikoetxeak ordezkatuko du Irazustabarrena: gaur 16:00etan, Orozkon. Neska jubeniletan jokatuko dute beste bi talde hernaniarrek: Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak osatuko dute talde bat, eta Irati Minerrek, Maddi Iriondok eta Joana Tolaretxipik bestea. Aurrekoetan bezala, jardunaldi bakoitzean ligaxka, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte talde partehartzaileek, eta Hernanin izango da aurreneko hitzordua, bihar 15:30etan hasita. Arratsalde osoan zehar jokatuko dituzte partiduak bertan.

Udaberriko Txapelketari dagokionez, eskuz bederatzi bikoterekin ariko da Hernani, eta batekin Mundarro; eta palaz, hiru bikote izango ditu Hernanik, eta bi Mundarrok. Gainera, Gipuzkoako 7 barruko Txapelketa jokatuko dute Ander Arandia hernaniarrak eta Ganix Urdangarin astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!