Hernanik lider amaituko du 2022 urtea

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 29a, 09:52

Denboraldia ongi amaitu zuen udaberrian eta indartsu hasi du 2022-23 denboraldia. Ohorezko Erregional taldea lider dago eta Hirugarren mailara igotzeko ezin hobeto dago kokatuta.

Urtea hasi bezalaxe amaitu zuten denboraldia Hernaniko Erregional Ohorezko Mailako mutilek; 5garren postuan. Ez zen denboraldi bikainena izan berdeentzat, igoera fasean sartzea zen hasierako helburua, eta uste baino azkarrago itxi zitzaizkien hirugarren mailako ateak. Denboraldia amaitu bitartean 5garren eta 6garren postuetan aritu ziren dantzan, eta 57 punturekin amaitu zuten denboraldia; Touring izan zen liderra, 73 punturekin, Eibar eta Elgoibar segidan 64 punturekin, eta Aretxabaleta 4garren 60 punturekin, hernaniarrengandik hiru puntu eskasera. 

Oso bestelakoa izan da, ordea, urtearen bigarren zatia. Denboraldi bikaina osatzen ari dira Unai Munduateren jokalariak, eta sailkapenaren puntan iritsiko dira 2023ra. 15 partida jokatu dituzte orain arte, bi falta zaizkie lehenengo itzulia bukatzeko, eta 33 puntu dituzte dagoeneko. Lehenengo itzuliko azken bi partidak Tolosaren eta Elgoibarren aurka izango dira. Garrantzitsua da berdeentzat urte berria orain arteko erritmoan hastea, oso gertu baitago Añorga. Donostiarrek 32 puntu dituzte, berdeek baino bat gutxiago; baina, hori bai, jardunaldi bat gehiago jokatu dute.

Hernaniko neskek pasa den denboraldia hirugarren postuan amaitu zuten Ohorezko Erregional mailan. Urteko bigarren erdia maila hobean ari dira jokatzen eta horrek bigarren postuan kokatu ditu Realaren atzetik. Partidu bakarra galdu dute eta beste bat berdindu. Honela, Mariñorekin borrokatuko dute bigarren postu hori. lehenengo sailkatua zuzenean igotzen da eta bigarrenak igoerako play offa jokatuko du Bizkaia eta Arabako bigarren sailkatuen aurka. Beraz garrantzitsua da postu horretan mantentzea.

Jubenil Nazionalak maiatza eta ekaina bikainak osatu zituen pasa den denboraldian eta maila mantentzea lortu zuen. Horren saria izan da, hurrengo denboraldian, oraingoz maila hobean ari direla jokatzen. Oraingoz ez dago jaisteko arriskurik eta ongi amaitu da 2022a. Urteko balantzea ez da txarra jubenilentzat. 

Mundarrorentzat urteak denetatik izan du 2022 urteak. Tamalez nesken talde nagusiak ezin izan du taldea osatu Gorengo mailan pasa den ekainera arte denboraldi bikaina osatu eta gero. Igoera fasean hirugarren amaitu zuten, baina taldea desegin eta irailetik aurrera ez dago talderik. Gorengo mailako mutilek mantendu zuten maila eta borrokan jarraitu beharko dute. Emaitzak ez dira txarrak, baina oraindik ere gehiago aldendu behar dituzte beheko postuak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!