Bailarako txirrindulariak protagonista, pistako nazioarteko Gipuzkoa Sarian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 00:00

Naya Mangas hernaniarra, probetako batean. Argazkia: Martin Early

Podiumera igo dira Naya Mangas, Xabier Mikel Azparren, Telmo Semperena, Jaime Romero eta Tasio Semperena.

Maila haundiko txirrindularitza izan da Donostiako belodromoan, joan den asteburuan: pistako nazioarteko Gipuzkoa Saria lehiatu dute, hiru egunez. Bertan izan dira Urumea bailarako hainbat txirrindulari, eta espezialista onenen artean, podiumera igotzea lortu dute gehienek, proba ezberdinetan.

Naya Mangas hernaniarra, esaterako, bigarren izan zen scratch proban, 23 urtez azpikoetan; eta bigarren izan zen Jaime Romero astigartarra ere, eliminazioan, 23 urtez azpikoetan. Xabier Mikel Azparren astigartarra, berriz, hirugarren izan zen elite mailako puntuazioan, Albert Torresen eta Sebastian Moraren atzetik. Eta hirugarren postua lortu zuen Telmo Semperenak ere, 23 urtez azpikoetan, scratch proban. Gainera, junior mailako omniumaren probetako bat irabazi zuen Tasio Semperena astigartarrak, tenpoa.

Madison probarekin borobildu zuten txapelketa igandean, eta primeran aritu ziren bailarakoak, horretan ere. Elite mailan, hirugarren izan zen Naya Mangas, Laura Rodriguezekin batera, emakumezkoetan. Gizo­nezkoetan, berriz, bailarako bi bikote aritu ziren: elkarrekin aritu ziren Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren anaiak, eta Telmo Semperena astigartarra eta Unax Urretabizkaia hernaniarra. Podiumera igotzetik gertu izan ziren Azparren anaiak, laugarren postuan bukatuta. Eta junior mailan, azkenik, hirugarren postua lortu zuen Tasio Semperenak, Beñat Ilzarbe taldekidearekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!