MAIALEN LUJANBIO
«Bizipenek eta eskarmentuak lasaitasuna eman didate»
«Poz haundia da txapela irabaztea. Zorionak eman nahi dizkiet txapelketan parte hartu duten bertsolari guztiei. Ale bikainak entzun dira, baina balorazioa egitea zaila da burrunba honetan. Luzea eta lantsua izan da finala eta momentu batzuetan korrontearen aurka aritu naiz eta beste batzuetan sintonizatuago ibili naiz, buelta emanda. Finalean zuzenean aritzeak eta txapela defendatzea ezberdina izan da. Ni aldatu naiz. Ez dut ezer berezirik egin, jakinda zaila zela. Mentalizatua nengoen. Banituen bizipenak eta eskarmentu horrek lasaitasuna eman dit. Ikasi egiten da, gaurkoan esanahi ezberdina zuen finalak, zentzu ezberdina. Kontextu horretan lasaiago aritu naiz. Irabazteko derrigortasunik gabe, anbizioa hor egon arren. Beste ikuspuntu horrek mesede egin dit».
AITOR MENDILUZE
«Hobeto noa etorri naizena baino. Asko irabazi dut final honetan»
«Zorionak eman nahi dizkiet denei. Lan haundia dago atzetik eta kolektiboki zoriondu nahi ditut oholtza gainean aritzen direnei eta oholtza prestatzen dutenei ere bai. Sentsazio ona izan dut finalean zehar. Ez fisikoki, ez emozionalki, ez naiz lotuta sentitu. Sentsazio ona izan dut, gozatu dut eta eroso aritu naiz. Saiatu naiz hori islatzen. Bertsolariak zoriondu nahi ditut. Hustu egin naiz eta kargatu ere bai emozioz eta sentsazioz. Final honetan asko irabazi dut pertsonalki. Hobeto noa etorri naizena baino. Bertso gehienekin gozatu dut. Gustura noa etxera egin dudan saioarekin eta izan ditudan sentsazioekin».
NEREA IBARZABAL
«Haserre amaitu dut nire buruarekin, ez baitut ongi pasa»
«Oso zortedun sentitzen naiz parte hartu izanagatik eta argazkian egoteagatik. Belaunaldi honen parte izatea ikaragarria da eta gehiago nire belaunaldiarentzat, Maialen bezalako 'referente reina' baten alboan egoteagatik. Kolektiboki ederra izan da. Pertsonalki ez dut ongi pasa. Beldurrarekin aritu naiz hasieratik eta ez nuen gozatzen. Haserre nago neure buruarekin. Arratsaldera arte ez naiz nahi bezala aritu. Emozio haundia sentitu dut eta ez dut negarrik egin. Agian hori okerragoa izan da. Blokeo emozionala izan dut hainbeste pertsonen artean. Negarra egin banu askatu egingo nuen beharbada. Hori izan da sentitu dudana finalean».
BEÑAT GAZTELUMENDI
«Final honetan asko ikasi dut, erregularragoa izan nahi nuen»
«Finala amaitu eta berehala ideia solteak ditut. Finala ez da Iruñeara etorri, baizik eta ekarri egin dugu bertara. Pribilejioa izan da horren parte izatea. Elkarri ongi eutsi diogu. Eskerrik asko denei eta taldekide izatea ederra da. Noski, zorionak Ametsi eta Maialeni. Orain arte erregulartasuna falta nuen, irregularra nintzen eta hemen horri buelta eman diot. Saio nahiko osoa egin dudala uste dut eta asko ikasi dut final honetan. Guzti honetan parte hartzea benetan da eskertzekoa».