Zabaldu da EuskarAbentura Espedizioa 2023an parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 00:00

2006 eta 2007 urteetan jaiotakoek martxoaren 3ra arteko epea daukate aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko.

Datorren urteko uztailaren 1etik 31ra 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, EuskarAbentura Espedizioa 2023ren baitan. Espedizioaren 4. ediziorako izen-emate epea 2022ko abenduaren 1ean zabalduko da eta Euskal Herriko zein diasporako 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2023ko martxoaren 3ra arteko epea (eguna barne) izango dute hautagaitza aurkezteko. 
Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, azken hau elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.

Hiru gai aukeran, banakako proiektuak sortzeko
Aurten hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?

Sei lan formatu aukeran eta hautagaitzak, webgunetik
Era berean, gai hauek garatzeko gazteek sei lan formatu dituzte aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikusentzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa. 
Hautagaitzak elkartearen webgunetik egingo dira (www.euskarabentura.eus). Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. 
Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko da kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!