Zabalik dago Benito Ansola Sariaren VII. Edizioko izen ematea, ikus-entzunezkoak ekoizteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 00:00

Sariketaren zazpigarren edizio honetan, 3.000 euroko ordainsaria jasoko du proiektu irabazleak. Urtarrilaren 15ean itxiko da izen ematea. 

Zabalik dako Benito Ansola Sariaren VII. Edizioko izen ematea, eta halaxe mantenduko da 2023ko urtarrilaren 15era arte. Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bilerarekin batera antolatutako sariketa da, eta euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenaren sustapena indartzea da helburua. Sortzaile gazteei zuzendutako proposamena da, 18 eta 36 urte bitartekoei, eta aurtengo irabazleak 3.000 euroko ordainsaria izango du proiektua garatu eta gauzatzeko. 

Deialdi honetara disziplina eta era ezberdinetako ikus-entzunezko lanen proiektuak aurkezteko aukera dago; fikzioa, sorkuntza, animazioa, dokumentalak... edozein generotako izan daiteke. Aurkezteko baldintza bakarra originala izatea da; hau da, inon argitaratu gabekoa eta beste inondik moldatu gabekoa. 

Bi zinemagilek osatuko dute zazpigarren edizio honetako epaimahaia: Izaskun Urkijok eta Maider Oleagak. Lan guztien artean 3 finalista hautatuko dituzte, eta otsailean ebatziko dute, azken saio baten bitartez, zein den lan irabazlea. Ondoren, 2023ko Lekeitioko Euskal Zine bileran proiektuaren aurkezpen bat egingo du sarituak. 

 

Zuzendari arrakastatsuek parte hartu dute sariketan

Sortzaile gazteei bidea zabaltzeko asmo horretan, egungo zinemagile arrakastatsu ugari pasatu dira Benito Ansola Sariketatik: David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Oier Fuentes edo Imanol Gurrutxaga, sariaren iazko irabazlea. Informazio eskuragarri dago https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/benito-ansola/ webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!