Musikaz beteko dira gaur Hernani eta Astigarraga, Izaroren eta Goiko Gela taldearen kontzertuekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 30a, 00:00

Kiroldegiko pistan eskainiko du kontzertua Izarok.

20:00etan hasiko da Goiko Gelaren kontzertua, Erriberan; eta 22:00etan Izarorena, Hernaniko Kiroldegian. Izaro ikusteko sarrerak agortuta daude.

Musika izango da nagusi, gaurkoan, Urumea bailarako herrietan. Abenduko kultur agendaren barnean, bi emanaldi erakargarri izango dira. Lehena, arratsaldeko 20:00etan hasita, Goiko Gela talde gipuzkoarraren kontzertua da. Erriberan eskainiko dute ikuskizuna, eta euskerara moldatutako gospel klasikoko doinuak entzun ahal izango dira.

Taldea 2020an jaio zen, eta bost kidez osatuta dago: Iñaki Miguel da Goiko Gelako zuzendaria eta piano-jolea, eta Santi Romano, Olatz Otxoa, Karlos Etxaniz eta Jon Imanol Etxabe dira taldeko abeslariak. Euskeraz eta inglesez abesten dute, abesti propio batzuk dituzte, eta beste artista batzuen abestien moldaketak ere eskainiko dituzte. 

Bi ordu beranduago, gaueko 22:00etan, hasiko da Izaro Andres abeslariaren kontzertua, Hernaniko Kiroldegiko pistan. Izaro, limones de oro izeneko emanaldia oholtzaratuko du abeslari mallabiarrak.  Limones de invierno diskoko abestiak eskainiko ditu bertan, lau musikariren laguntzaz: Garazi Esnaola, Oriol Flores, Julen Barandiaran eta Iker Lauroba. Harrera oso beroa izan du konztertuak Hernanin, abenduaren 1ean jarri ziren salgai sarrerak, eta segituan agortu ziren guztiak. 

 

Urte berriarekin batera, ekintza berriak

Bi emanaldi hauekin amaituko da urte kulturala, baina urtarrilean ere izango da askotariko ikuskizunez gozatzeko aukera. Sormen saioak izango dira, esaterako, datorren astearte eta ostegun goizetan, Uxue Bereziartua Berexi.art artistaren eskutik, Aristizabal 7n. Txikienek ere izango dute gozatzeko aukera, urtarrilean 4ean Anita Maravillasen Pintto pintto haur antzerkia izango baita Biteri Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!