Ilusioz sartu dira Hernani eta Astigarraga UEMAra, elkarlanean aurre eginez erronkari

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 21a, 00:00
Astigarragako udaletxean bildu ziren, astelehenean.

Xabier Urdangarinek ondorengoa gehitu zuen: «UEMAn eta mankomunitatea osatzen duten herrien sarean egoteak lagundu egingo digu, elkarri lagunduko diogu».

Xabier Urdangarin eta Xabier Lertxundi Astigarragako eta Hernaniko alkateek, Aintzane Barandiaran eta Oier Agirresarobe euskara zinegotziek, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok agerraldia egin zuten astelehen arratsaldean, Astigarragako udaletxean. Izan ere, larunbataz geroztik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide dira Hernani eta Astigarraga. Elkarrekin agertu nahi izan zuten astelehenean, UEMAn sartzeak zertan eragingo dien ezagutarazteko eta hizkuntza politikan dituzten erronkak nabarmendu zituzten, besteak beste.

Bi alkateek poza eta ilusioa adierazi zuten, «azken hamarkadetan, pixkanaka bada ere asko aurreratu dugu euskeraren ezagutzan. Hori herritar guztion ahaleginari esker izan da. Beraz, zorionak eman nahi dizkiegu herritar guztiei». 

UEMAko kide izateko ezinbestekoa da herriko euskaldunen indizea %70 izatea. Beraz, langa horretara helduta, udalerri euskaldunen artean daude Hernani eta Astigarraga, eta horregatik, pozez agertu dira bi udalerriak. Dena den, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearekin kezkatuta agertu dira, eta ondorengoa nabarmendu zuen Xabier Lertxundik: «erabilera haunditzea izango dugu datozen urteetako erronka». 

Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek gehitu zuenez «bide horretan, UEMAn eta mankomunitatea osatzen duten herrien sarean egoteak lagundu egingo digu, elkarri lagunduko diogu. Ilusioz elkarrekin ekingo diogu erronkari eta, ezagutzan aurreratu dugun bezala, erabileran ere aurreratu nahiko genuke, denon ahaleginari esker.

Gainera, bai Hernanik eta baita Astigarragak ere, teknikari bera izango dugu: Iker Salaberria».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!