2022 iruditan: MAIATZA

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 24a, 11:00

2022ko urtea joan zaigu eta Kronikak urteko errepasoa egingo du hilabetez hilabete. 2022ko maiatza.

Maiatza Langileen nazioarteko egunarekin hasten da urtero eta uda giroa somatzen hasten da festen hasierekin. Ospakizunak izaten dira auzo eta herrietan. Gainera Dobera-Kronikak Bertso Gutiziak berreskuratu zituen eta Ereñotzuko Mendi Lasterketa ere antolatu zen. 

 

Langileen Nazioarteko Egunean manifestazioa egin zen Hernanin, urteroko moduan. 

 

Maiatzaren 1ean bukatu zen musulmanen hilabete sakratua, eta aurreneko argi izpiekin elkartu ziren maiatzaren 2an goizean, Hernaniko eta inguruko musulmanak, elkarrekin kantatu eta errezatzeko, Imanak gidatuta. 500 pertsona inguruk bete zuten Atsegindegi.

 

Bi urteko etenaldi luze baten ostean, Txinoko jaiak ospatu ziren maiatzaren bigarren asteburuan. Zubiondo Tabernako Eduardok eta familiak antolatu zuten festa. 

 

Urbieta kalea oinezko bihurtzeko lanak amaitu berri ziren maiatzean, Izpizua kaletik Elkanora doan zatian, hain zuzen ere. Herrian bolo-bolo ibili zen gaia, askorentzat apurtzailea izan baitzen azken emaitza. Herritarrek espazio publikoa berreskuratzea zen helburua, eta horregatik, ibilgailuen pasoa ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartu ziren. 

 

Dobera-Kronikak udaberrian, zehazki maiatzean, berreskuratu zituen Bertso Gutiziak. Arrakastatsuak izan ziren berriz ere eta bertan aritu ziren Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Oihana Iguaran eta Amets Arzallus. Ainhoa Urien aritu zen gai jartzaile lanetan. 

 

Maiatzaren 14an 'Moio' kalea inauguratu zen. Emozioa izan zen nagusi bertan. 

 

2022 urtea normalkuntzara bidean joan da eta bide horretan batzuk lasterka egin dute. Ereñotzuko Mendi Lasterketa horren adibide. Bi urte ondoren bueltatu zen maiatzaren 15ean. 

 

Baserritarrek ere ospatu zuten San Isidro jaia Hernanin, Astigarragan, Zamalbiden...

 

Ereñotzun bakarrik ez. Goizuetan ere berreskuratu zen Goizutrail Mendi Lasterketa, hainbat ibilbiderekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!