Apezetxeatarrek ezin izan dute finala irabazi

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 19a, 14:56

DV Torneoan, Antton Apezetxeak Nagusien mailan galdu zuen eta Beñat Apezetxeak, Promesen mailan.

Larunbatean jokatu ziren Diario Vasco Torneoko finalak eta bertan ezin izan zuten garaipena lortu Antton eta Beñat Apezetxea goizuetarrek. Iñaki Elola (Aurrera Tolosa) eta Antton Apezetxeak 22-19 galdu egin zuten, Senior mailan, Josu Igoa (Oberena) eta Gorka Ugartemendiaren aurka (Aurrera Tolosa). Sakean egon zen aldea nagusien mailan.

Promesen finalean Unai Amianok (Aurrera Tolosa) eta Carmelo Lozak (Barberito) 22-18 irabazi zuten Beñat Apezetxea (Erreka) eta Ander Arroitaren (Adiskide) aurka. Partidu bikaina jokatu zuen aurrelari goizuetarrak, baina ezin izan zuen irabazi.

Loza errioxarrak atzealdean zuen nagusitasuna argia zen, baina Arroitak ere borrokalaria dela erakutsi zuen pilota eramaterakoan. Partidu berdindua izan zen, baina 18nakoan Amianok ederki amaitu zuen 19garrena, atzean egin zituzten 20 eta 21garren tantoak eta 22garrenarekin amaitu zen finala. 


Jardunaldi gazi-gozoa CD. Hernanik

Jardunaldi gazi-gozoa izan zen C.D.Hernaniko pelotarientzat, une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. Trinketeko sailkapen fasea amaitu ondoren, klubeko hiru bikote finalerdietarako sailkatu dira, baina pelotalekuan jokatu ziren lau kanporaketak galdu ziren. Bederatzi garaipen eta 12 porrot dira jardunaldiko azken balantzea.

Emaitzarik onenak Gipuzkoako Trinkete Txapelketan lortu ziren. Hiru bikote finalerdiak jokatzeko sailkatu ziren.
Kadeteetan, Joseba Arretxe-Martin Alberdik bi partida irabazi eta bat galdu dituzte sailkapen fasean eta multzoko bigarren postuan sartu dira.
Jubeniletan ,Unax Manterola-Markel Urdangarin eta Xuban Iturbe-Oier Alegria bikoteek sailkapen-faseko partidu guztiak irabazi dituzte eta multzoko lehen postuan sartu dira.

Emaitzarik txarrenak frontoiko lau porrotak izan ziran, Gipuzkoako banakako Txapelketako final-laurdenetako lau kanporaketetan.
Oier Azpeitia Lehenengo mailako kadeteak 18-7 galdu zuen Izagirreren (Lapke) aurka. 
Xuban Iturbe eta Julen Deskarga Bigarren mailako gazteek ere galdu egin zuten kanporaketa. Iturbek 22-20 galdu zuen Bidezabalen aurka (Ilunpe). Deskargak 22-14 galdu zuen Contrerasen (Ataun) aurka.
Bukatzeko. Jon Jara Bigarren mailako seniorrak ere 22-7 galdu zuen Sasiainen (Abantzu) aurka, partida hasieratik aurkaria nagusi izan zen.
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!