Olentzero eta Mari Domingi bueltan dira gaur Urumea bailarako herritarrekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 24a, 00:00

Mari Domingik eta Olentzerok gaur ez dute musukorik eramango.

Urumea bailarako herrietara egingo dute bisita, goizean zein arratsaldean. Gainera, Gabon gaueko kale buelta egingo dute Kantuz abesbatzak zein Musika Bandak, eta baserriz baserri ibiliko dira Hernaniko bertso eskolakoak.

Gabon Gauari hutsik egin gabe, Urumea bailarako herrietara egingo dute bisita gaur, Olen­tze­rok eta Mari Domingik. Eta haien etorrerarekin batera, egun bereziari doinua jarriko dio­te musikak, kantuek eta ber­tso­ek. Izan ere, talde ezberdinak aterako dira kaleak alaitzera. Hernanin, goizeko 09:30etik aurrera Kaxkoa erabat itxiko da trafikoarentzat.

Goizean egingo dute Asti­ga­rra­gara bisita biek, eta Santio­menditik jaitsita, 11:00etan iri­­­tsiko dira herrira. Foru Plazan elkartuko dira hau­rre­­kin, eta kalez kale ibiliko dira de­nak elkarrekin. Eta ondoren, udaletxeko balkoira igoko dira Olentzero eta Mari Domingi, haurrekin batera abesteko.

 

Zinkoeneatik kalejira, Musika Banda, Goiz Eguzki eta Kantuz abesbatza, Hernanin

Hernanira, berriz, arratsaldeko 17:00etan iritsiko da Olentzero, eta Kaxkoan barrena ibiliko da. Kalejiraren irteera Zinkoeneatik izango da eta kale-buelta musikatua ha­siko du Ttarlako dantzariekin. Hauekin batera Galtzagorrien taldea, herburu Hernaniko Erraldoi eta Buruhandiak elkartea, Hernaniko Herri Musika elkarteko txistulariak eta Hernaniko dultzainariak irtengo dira. Plazara igota, bertan dantzatuko dute Ttarlako gaztetxoenek, eta segi­dan, 18:00ak aldera, haurren gu­tun eta muxuak jasoko ditu Olentzerok, 19:30ak arte.

Hori baino lehen, kale buel­tan aterako dira Kantuz abes­ba­tzako kideak ere, 12:00etan Mi­lagrosatik abiatuta. Eta baserriz baserri ibiliko dira Iraulio Pan­ttalone Bertso Eskolako kideak, Olentzero hartuta, arratsaldean, 16:00etatik aurrera.

Eta Olentzero Kaxkoan zehar ibili ondoren, Musika Ban­­da­ko kideak izango dira, kale ho­riek alaituko dituztenak, 20:00etan.

 

Goiz Eguzki Abesbatza, Sandiusterrin

Goiz Eguzkiko Abesbatzako kideak, gaur goizez, Sandiusterriko zaharren egoitzara joango dira. Gabonak girotzeko asmoz, Gabon kantak eskainiko dituzte bertan eta, ondoren, kalez kale ibiliko dira.

 

Olentzerorekin bi kale buelta, goizuetarrek

Goizuetan, behin ez, bi bider ibiliko dira herriko kaleetan ba­rrena, Olentzerorekin. Aurrena, goizeko 11:00etan abiatuta, Xalto eskolakoak aterako dira gabon eskean. DBH2koek ikas bi­da­ia egin dezaten izanen da bil­du­tako dirua.

Eta azkenik, Mari Domingi­re­kin batera iritsiko da Olentze­ro, 18:30etan. Txino auzoan egi­nen diete ongietorria, eta he­rri­an barrena ibili ondoren, goiko frontoian egonen dira.

Baina denetan goiztiarrenak aranoarrak izanen dira, goizeko 09:00etan jarri baitute hitzordua Suron. Olentzero hartuta ibiliko dira etxez etxe eta baserriz baserri, kantuan.

Eguberrietako kantak kantari ibiliko dira Aranon

Aranon ere gaur hasiko dituzte Eguberrietako ospakizunak eta Eguberri bezpera izanik, haurrek eta gurasoek kantuz alaituko dituzte herriko txokoak. Eguraldiak laguntzen badu, 09:00ak aldera gelditu, eta Olentzero bizkarrean hartuta, Suro auzotik abiatuko dira.

Handik Bentaberrira joanen dira, eta Latse eta Beheko Herritik pasa ondoren, eguerdirako Goiko Herrira hurbilduko dira. Eguerdian bazkaria eginen dute elkarrekin.

 

EGITARAUA

HERNANI

12:00 Kantuz abesbatza. Irteera Milagrosatik.

17:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Zinkoenean.

20:00 Musika Banda. Gabon Gaueko erronda. Kaxkoan.

ASTIGARRAGA

11:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Foru Plazan.

GOIZUETA

11:00 Xalto eskolakoak irtengo dira Gabon eskean.

18:30 Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria Txino auzoan.

ARANO

09:00 Olentzero eta Mari Domingirekin bizkarrean Surotik abiatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!