Sekulakoa, izugarria, haundia, bikaina, ederra edota historikoa. Hitz asko daude Maialen Lujanbiok lortu duena definitzeko, eta, aldi berean, motz geratzen dira guztiak. Hirugarren txapela lortuta, Manuel Olaizola Uztapideren marka berdintzea lortu zuen hernaniarrak atzo, Iruñean.
Jakinmiña zegoen bertso munduan, aurreko edizioko txapelduna finalera nola iritsiko zen jakiteko gogoa, eta, ohi bezala, ez zuen jakinmiña luzatzeko tarterik utzi. Ariketa guztietan erakutsi zuen sekulako maila; zorrotz behar zenean zorrotz, eta umoretik ere fin. Nafarroa Arenako 13.300 bertsozaleen txaloen artean, Iñaki Muruaren eskuetatik jaso zuen txapela, eta gizartean txertatutako desesperantzaren aurkako borrokari egin zion erreferentzia azkeneko agurrean.
Amaierara iristeko, ordea, hasiera izaten da lehenengo mugarria. 11:00etan zen hastekoa finala, eta puntu puntuan, segunduak neurtuta, igo zen Aritz Bidegain oholtza gainera. Orduantxe hasi ziren berotzen bertsozaleak, eta txistu, oihu eta txaloekin aupatu zituzten zortzi protagonistak oholtzara bitarteko pasabide luzean zehar. Begi distiratsuekin iritsi ziren oholtzara Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi, eta ahal bezala eutsi zion bakoitzak barne bulkadari.
Etxetik eramandako helburuak argi utzi zituzten hasierako agurretan; itsutzen direnei begiak zabaltzeko gogoa adierazi zuen Aitor Mendiluzek, eta jendea dantzan jartzeko nahia Amets Arzallusek. Intentzio eta helburu jakinez gain, finalaren atarian hainbeste aipatu den argazki berriari egin zioten erreferentzia Nerea Ibarzabalek eta Maialen Lujanbiok. Agurrak botata, lokatzetara jaisteko garaia iritsi zen.
Ez da trago goxoa izaten lehenengo ariketa. Kosta egin zitzaien batzuei bertsoaldi osoari eustea 8ko handian, baina gehienek utzi zituzten ale politak. Guztiak fin, baina Maialen Lujanbio fiñen. Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo agerraldian ez zuen zalantzarako tarte txikienik ere utzi; bikain aritu zen 8ko nagusian, Alaia Martinekin batera. Umoretik egin zuten klima aldaketaren gaineko kritika, itsas-ertzeko denda bateko dendarien larrutik. Hasieratik bilatu zituzten erreferentziak bertsoak lurrera jaisteko; Donostian kokatu zuten denda, eta abiapuntu horretatik klima, alokairuen prezioak eta dendarien egoera izan zituzten hizpide, besteak beste. Bikain borobildu zuen Lujanbiok bertsoaldia, aurrez aipatutako ideia guztiak bi esalditan bilduta: «ekonomia zirkular hori hau baldin bada ba kito; lehenengo justu, ondoren pobre ta azkenerako ito».
Lau bikoteek lehen ariketa bukatu orduko piztu zen umore egarria entzuleen artean. Zortziko txikiak berezkoa duen zorroztasunera gerturatzen saiatu ziren finalistak, nahiz eta ez zuten lortu Nafarroa Arena guztiz lehertzea. Saio txalotuena aurreneko bikotearena izan zen, Aitor Mendiluzeren eta Amets Arzallusen artean osatutakoa. Izkutuan bere hilkutxa prestatzen zebilen arotza zen Arzallus, eta Mendiluze lankidea, gertaeraz ohartuta, galderak egiten hasi zitzaion. Kutxak bientzat balio zuelakoan, norbere buruari barre egin zioten bi gorputzen arteko ezberdintasunak nabarmenduz, eta bertsoaldi koloretsua osatu zuten.
Binaka bi ariketa osatu ostean, puntu erantzunak iritsi ziren, lehenengo banakako proba. Ariketa arriskutsua eta irristakorra izan ohi da, osatzeko deserosoa, baina erori gabe gainditu zuten proba zortziek. Goizeko azken aurreko ofizioan bikotekako lanera itzuli ziren berriro, 6ko motzarekin, eta beste dozena bat ale eder abestuta. Nerea Ibarzabalek eta Amets Arzallusek, esaterako, bi baserritar gazteren azaletik kantatu zuten, proposamen berritzaileen bila, eta ale politak utzi zituzten.
Goiza amaitzeko, 13:00ak aldera hasi zen azkeneko ariketa: ganbarakoa. Honakoa izan zen finalistek hiru bertso nahi zuten doinu eta neurrian abesteko gaia: Irribarre konplizea egin diozue elkarri. Beste behin argi geratu zen bertsolari adina helduleku dituela gai bakoitzak; irakasleak, gurasoak, haurrak, gazteak, ekintzaileak, pertsona zaurgarriak... denetik izan zen oholtzan. Ganbarako lan puntuatuena, 207,5 punturekin, Alaia Martinena izan zen, neska batekin ligatzen zuen bigarren lehen aldia deskribatuta: «azken batean eremu libre bat baita gorputza; zertan mugatu plazerra bihurtzeraino kamutsa; eleanitza denean gure gorputzen hizkuntza».
Goizeko txinpartetatik arratsaldeko sutera
Goizean bezain puntual, edo gertu, hasi zen arratsaldeko saioa. Alaitz Rekondoren gidaritzapean, azken 10 bertso puntuagarriak abestu zituzten zortzitik seik. Doinu biziagoak aukeratu zituzten agurretan, eta sortutako giro epela ez zen jaitsi arratsalde guztian zehar.
Neurri txikian hasi ziren lanean, 10eko txikian. Gorputzaldi onean itzuli ziren guztiak bazkalordutik, eta bakoitza bere maila gorenera gerturatzen joan zen, pixkanaka. Bikaina izan zen Nerea Ibarzabalek eta Maialen Lujanbiok osatutako ofizioa. Herri txiki bateko biztanleak ziren, 80 urtekoa Ibarzabal, eta 20 urtekoa Lujanbio. Gai horren gainean eraiki zuten egungo errealitate askoren gaineko diskurtsoa, Itzaltzu herrian lur hartuta. Sortutako giro onaren erakusgarri izan zen, 10eko txikiarekin jarraituta, Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak osatutako ariketa. Lehen aldiz nota txarrak atera dituen nerabe bat zen Arzallus, eta gurasoa Colina. Bertsoaldiaren bidezidorretatik joanda, sexu heziketari buruz jardun ziren bi lapurtarrak, eta irribarre txikiak ikusi ahal izan ziren publikoaren artean.
Sua piztua zegoen jada, ez zegoen giroa itzaltzeko modurik, eta, kasu horietan, gasolinaren funtzioa betetzen du puntukako ariketak. Puntu erantzunetan bezalaxe, Aitor Mendiluzek lortu zuen balorazio haundiena, ariketa mota honetan maisua dela erakutsita. Maialen Lujanbiorekin osatu zuen ariketa, eta barrez lehertzen utzi zuten Nafarroa Arena. Haurrak galdu zituzten bi begirale ziren, eta bete-betean asmatu zuten pertsonaiak eraikitzen. Saio txukuna izango zela aurreikus zitekeen lehenengo bertsoarekin, eta bikain garatu eta borobildu zuten: «AM: Ojala zintzoago izan bazinate; ML: Gehio ez degu egingo guk txangorik bate; AM: Bueno ta galduta zer eurentzako kalte; ML: Hor konpon, gu ya goazen hemendik aparte».
Puntukako lan txukunak osatuta, ez ziren aparte geratu, baina aparteko bertsoak sortu zituzten bakarkako ariketan; gehienentzat azken ariketan, eta bereziki txukun erantzun zuten bailarako bertsolariek. Urte luzez isilik gelditu ondoren, txikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duen pertsona bat gorpuztu zuen Ibarzabalek, bere nerabezaroko agendarekin egin zuen topo Gaztelumendik, zezenketen aurka estreinakoz agertu zen Mendiluze, eta garbitzailea izatea egokitu zitzaion Maialeni. Osatutako saio bikainaren erakusgarri, Lujanbioren lana izan zen, beste behin, puntuatuena.
Erakustaldiaren jarraipena
Epaileen ebazpena jasota, Amets Arzallusen eta Maialen Lujanbioren izenak ozen irakurri zituen Alaitz Rekondok; 2009ko eta 2013ko finaletako buruz burukoen erreplika berritua sortzeko. Abantaila dezentearekin sartu zen Lujanbio, Arzallusek baino 46 puntu gehiagorekin, eta aldea mantentzeko motibo asko eman zituen hernaniarrak. Azken faseko lau ariketatik hirutan lortu zuen hendaiarrak baino puntuazio altuagoa.
Berrikuntza edo berreskurapen bat zen lehenengo ofizioa, Iparragirre abila dela doinua itzuli zelako, 21 urteren ondoren, buruz burukora. Txinpartak sortzeko modukoa izan zen gaia, irakurri orduko algarak sortzen dituen horietakoa: «Gehiegizko lotsa lantzeko terapian ezagutu duzue elkar. Hitz egiten hasteko ordua da». Gaia entzun orduko hasi zen erakustaldia. Arratsaldeko saio guztian zehar erakutsitako maila mantenduz, bazter guztiak astindu zituen Lujanbiok. Saio arinak izan ziren buruz burukoan osatutakoak, abiadura haundian sortu zituzten bertsoak biek ala biek, eta teknika izugarria dutela argi geratu zen. Zortziko txikian ere asmatu zuten Lujanbiok eta Arzallusek; Maialenen biografia pelikulan hernaniarraren rola bete behar zuen aktorea zen Amets. Bakoitzaren ezaugarri fisikoak aipatuta, aretoa lehertzea lortu zuten. Ganbarakoan, «Ez dago B planik» gaiari bi auzi sozialei erantzun zieten biek: transexualitateari Arzallusek eta pandemiari Lujanbiok.
Txalo zaparrada ikaragarriak jasota, eta tentsioa areagotu zuen itxaronaldiaren ondoren, Idoia Anzorandiari egokitu zitzaion txapeldunaren izena esatea: «2240 punturekin 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna, Maialen Lujanbio!». Pozarren ospatu zuen hernaniarrak, irribarre propio eta konplizeak batuta, baita oholtzako gainontzeko kideek ere. Bukaerarako utzi zuen helarazi nahi zuen mezua Maialen Lujanbiok, eta halaxe amaitu zuen, hirugarren txapela jantzita zuela, bertsolaritzaren historian koska bat gehiago igo zuen eguna: «Kontrapisu eginez eskuin balantzari; txapela bete indar, mingaina dantzari, borroka irabazteko desesperantzari».