2022 iruditan: OTSAILA

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 21a, 11:00

2022ko urtea joan zaigu eta Kronikak urteko errepasoa egingo du hilabetez hilabete. 2022ko otsaila.

 

Otsailean aspaldiko albisterik garrantzitsuenetakoa iritsi zen. Otsailaren 14an, EAEn, Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaile guztiak kendu eta larrialdi egoera indargabetu zen.

 

Astebete lehenago Astigarragan herri galdeketa izan zen Sagardoetxe berriaren proiektuaren harira. Xabier Urdangarin alkateak adierazi zuenez emaitza «argia» izan zen, izan ere, Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenari buruzko galdeketan ezezkoa gailendu zen botoen %63,53arekin. Guztira 713 herritarrek hartu zuten parte. Otsaila ohikoa izan zen eguraldiari dagokionez, hotza eta euri gutxirekin. 

 

Ereñotzun Olak Auzo Elkarteak auzoko eta Urumea bailarako identitate eta ondare gaien inguruan, herritarrak aktibatu eta herri mugimendua martxan jarri zuen. Horrela, kezka ezberdinei oinarri komun bat emango liekete, eta beharbada, baita gune fisiko bat ere. Izan ere, zentral hidroelektrikoaren eraikina berreskuratu, eta herri mugimendu horren egoitza izan dadin egokitzeko aukera jarri zuten mahai gainean.

 

Otsaila ere Inauteri hilabetea izaten da eta bailaran berreskuratu ziren 2021eko hutsunea eta gero. Hori, hilabete amaieran izan zen, baina hasieran Santa Ageda ere ospatu zen. Hori bai, ez zen Kaldererorik izan ez Hernanin, ez Astigarragan. 

 

Kulturarteko Plaza Feministatik bultzatuta, otsailaren 10ean emititu zen Gobara podcastaren lehenengo saioa, eta Simone de  Beauvoir izan zen protagonista. Hilabetean behin eskaini da podcasta. Gobaran, feminismoaren alde nola arrazakeriaren zein inperialismoaren aurka bidea urratu duten erreferenteez aritzen dira, eta horretarako, mikroaren beste aldean, Ana Iruretagoiena kazetariak jartzen du ahotsa.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!