Mandoegi mendiaren inguruan zentral eolikoa erakitzea proposatzen du Eusko Jaurlaritzak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 6a, 00:00

Zazpi kilometroko proiektua aurreikusi dute Mandoegi inguruan.

Potentzia eolikoa handitzeko helburuarekin, zenbait eremu aurreikusi ditu Jaurlaritzak zentral eolikoak erakitzeko. Horien artean dago Mandoegiko ingurua; eta, txostenen arabera, 6,89 kilometroko zentrala aurreikusten dute.

Oraindik onartzeko dago Lurralde Plan Sektoriala, baina argitaratuak daude Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak proposatutako proiektuak. Guztira 33 gune aurreikusi dituzte zentral eolikoak erakitzeko, eta, aurreko plan batzuetan bezalaxe, horien artean dago Mandoegi mendiaren ingurua. 

Planean ikus daitekeenez, ia 7 kilometroko zentral eolikoa aurreikusi dute Urepel eta Mandoegiren artean. Honakoak dira irakurgai dauden datu zehatzak: 6,89 kilometroko luzera izango luke zentralak eta 0,91 kilometro karratuko azalerari eragingo lioke.

Lurralde Plan Sektorialean mailaka sailkatuta daude proposatzen dituzten eremuak, lehenengo eta bigarren maila bereizten dituzte. Datuei erreparatuz, lehenengo mailan agertzen da Mandoegi; izan ere, kontuan hartzen da haizearen batez besteko abiadura 7,2 m/s-koa edo handiagoa izatea 100 m-ko altueran, eta Mandoegin 7,49 m/s-koa da. 

Abiadura horiek bete ezean, lehen mailan egoteko baldintza da urteko funtzionamendu-orduak 3.350 izatea. Errendimendu horretatik behera, 2.650 funtzionamendu-ordu betetzen dituztenak sailkatu dituzte bigarren mailan. 

Datu eta zenbakiez gain, beste aldagai batzuk ere hartu dituzte kontuan proposamenak argitaratzeko. Jendea bizi den guneekiko gutxieneko distantziak gordetzea, edota gailurrak aprobetxatzea, instalazioaren konplexutasunagatik eta baliabidearen erabilera optimizatzeagatik. 

 

Udarako onartu nahi du plana Eusko Jaurlaritzak

Oraindik ez dago ezer erabakita, aurrerapen txostena baita argitaratuta dagoena. Eusko Jaurlaritzak udarako onartu nahi du Lurralde Plan Sektoriala. Erakunde ezberdinak zuzenketak egiten ari zaizkio txostenari, eta ikusiko da proposatutakotik onartu arte zenbat aldatuko den plana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!