Igandean hasiko da Bikotekakoa, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 00:00

Euskadiko Bola Txapelketa, iazko ekainean, Ereñotzuko bolatokian.

Hiru tiraldi izango ditu Gipuzkoako Bikotekako Txapelketak urtarrilean, eta onenak finalean ariko dira, Zerainen.

Ereñotzun hasiko da 2023ko denboraldia, Gipuzkoako bolari eta tokalarientzat. Datorren igandean jokatuko dute estreinako tiraldia, eta horrekin, hasiera emango diote bolako Gipuzkoako Bikotekako Txapelketari.

Hiru tiraldi izango ditu Bikotekakoak, urtarrilean: igande honetan Ereñotzun, hilaren 22an Olaberrian, eta 29an Usurbilen. Horietan ondoen aritzen direnek, finala lehiatuko dute otsailaren 4an, Zerainen.

Lehendakari Txapelketa izango da hurrengoa, eta lau asteburutan jokatuko dute, otsailaren 12an Idiazabalen hasita. Gipuzkoako Kopa lehiatuko dute ondoren, martxoaren 26tik maiatzaren 7ra, beste lau tiraldirekin. Eta maiatzaren 14an izango da Gipuzkoako Txapelketa, Urnietan. Astebete beranduago, maiatzaren 21ean, Hernanin egingo dute beteranoen eta gazteen arteko topaketa. Euskadiko Txapelketa ekainaren 4an jokatuko dute, Zornotzan.

Gainera, bola tiraldiak dauden zenbait egunetan, Toka Txapelketaren tiraldia ere izango da. Ereñotzun bertan, esaterako, jokatuko da toka tiraldia ere, igande honetan.

 

Goizez eta arratsaldez, aukera

Goiz eta arratsalde jokatuko da bola eta toka tiraldia, Ereñotzun. Goizeko saioa 09:00etatik 11:00etara izango da, eta arratsaldekoa 16:30etatik 17:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!