2023a ere garaipenarekin hasi du Hernanik, Tolosa 3-2 garaitu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 00:00

Tolosaren aurka lortu zen garaipena larunbatean.

Lider jarraitzen du Ohorezko Erregional mailan lau puntuko aldearekin. Neskek galdu egin zuten.

2022 urtea amaitu bezala hasi du 2023a Hernanik. Ohorezko Erregional mailako taldeak denboraldiko hamaikagarren garaipena lortu zuen larunbatean, 3-2, Tolosaren aurka eta lider jarraitzen du sendo 36 punturekin. Añorgari lau puntuko aldea ateratzen dio. Lehenengo itzulia amaitzeko jardunaldi baten faltan denboraldia oso ondo doa hernaniarrentzat.

Nahiz eta gol bakarreko aldearekin irabazi, partidu erosoa izan zuten hernaniarrek. 40garren minuturako 3-0 aurreratu ziren Munduateren mutilak. Oiarbidek sartu zuen lehenengo gola erdiraketa bikain bat ezin hobeto aprobetxatuz. Ondoren, Pelloren tankerako bi gol iritsi ziren. Hirugarrenean baloia maisutasunez loratu zuen atezainaren gainetik. Bigarren zatian Tolosak desabantaila murriztea lortu zuen, 3-1, eta partidua amaitzear zela lortu zuten tolosarrek bigarren gola. 

Ez zuten zorte bera izan Ohorezko Erregional mailako neskek. 2-1 galdu zuten, Berion, Antiguokoren aurka eta bigarren postua galdu dute Mariñoren alde. Denboraldiko bigarren porrota da hernaniarrena, ezustekoa gainera. Antiguoko atzeko postuetan zegoen, baina Hernani garaitzea lortu zuen.

 

Mundarrok ere Berion galdu

Berioko zelaia ez zen aldekoa izan Urumeako taldeentzat. Mundarrok ere galdu egin zuen Santo Tomas Lizeoa taldearen aurka, Preferente mailan. 3-1 galdu zuen eta atzeko postuetara hurbildu da. Partidu hasiera parekatua izan zen baina minutuek aurrera joan ahala etxekoak nagusitu ziren. Santo Tomas Lizeoa atsedenera abantailarekin iritsi zen. Bigarren zatia hasi eta minutura etxekoek bigarrena egin zuten. Moreek egoera irauli nahi izan zuten baina ez ziren fin ibili. Partidu amaieran hirugarrena iritsi zen etxekoen alde eta gutxira Astigarragakoek desabantaila murriztu zuten amaierara iritsi aurretik.

Maila berean Hernanik zulotik ateratzeko lehenengo pausoa eman zuen Axular 2-0 garaituta.

Garaipen garrantzitsua lortu zuen beste taldea, Jubenil Nazionala izan zen. 0-2 irabazi zuen Getxon eta sailkapenaren erdiko postuetan egonkortu da arriskurik gabe. Talde bizkaitarra nahiko goran zegoen sailkapenean eta ezustekoa eman zuten hernaniarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!