Iker Salaberriak pleno, eta Hodei Exposito ere onenen arteko lehian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 00:00

Iker Salaberria, aurreko partidu batean. Argazkia: Aspe Pelota

Binakakoaren aurreneko itzulia osatuta, zazpi garaipen dauzka goizuetarrak, eta lau astigartarrak.

Bukatu dute ligaxkaren aurreneko itzulia, Promozioko Binakako Txapelketan; eta maila ederrean ari dira Iker Salaberria eta Hodei Exposito. Bereziki protagonista izan da goizuetarra, Oier Etxebarria igorretarrarekin batera: pleno egin dute, jokatutako zazpi partiduak irabazita. Ostiralean borobildu zuten aurreneko itzulia, Amorebietan, Bakaikoa eta Uriondo menderatuta (22-17). Hori horrela, jaun eta jabe dira sailkapenean.

Ondo bukatu du aurreneko itzulia, Expositok ere. Astigartarrak igandean jokatu zuen Donostiako Atano IIIn, Arkaitz Eskuza debutatu berriarekin batera (Iñigo Bikuñaren ordez); eta 22-18 nagusitu ziren, Agirreren eta Iztuetaren kontra. Horrela, lau garaipenekin osatu dute ligaxkaren aurreneko erdia Expositok eta Bikuñak, eta laugarren daude sailkapenean, onenen arteko lehian sartuta. Aurretik dauzkate Bakaikoa-Morgaetxeberria eta Larrazabal-Eskiroz, bosna garaipenekin; eta atzetik Zabala-Gaskue (3), Agirre-Iztueta (3), Zubizarreta III-Elizegi (1) eta Egiguren V-Erostarbe (0). Aurreneko bi bikoteak semifinaletara sailkatuko dira zuzenean, eta hurrengo lauak final laurdenetako play offera.

 

Trinketeko finaletatik kanpo, hiru bikote hernaniarrak

Ez da asteburu ona izan, ordea, afizionatuetan. Trinketeko Gipuzkoako Txapelketan, semifinalak jokatu dituzte Hernaniko hiru bikotek, eta porrota jaso zuten guztiek: Joseba Arretxe eta Martin Alberdi kadeteek 34-40 galdu zuten, Unax Manterola eta Markel Urdangarin jubenilek 37-40, eta Xuban Iturbe eta Oier Alegria jubenilek 33-40.

Emaitza on bakarra Mikel Lasa seniorrak lortu zuen, Alde Zaharrako Eneko Sorondorekin batera: 40-23 irabazi zuten Behar Zanako Aburuzaren eta Aranbururen kontra, eta finalerdietara sailkatu dira

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!