Joan dira Olentzero eta Mari Domingi, eta badatoz beste hamaika jarduera

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 28a, 00:00

Pozik agurtu zituzten Astigarragako haurrak, Olentzerok eta Mari Domingik.

Eskulanak, antzerkiak, kontzertuak, bertsoak... Denetik izango da, Gabonak bukatu arte, Urumea bailaran. 

Giro alai eta epelean agurtu zituzten Olentzero eta Mari Do­­mingi, Urumea bailarako hau­rrek. Kalejiran ibili ziren Hernanin, esaterako, Ttarla Dantza Taldearen eskutik, Kaxkoko kaleetan zehar. Gudarien Plazan amaitu zuten festa, erraldoien dantzaldi eta guzti. Astigarragan ere, trikitilariek girotu zuten arratsaldea, eguneko bi protagonistek herriko haurrak agurtzen zituzten bitartean.

Gabon giroa nabari da bailara guztian, eta mota askotako ekitaldiak ikusi ditugu orain arte. Gabonetako kontzertuekin hasi zuten bidea goizuetarrek ere, eta inguruko herri guztietan luzatuko dira ekintzak, Gabonak amaitu arte. 

Astigarragan, esaterako, jolaserako tartea izango da nagusi urtea bukatu bitartean. Atzo ireki zituzten urteroko Jolas Aretoko ateak. Lagunekin jolasteko aukera ezberdinak dituzte haurrek kiroldegi azpiko aretoan, goizean 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean 16:00etatik 18:30etara. Gainera, bihar, magia saioa ere izango da, Erribera kulturgunean. Bertan izango dira Asier Kidam, Edu magoa, Marsel eta Xabi magoa, arratsaldeko 17:00etan hasiko den ikuskizunean.

Hernanin ere oparoa da urte amaierako kultur eskaintza. Izaro Andresen kontzertua izango da ekitaldi garrantzitsuena, eta kiroldegiko pista beteko du abeslariak, etzi, 22:00etan. Auzoei dagokienez, eskulan tailerra egingo dute bihar, 17:00etan Portun: plater dekoratiboak egingo dituzte. Bertsoek ere izango dute tartea gabon hauetan; bihar eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna izango da, 19:30etan Biterin; eta ostiralean Izena eta izana bertso saioa, 19:00etan Gaztetxean.

 

Merkatariak eta elkarteak ere martxan

Bailarako elkarte eta eragileak ari dira giroa eta mugimendua sustatzen. Hernaniko Berriak el­karteak martxan dauka herrian kontsumitzeko dinamika, eta bertako dendetan erosten duten bezeroak saritzen dituzte, Zinkoeneako atrakzioetan trukatu ahal izango den tiket batekin. Atrakzioaren prezioa murrizteko balioko dute tiket horiek. Eta Astigarragan, Astiko Elkarteak ere haur parkea antolatuko du, aurreko urteetan bezala, herriko kokaleku ezberdinetan: Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandoz plazan eta Joseba Barandiaran plazan, gaur, bihar eta etzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!