2022 iruditan: MARTXOA

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 22a, 11:00

2022ko urtea joan zaigu eta Kronikak urteko errepasoa egingo du hilabetez hilabete. 2022ko martxoa.

Martxoan udaberria hasten da eta erreibindikazioa hilabetea ere izaten da. Ekitaldi ugari izan ziren. 

Goizuetan, jai-giroak martxoko lehenengo astean jarraitu zuen eta Inauteriak amaitu ziren Hernanin eta Astigarragan. 

Martxoaren azken egunean Korrika hasi zen, baina martxoaren 5ean Korrika eguna ospatu zen Hernanin eta martxoaren 12an, Astigarragan.

 

Kaleak morez jantzi ziren martxoaren 8an emakumeen eskubideen aldeko erreibindikazioekin. Borrokarako eguna ere izaten da eta urteko egunik garrantzitsuena bihurtu da emakume asko eta askorentzat.

 

Bailarako kirolarentzat ere hilabete garrantzitsua izan zen. Suharri Rodríguez 'Paolla'k Urrezko Aizkolarien Binakako txapela jantzi zuen Azpeitin, Txikia IV.arekin batera. Gainera, egun bat beranduago, Castron, Maialen traineruak bandera irabazi zuen. 

 

Ondasun batzuek prezioen gorantzako joera izan zuten azkeneko hilabete luzeetan, gasa, argindarra eta erregaia kasu; eta igoera hori biderkatu egin zen martxoan, Ukrainako gatazkaren eta Errusiari ezarri zizkioten zigor ekonomikoen eraginez. Bailarako garraiolariei kalte haundia suposatu zien.

 

Martxoaren 15ean Sahara hegoaldeko hautsa bai­lararaino heldu zen. Gauean eta goizaldean, hauts gorriak estali zituen kaleetako kantoiak, eta hego-haizearekin udaberri beteko tenperaturak izan ziren. Fenomeno historiko bat izan zen, ez baita batere ohikoa iberiar penintsulako iparraldean horrelako eragina izatea. 'Kalima' egon zen.

 

Martxoaren 22an ilunabarrean, Arranbideko benta erre zen, Goizueta eta Arano artean. Goizuetako suhiltzaile boluntarioek azaldu dute gaueko 20:50ak aldera jaso zutela deia: «suhiltzaile parkera joan ginen materialaren bila, eta ziztu-bizian gerturatu ginen Arranbidera. Heldu ginenerako suteak Benta hartu zuen.

 

Benetan berezi zein hunkigarria izan zen martxoaren 26a, Zikuñagako auzotarrentzat. Zikuñagako Ama ermita inauguratu zuten, 35 urteren ondoren berreraiki dutena. Eguraldi ederrarekin, prozesioan eraman zuten  Zikuñagako Ama Birjinaren irudia ermitara, eta eskaintza ugari egin zizkioten Zikuñagako Amari, besteak beste, loreak, kantuak... Egun eguzkitsuarekin batera, amaiera paregabea eman zioten inaugurazioari erromeri baten bueltan, trikitilarien doinuak lagun izanik. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!