2022 iruditan: UZTAILA

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 26a, 11:00

2022ko urtea joan zaigu eta Kronikak urteko errepasoa egingo du hilabetez hilabete. 2022ko uztaila.

Uztailarekin batera udako oporrak hasten dira. Batzuk kanpora joaten dira eta besteak etxean geratzen dira bertako ekitaldiez gozatzeko. festak ez ziren falta Martindegin, Kaxkoan, Aranon, Astigarragan, Santa Barbaran... noski gero abuztuan erreleboa beste batzuk hartu zuten. 

 

Ekhilur kooperatibak, Udalarekin batera, Hernaniko merkatarien sarea aurkeztu zuten Biterin uztailaren 4an. Harategiek, barazki dendek, ile-apaindegiek, farmaziek, arropa dendek... Mota askotako ia 40 establezimenduk Ekhi tokiko txanpona onartu zuten, «Ekhilur sistemaren bidezko ordainketa baliatuz».

 

Indartsu bueltatu ziren San Fermin jaiak, bere esentzia eta normaltasuna berreskuratuta, Martindegi auzora. San Fermin eguna ostegunarekin tokatuta, lau egunera luzatu zuten festen ospakizuna. 

 

1800 kilogramo hondakin baino gehiago jaso zituzten Urumea ibaitik, Astigarragan. Mota ezberdinetako hondakin ugari ikusi zitezkeen ibai ertzeko ibar basoan zabalduta, nahiz zuhaitz eta landarediaren adarretan trabatuta, hala nola, plastiko arinak, plastiko gogorrak, neumatikoak, toailitak, arropak...

 

Asteburu bat lehenago hasi ziren Santio jaietarako motorrak berotzen Beietz musika taldearekin, eta pilota jaialdiarekin, besteak beste. Hala ere, uztailaren 22an hasi ziren Santio jai ofizialak, txupinazoarekin. Bost egun iraun zuten egitarau oso zabalarekin. 

Hasi ziren Santio Jaiak, Aranon ere! Emakumea eta kirola izan ziren protagonista aurten, festen hasierako txupinazoan; eta herriko emakume kirolariek bota zituzten suziriak balkoitik, Xabier Legarretak eskaini zien bertsoaren ondoren.

 

Eta hilabetea amaitzeko nola ez. Santa Barbaran San Inazioak ospatu ziren. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!