[ZUZENEKO JARRAIPENA] Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Nafarroa Arenatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 18a, 10:09

[ZUZENEKO JARRAIPENA] Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Nafarroa Arenatik

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final haundia jokatuko da gaur, Iruñeko Nafarroa Arenan. Eta bertatik bertara jarraituko du Kronikak. Zuzeneko jarraipena egingo diogu hemen: bertsoaldiak, argazkiak, giroa...

2022ko abe. 18a, 20:44

Iñaki Murua Jauregik jarri dio txapela Maialen Lujanbiori, eta honako agurra utzi du txapeldunak, gaurko finalari bukaera borobila emateko:

Herriak ta hizkuntzak
zuten norantzari
gai gehio lotu zaio
lehengo ardatzari
ta munduak hartu dun
itxura latzari
aurre egiteko beraz
laguna altza hadi
bultza hainbat borroka
ederren martxari
kontrapisu eginez
eskuin balantzari
txapela bete indar
mingaina dantzari
borroka irabazteko
desesperantzari.

2022ko abe. 18a, 20:36

Amets Arzallusen bukaerako agurra:

Zorionak Maialen maite
denok gaituzu goratzen
ez dut terapia beharrik
postuaz ez naiz lotsatzen
euskaldun bat sor liteke
Zumaian edo Goiatzen
euskalduna sor liteke
Konakrin edo Lapazen
euskara da beltzik beltzen
euskara da transik transen
gorputz onartu gabe bat
mundu berriak asmatzen
ta ibili gabe inori
pasaporterik eskatzen
euskaratik has gaitezen
bizitza oro askatzen.

2022ko abe. 18a, 20:33

Aitor Mendiluzeren bukaerako agurra:

Zorionak mito pare
orain mitoago are
ta zuei gure zutabe
milesker zorretan gaude
baina ez nuke joan nahi ama
zutaz gogoratu gabe
inoiz ez degu euskeraz egin
ez zera hizkuntzaren jabe
bertso eskolara zure eskutik
iritsi nintzen halare
ta gaur ez zaude Arenan baina
oholtzan nerekin zaude.

2022ko abe. 18a, 20:30

Sustrai Colinaren bukaerako agurra:

Lehen topa gure dekandentziaren
onean gaudenentzat
gorantz erori eta josteko
justiziaren larru beltzak
baina garenez jendez eginak
gora Maialen ta lagunminak
segi hauspotzen ametsak
etorkizun bat nahi dut zuentzat
Ekainentzat, Aiurrentzat
emakumezko, asterisko ta
gizon berri kasientzat
hitzek ekintza eskatzen dute
baina gaurkoak izan nahi luke
bihotz taupada bat behintzat
gutasun berri batentzat.

2022ko abe. 18a, 20:27

Alaia Martinen bukaerako agurra:

Maialen maite zaitugu
zorionak eta ‘xapo’
argazki berri honentzat
zu izan zaitugu marko
beste muxu bat hor zehar
nire hiru amonentzako
Getxotik hona bidea
plazer bat zen niretzako
zuen babesean egin
dit bihotzak gorantz salto
baina eskertu nahi nuke
beste zenbait norbanako
ahizpei eta konplizeei
bihotzez eskerrik asko
gu ahalduntzeko sare bat
josi diguzuelako.

2022ko abe. 18a, 20:25

Beñat Gaztelumendiren bukaerako agurra:

Mila zorion zuri Maialen
ezetz eraman ahanzturak
gaur berriz ere sortu dituzun
kilimak eta azkurak
eta behin hiriburuz agian
hautsi ditugunez mugak
pentsa dezagun hemen ze leku
merezi duen kulturak
eta irauli nahi dituenak
gure arteko egiturak
elkarrizketan eraiki bere
ziurtasun eta dudak
arrakalatu fosildutako
inertziak ta ohiturak
bertsolaritzan aurki dezala
eragiteko leku bat.

2022ko abe. 18a, 20:22

Nerea Ibarzabalen bukaerako agurra:

Maialen badakin zer den
historia irutea
merezi dun Olinpora
sorbaldetan erutea
eskertzen dut pentsalari
feministen bertutea
militante euskaltzaleek
nekaezin jardutea
denontzat edertasuna,
duintasuna ta arkupea
erretako mundu honek
sarri saltzen digu kea
guztia denean bortxa
presa ta diru trukea
ekintza iraultzaile bat
da elkarri entzutea.

2022ko abe. 18a, 20:20

Joanes Illarregiren bukaerako agurra:

Zorionak Amets, Maialen
berriz ere goiko kotan
hori entzungo zenuten
beste norbaiten ahotan
lehenik besarkada bat
daudenei ziega zulotan
berdin euskera zabaltzen
dutenei nafar txokotan
zer garen, nondik gatozen
ahaztu arren askotan
gaur hau dena bete dugu
birgogoratu asmotan
aurrera ere luzaro
segi nahi nuke bertsotan
haundi sentiarazi ohi
gaitun mundu txiki hontan.

2022ko abe. 18a, 20:17

Sari banaketarekin hastera doaz, horiek banatuko dituztenei omenaldia eginez. Segidan kantatuko dituzte bukaerako agurrak, zortzi finalistek.

2022ko abe. 18a, 20:14

Eta zortzigarren, 1.421,5 punturekin, JOANES ILLARREGI MARZOL

2022ko abe. 18a, 20:13

Zazpigarren, 1.435,5 punturekin, NEREA IBARZABAL SALEGI

2022ko abe. 18a, 20:12

Seigarren, 1.443,5 punturekin, BEÑAT GAZTELUMENDI ARANDIA

2022ko abe. 18a, 20:12

Bosgarren, 1.493,5 punturekin, ALAIA MARTIN ETXEBESTE

2022ko abe. 18a, 20:11

Laugarren, 1.495 punturekin, SUSTRAI COLINA ACORDARREMENTERIA

2022ko abe. 18a, 20:11

Hirugarren, 1.507 punturekin, AITOR MENDILUZE GONZALEZ

2022ko abe. 18a, 20:10

Bigarren, 2.166 punturekin, AMETS ARZALLUS ANTIA

2022ko abe. 18a, 20:08

Gaurko saioaren irabazlea, eta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna, 2.240 punturekin...
MAIALEN LUJANBIO ZUGASTI!

2022ko abe. 18a, 20:05

Hasi da zurrumurrua harmailetan... Badator idazkaria puntuazioen sobrearekin!
Berehala jakingo dugu zein den 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea.

2022ko abe. 18a, 20:01

Maialen Lujanbioren ganbarako lanarekin, bukatu dira finaleko ariketa puntuagarriak. Orain, epaimahaikideen puntuaketaren zain geratuko gara denak, txapela nork jantziko duen jakiteko.

2022ko abe. 18a, 20:00

Maialen Lujanbio, ganbarako lanean: ‘Ez dago B planik’

Ez dago planik, ez da B planik
dagon plan bakarra A da
gure buruak ezagutzeko
garaia genuke jada
gure ustetan ondo bizi ohi
ai covidak ze zartada
errezelotsu jarri genion
auzoari begirada
ta galdu dugu lehengo arnasa
eta balizko patxada
eta ez gara saretu eta
protestan irten plazara
hobeak irten behar genuen
ta lehengo berberak gara.

Orain dena da pribatizatze
ezker-eskuin, dinbi-danba
osasungintza adibide bat
nola jetsi duten langa
hezkuntzak ere latza pasa du
ta ai gazteen demanda
bi urte luzez musuko hori
klaseetan eramanda
egin genuen elkar zaintza ta
auzo zaintzen propaganda
baina aukera heldu denean
edo ekiteko txanda
komuna izan zitekeen dena
komun zulotik joan da.

Ez nago ziur agintaritzan
dagon jende arlotea
ez dakit zer den gauza hobea
Santxo ala Kixotea
ze amestea garai batzutan
ez da hain gauza torpea
mentalitate excel honekin
galdu baitugu zortea
eta aurrera begira dugu
apustu haundikotea
etorkizuna gure eskutan
dago, bai, hala otea
beldurgarria da etorkizuna
gure esku egotea.

2022ko abe. 18a, 19:52

Maialen Lujanbio, hitza emanda: ‘Oreka’

Desorekatik bada
hamaika genero
prentsan ikusten dugu
hori egunero
landun ta langabetu
ipar eta hego
etxedun ta etxegabe
hamaika endredo
zaudenean bero
ongizatez edo
dena bertan bego
gerokoak gero
zail da berreskuratzen
galdu ezkero.

2022ko abe. 18a, 19:43

Amets Arzallus, ganbarako lanean: ‘Ez dago B planik’

Behin alabak esan zidan
ikilimiliklik
aita ni mutiko bat naiz
ta aita ixilik
ez zen mugitu ezpainik
eulirik, aulkirik
ia bi ordu pasatu
nituen geldirik
geroztik ez da izutzen
ez nauen zubirik
ederra dela dionak
ez dio egirik
erreza dela dionak
ez dauka begirik.

Normalaren esanahiak
gauzka beste puntan
zorionaren planaren
bilaketa huntan
alaba bat zen seme bat
baikenuen ukan
edo alderantziz hitzekin
hor gabiltz burrukan
zertan ukatu malkotan
urtzen naiz batzutan
gero gaizki sentitzeko
neronen putzutan
negarraren iturria
nork dauka eskutan.

Duda argitzeko berriz
hitzak zirri-zarra
ez aita, ez da B planik
hautsi lege zaharra
zer da neska, zer mutila
zer eme, zer arra
nor demontrek ekarri du
zehaztu beharra
gurasoa ohi da haurren
lehen hezkuntz adarra
baina guk hegoaldean
daukagu iparra
harengandik ikastea
da bide bakarra.

2022ko abe. 18a, 19:38

Amets Arzallus, hitza emanda ('Oreka'):

Hizkuntzetan badira
hemen zenbait talde
ta batetik bestera
pentsa ze alde
diglosiaz egingo
bagenuke galde
erdera ta euskera
noizko parez pare
gu beti erabe
mutu eta grabe
sarri hitzik gabe
ta besteak jabe
orekatikan oso
urruti gaude.

2022ko abe. 18a, 19:37

Ganbarako lanari ekingo diote biek, Ametsek aurrena eta Maialenek ondoren. 'Oreka' hitza emanda osatu beharko dute bertso bat, eta segidan hiru bertso gai honekin: 'Ez dago B planik'.

2022ko abe. 18a, 19:33

Zortziko txikian, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus (Maialen hasita):

Maialeni buruzko pelikula biografiko bat egin behar dute. Ametsek beteko du Maialenen papera filmean.

Nik bai zerbait nuela
androgino kutsu
norbait aukeratuko
eta hautatu zu
kortxo puntari eman
metxeroakin su
betartea pixka bat
belztu beharko duzu.

Lasai, ni ere banaiz
mira beltzekoa
ta hemen sentitzen naiz
aski etxekoa
errea egiteko
zure antzekoa
nahita hautatu naute
Ipaggaldekoa.

Bastante ona zara
errean kopian
nere kolorerik ez
dezu bekokian
burua nola jarri
pinta egokian
ilea dugu juxtu
kontrako tokian.

Ai gure lepogainak
nolako kulunka
zu sotana bat zara
ni elur maluta
kostako berdintzen
zuk daukazun looka
ez dakit nor egin behar
didan ba peluka.

Filmari aukera bat
emango diogu
gero beharko ditu
atrezzo ta koru
estra batzuk ere bai
eta hor gero gu
Amets Arzallusena
zeinek egingo du.

Ba doble baten bila
hor hasi naiz soaz
hautagairen batzuk jo
ditut lehen pausoaz
Egaña, Mendiluze
aukeretan doaz
ta beste batzuk ere
bidean gogoaz.

2022ko abe. 18a, 19:30

‘Iparragirre abila dela’ doinua, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus (Amets hasita):

Gehiegizko lotsa lantzeko terapian ezagutu duzue elkar. Hitz egiten hasteko ordua da.

Ia berrogei urte beteak
ta edozerk nau lotsatzen
eta hemen zu ezagutzerik
ene ez nuen pentsatzen
maitasun harremanak
sortzen dizkidan lanak
beti mutu naiz geratzen
ezpainetatik muxua beste
gauzik ez zait ateratzen.

Eta lurrera begira nengon
ni nere lotsa tarteko
zure ahotsa hor aditu det
ta ez horren aparteko
ta aipatu du muxua
lehenengotikan sua
pentsatu ze danbateko
bai zu bastante zara
lotsatia izateko.

Halaxe bainaiz, nunbait hala zen
neuk ikasi nuen era
maiz hitzek traba eiten didate
ta beste guztia fuera
halaxe naiz izatenz
neure argi ta itzalpez
ta aitortzea hobe da
batzutan lotsa falta duenak
bestetan dauka sobera.

Beraz lotsaren bulimia horretan
ibilia zara lehendik
lotasti ustez nahiko saurta
zinela uste nuen lehendik
ba ni nauzu Maialen
hori esan al det lehen
begira nago hemendik
zure antiajutan nere isladak
ere lotsa ematen dit.

Ene Maialen hain lotsatia
ta poemak nola trentza
zure hitz denei jarraitzen ere
barka ez zait hain erreza
baietz lotsak erantzi
ta traba denak ahantzi
eta josi hitzen ertza
gehiago kosta behar zaizu kentzen
zure begi-tarte beltza.

Beltzak badauka gozotik ere
ta egon zaite seguru
baina hortarako beharko ditut
ehun bat sesio inguru
berriz jantzi ta erantzi
baino ze atrebentzi
tipo honek ze helburu du
lehen eguna izateko ya
nahikoa hitz egin dugu.

2022ko abe. 18a, 19:13

Honakoak izango dira, buruz burukoan ariko diren bi bertsolariak, izenaren araberako ordenean: Amets Arzallus Antia eta Maialen Lujanbio Zugasti.

2022ko abe. 18a, 19:04

Bukatu dira zortzikotearen ariketak, eta segidan, epaimahaikideen erabakiaren arabera, bi bertsolari ariko dira buruz burukoan, txapelaren bila. Urduritasuna nabari da ikusentzuleen artean, nor izango diren jakiteko zain.

2022ko abe. 18a, 19:01

Aitor Mendiluze, banaka gaia emanda:

Urtero lagunekin zure hirian egiten diren zezenketak ikustera joaten zara. Gaur, lehenbiziko aldiz, ez zara zezen plazara agertu.

Zezen plazako nere trantzea
a ze tortura hara sartzea
pasako zena begitantzea
eta bizkarra tentso jartzea
baina urtero nere lagunen
ohitura izan da deitzea
betebehartzat hartua neukan
euren gisa aritzea
erabaki det behingoagatik
eurek ezetz aditzea
begiak ixten aritu ordez
ahoa irekitzea.

Uztailaren 7 eguna
Nafarroako festa duguna
Iruñean zezen-hiltze harduna
mundu osoan festa ezaguna
hango marru ta hango odola
buztan-belarri bilduma
nere lagunek esango dute
hi haiz hi tipo biguna
baina ez nago jasateko prest
ta ez naiz ni erruduna
itxurengatik gordetzen degu
barruan daramaguna.

Denbora tarte oso luzean
aritu naiz ni zuen klasean
denbora lasai ezin pasean
nere begiak itxi ezean
baina pausorik ez det eman gaur
zuek plazara deitzean
ta ez naiz berriz hara sartuko
zuek zoazten antzean
baina hori bai, berriz San Fermin
eguna ailegatzean
plaza kanpoan zain egongo naiz
pankarta baten atzean.

2022ko abe. 18a, 18:41

Beñat Gaztelumendi, banaka gaia emanda:

Etxea txukuntzen ari zarela, zure nerabezaroko egunerokoa aurkitu duzu.

Hara poema romantiko bat
Beñat nolako nibela
zenbat azukre ia-ia usteltzen
ere hasi zait gibela
orduan neuzkan 14 urte
ta orduko uste zaharren truke
betetzen nuen papela
bai Realeko posterrez neukan
bete-betea logela
Urtz gustukoa nuen taldea
beste askori bezela
zenbat maitasun erromantiko
arrazoi ahul, esaldi tinko
iruditu zait horrela
beste norbaitena dela.

Ikurrina bat pegatua du
bere azalean nabarmen
garai bateko utopia haiek
ze indar, ze erakarmen
tapan jartzen du gora herria
iritsiko da udaberria
gaur udazkena den arren
irakurriaz pentsatu dut bai
Beñat ixil zaitez, arren
mutiko hari esango nion
gauzatxoren bat pozarren
hainbeste negu, hainbeste uda
ohartzerako ya pasatu da
bai aldatu gara garden
ta eskerrak aldatu garen.

Garai batean sinisten nuen
arrazoian eta gudan
gaur egun berriz nire burua
aldiro jartzen dut dudan
galdera ikurra eta zalantza
eguneroko nire balantza
bai neguan ta bai udan
hala gabiltza estropezuka
ikasteko abenturan
mikro aurrera atera eta
ia auzolotsaren mugan
baina halere jakin nahi nuke
egunez egun urterik urte
lehen nor nintzen menturan
eta nor izan nahi dudan.

2022ko abe. 18a, 18:30

Maialen Lujanbio, banaka gaia emanda:

Egun osoa besteen etxeak garbitzen aritu ondoren, zure etxera ailegatu berri zara.

Lan bat finkorik ez daukat eta
ordea hiru lan orde
orduka egin eta indarrak
hurrengorako ere gorde
nere jabeen etxeak dira
mila klase ta kolore
dizdizka hantxe ipintzen ditut
euren zilar eta kobre
ezkertiarrak, aurrerakoiak
ta zenbait bikote progre
neri ordaintzat ematen dabiltz
beltzean pare bat sobre
ni nere lanaz harro banago
baina harro bezain pobre.

Gazteak eta emakumeak
ohi dituzte aukeratzen
ongizatea hola joan zaigu
atzeratzen atzeratzen
ze garbiketa beste lanekin
ez baitute alderatzen
eta guretzat kontratu batik
ere ez dute eratzen
lan jardunetik zortzi t’erditan
gauean naiz ateratzen
errekaduak egin ta gero
neure etxea zeratzen
eskubideak borrokatzeko
astirik ez zait geratzen.

Goizean goizik nere umeen
motxilatxoen garraio
haiek utzita autobusa hartu
eta patxadari aio
autobusean nere gisako
zenbait kide ta tokaio
auzo aberatsak gu denentzako
zerbait izaten darraio
lan bat hobea diru gehiago
ai izango banu nahio
baina garbitzen, erraz pasatzen,
hauts kentzen hor nabil iaio
gizarte zikin honi itxura
horrela txukuntzen zaio.

2022ko abe. 18a, 18:15

Nerea Ibarzabal, banaka gaia emanda:

Urte luzez ixilik gelditu ondoren, txikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duzu.

Nik ez nituen ondo bereizten
ukituak, erasoa
baina barruan ur putzu beltz bat
izan dut ondo jasoa
urte luzetan ez dut ikusi
barreneko arazoa
baina gutxien uste denean
esnatzen da marrazoa
ta olatu bat bezala bueltan
iritsia zait atzoa
bere eskuak bere begiak
bere arnasa mantsoa
amets gaizto bat bilakatu zen
nire osabaren altzoa.

Ta beharbada hau izango da
kontatzeko momentua
ez dakit nondik bilduko dudan
hortarako talentua
erdizka nahi dut aitortza eta
beste erdia mendekua
behingoz famili hontan bakoitzak
hartzeko bere lekua
eta nolabait hauts bihurtzeko
nigan dudan zementua
oroitzen baitut bere hitz hori
bere ahots diskretua
egon ixilik hau izango da
gure arteko sekretua.

Gero etxean izango ditut
bai susmo ta bai galdera
baina nolabait askatu behar
bihotz hontako galera
osaba zaharra dago etxean
ia ezin da atera
ta ondo dakit ez zaizkiola
irainez joango batera
baina bere erruz nire bizitza
ez da izan bizitza bera
eta egia aterako dut
dagokidan arabera
zure izena ez da hain garbi
joango lurrarenpera.

2022ko abe. 18a, 17:55

Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi aireportu bateko langileen paperean aritu dira, eskanerretik pasatzen den guztia ikuskatzen dutenak. Gaur ere harrituta daude...

2022ko abe. 18a, 17:51

Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze izan dira hurrengoak, haurrekin irteera egin duten bi begirale. Hamaiketakoaren orduan, kafea hartzera joan dira umeak han utzita, eta bueltakoan ez dute umerik topatu...

2022ko abe. 18a, 17:48

Puntutan hasi dira bertsolariak, eta Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin izan dira aurrenekoak, janari azkarreko furgoneta bateko saltzaileak. Iruñean daude, eta parrandazaleak gerturatzen hasi zaizkie. Finaleko bertsolariak izan dira gerturatu zaizkien horietako batzuk, antza denez...

2022ko abe. 18a, 17:43

Hamarreko txikian, Beñat Gaztelumendi eta Joanes Illarregi (Joanes hasita):

Joanes bezeroa eta Beñat okindegiko langilea dira. Joanes okindegira sartu eta erderaz eskatu du zuzenean. Beñatek euskeraz erantzun dio.

Hona ez naiz etortzen
sarri egunero
gaur lehenengo aldiz
eta hortan bego
zure azal beltzarana
ikusi ezkero
barra erdi bat erderaz
eskatu dut gero
gaizki ez ulertu baina
ez nuen espero.

Jardun naiz aditzean
ta jardun baldintzan
hara okindegian
zer nola gabiltzan
azala etiketa
bat dugu bizitzan
erdaraz sartu zara
arrotz baten gisan
lasai ez zara eta
lehenengoa izan.

Lehenengo momentuan
erori naiz kaput
nahiz eta ni dendara
heldu tinko ta zut
beraz lehenago ere
joan dira batzuk
zure hobebeharrez
hala egin dizut
eta nere tokian
ipini nauzu zuk.

Gorrituak dauzkazu
zure bi masailak
bi hizkuntzatan hasteak
badu abantaila
buenos dias, egunon
lehenbiziko maila
euro bat da un euro
nolako abaila
elkar ulertzea ez da
horren gauza zaila.

Ta uste dut elkar
ongi ulertzen dugula
beltzetik arroxera
doa pelikula
lehen esan dut ez nintzen
etorri sekula
baina nola euskeraz
didazun xuxurla
uste dut bihar ere
izango nauzula.

Lasai etorri zaitez
zu okindegira
mostradore ertzetik
naukazu begira
Euskaraldi garaian
txapa eta biba
baina lehenengo hitza
gazteleraz tira
gure eguneroko
ogia hori da.

2022ko abe. 18a, 17:35

Hamarreko txikian, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio (Nerea hasita):

Herri txiki bateko biztanleak dira: Nereak 80 urte ditu eta Maialenek 20. Azken hamarkadetan, geroz eta biztanle gutxiago dira herrian.

Itzaltzuko bazterrak
nahiz ederrez blaitu
ez ote da geroa
betiko amaitu
zuk ere nahiko duzu
lanerantz jarraitu
gazteak ere indar
nabaria baitu
zu ere hiriburuak
eramango zaitu.

Jendea etortzen da
hartzera atseden
baina bizi izateko
Itzaltzu aspermen
anbulategirik ez
hamaika asperen
eskolara Iruñera
pentsa zazu zer den
ni egoskorkeriak
mantentzen nau hemen.

Baina egin beharko da
gero nonbaiten lan
ta festa giroan ta
hamaika harreman
eraikitzen izango
duzu hainbeste lan
nahiz egoskorkeria
badagon zuregan
azkenean beharrak
baietz zu eraman.

Ez al zaitu lasaitzen
berrizko ezetzak
Itzaltzun daude guztiz
dauzkadan ametsak
biziberritu behar
ditut teila beltzak
bihurtu ez daitezen
gure herri ertzak
aborigenen postal
turismoarentzat.

Onddo bila etorri
ohi dira ugari
horrenbeste turista
izaki errari
baina amona honek
entzun zaitu adi
pozik nago ta segi
ari eta ari
beste esanahi bat eman
guztion lurrari.

Nahiz lurra daramaten
iada zorira
bateko kutsadura
besteko covida
jende hiritarrak ere
kontua hori da
baietz bueltan etorri
gu gauden tokira
bizitza nun dagoen
ohartuko dira.

2022ko abe. 18a, 17:30

Hamarreko txikian, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze (Aitor hasita)

Aitor gazte garaiko lagunen bazkaria antolatzen hasi da. Alaiari deitu dio izena eman dezan, baina pandemiaz geroztik jende askorekin elkartzeak deseroso sentiarazten duela esan dio.

Lehendabizi email bat
whatsappez lau mezu
gaur erantzuna hitzez
eman dezakezu
zer asko al zerate
kezkaz eta kexu
taldera elkartzeko
beldurrez zaude zu
sentitzen det sinistu
baldin badiezu.

Zer gertatu zen Aitor
egin memoria
zenbat jende isolatu
kontrako zoria
ez da hainbeste aldatu
orain historia
ta ezin dut erantzi
hain zama lodia
eztarrian daukadan
agorafobia.

Benetan jala dela
sinistu nahi nuke
baina urte bat joan zen
ta laister bi urte
ta agian pentsatu
beharko zenuke
datu, txerto, notizi
ta beldurren truke
bizia ez, bizitza
lapurtu dizute.

Bakoitzak bere uste
eta zirkustantzi
zenbat arau zorrotz ta
hainbeste distantzi
dena bilakatu zen
eraso ta antsi
nahiz ta txertoa hartuta
beste hainbat substantzi
beldurraren maskara
ezin dut erantzi.

Gizarte harremana
nahi zuten ekidin
kanpaina egin zuten
hala izan zedin
alperrik egin ditut
hainbeste ahalegin
baina gu elkartuko
gera berdin-berdin
zure maskara horrekin
nahi dezuna egin.

Nahi dudana egingo dut
hau da nire koba
Platonen itzal eta
beldurren aizkora
zuen bazkari hori
ongi irtengo da
ni ez naiz aterako
burbuilaz kanpora
utzidazu arnasten
nire erritmora.

2022ko abe. 18a, 17:29

Aitor Mendiluzeren hasierako agurra:

Behin pasatzen denean
jateko denbora
animo hitzak datoz
gehienon ahora
heldu elkarri eskutik
eta goazen gora
epaimahaikoek esan
dezatela nora
heldu elkarri eskutik
eta goazen gora
geratzen den zatia
latza izango da.

2022ko abe. 18a, 17:29

Beñat Gaztelumendiren hasierako agurra:

Lehenbizikoa joan da
hau bigarren proba
lehen begira egon naiz
areto ondora
beroki distiratsu
ta txandalak moda
hango mahai, hango aulki
hango kantinplora
Decathlon gure kontu
aberastuko da.

2022ko abe. 18a, 17:29

Maialen Lujanbioren hasierako agurra:

Ia sagardo, ardo
patxaran ta barren
tragoak hona ere
txinparta dakarren
ganbaran egon gara
palkoan Sadarren
zelaia hutsik eta
Lionel Qatarren
mobilei diximuluz
begiratu arren.

2022ko abe. 18a, 17:10

Nerea Ibarzabalen hasierako agurra:

Kabitzen ote gara
berriz argazkian (bis)
ezpatak ta labanak
takillen saskian
utzi al dituzue
berriz arrastian
trankil guk sartu dugu
modu narrastian
asmo punta zorrotz bat
mingainen azpian.

2022ko abe. 18a, 17:05

Sartu dira zortzi finalistak Nafarroa Arenako aretora, eta zozketa berriro eginda, honako ordenean ariko dira arratsaldeko saioan:
1-Alaia Martin Etxebeste
2-Nerea Ibarzabal Salegi
3-Sustrai Colina Acordarrementeria
4-Maialen Lujanbio Zugasti
5-Beñat Gaztelumendi Arandia
6-Amets Arzallus Antia
7-Joanes Illarregi Marzol
8-Aitor Mendiluze Gonzalez

2022ko abe. 18a, 17:00

Hastear da arratsaldeko saioa. Tripa beteta, animoak berrituta bueltatu dira ikusentzuleak, eta olatuak kateatzen ari dira harmailetan, bertsolarien zain dauden bitartean.

2022ko abe. 18a, 15:10

Aurreko finaleko arantza kentzeko moduko hasiera eman dio Beñat Gaztelumendik, gaurkoari

2022ko abe. 18a, 15:09

Gaur du txapelketako aurreneko saioa Maialen Lujanbiok, eta oso sendo ekin dio

2022ko abe. 18a, 15:07

Emozioak airean hasi du bere aurreneko finala Nerea Ibarzabalek

2022ko abe. 18a, 15:06

Bere seigarren finala, aurreneko lekutik hasi du Aitor Mendiluzek

2022ko abe. 18a, 15:03

Juanjo Uriak ez du hutsik egin, beste behin, ikusleen artean

2022ko abe. 18a, 14:59

Adi-adi jarraitu dute goizeko saioa, ikusentzuleek

2022ko abe. 18a, 14:52

Bukatu dira goizeko ariketa puntuagarriak, eta ikusleek txalo zaparrada batekin eskertu diete egindako lana bertsolariei. Finalistek hala aukeratuta, Joanes Illarregiren agurrarekin bukatu da finalaren goizeko saioa:

Ez baldin bazaizkigu
indarrak agortu
atsaldean bikoitza
nahi genuke lortu
orain lasai bazkaldu
mutturrak berotu
gero ebaki bat hartu
ta aulkira lotu
ta kafearen ttantta
etxearen kontu.

2022ko abe. 18a, 14:51

Beñat Gaztelumendi, ganbarako lanean:

Baloia borobila da
ta nire hanka zapala
aspaldi ezagutua
daukat porroten magala
jakin arren 10 urte
besterik ez dauzkadala
jolasorduko jokaldi
bakoitza da azken bala
kanpora joan zait baloia
hau da destinu zitala
ta Haritzek begiratu dit
begietan ze ahala
ezpain ertzetik zuzendu
dit irribarre zabala
eta sentiarazi nau
onena banintz bezala.

Haurrontzat zailak baitira
Iruñea zein Donostia
beti bistan uzten dugu
ustekabean uzkia
eta denera heltzen da
futbolaren industria
gure ahalmen apurra
nahiko genuke ustia
nik sarri baloiarekin
egiten dut tupust ia
sentitzen dut amorrua
antsia ta angustia
umea deitzen didate
ahula, oilobustia
ta irribarre hori da
falta zitzaidan guztia.

Ta gurutzatu ditugu
bizpahiru begirada
babesa bidali nahian
guk elkarren begitara
txiki eta txikituak
maiz sentitu gara jada
ni txikia naizelako
ta Haritz ere hala da
haundiek berriz elkarri
eupada ta besarkada
guri berriz bideetan
dena oztopo ta traba
alperrik egingo dute
irri bertatik bertara
haundiak ez dira haundi
txikiak biltzen bagara.

2022ko abe. 18a, 14:39

Sustrai Colina, ganbarako lanean:

Aldaka hautsi zuenez gero
hanketan ez du indarrik
ezin da bizi bakarrik eta
ez du lehen zuen pindarrik
gaur lehen eguna dut Joxe zaintzen
bere alabaren eskea baitzen
ta bost zentzuak itzarrik
sinistu arren bizitza hontan
ez dela ilunabarrik
bere alaba etxera joan da
ta eman gabe bizkarrik
agertu dira bere galderak
ta eskeini diot irribarre bat
ez egiteko negarrik
ez dagolako bakarrik.

Baina ez pentsa natorrenikan
zoriontsu ta aldarteko
ez da errexa bizi beharra
beste inoren meneko
haginlaria nintzen Bogotan
ta Joxe zaindu behar dut Europan
arrazismoa tarteko
eskua eman ta tortilla bat
prestatu diot jateko
ikusi baitut irribarrea
ez dela izan kalteko
nahiz Joxerentzat beti nagon hor
neretzat hemen ez dago inor
lasai egon esateko
ta irribarre egiteko.

Joxe ohean etzan dut baina
ba ote dauka egunik
bizimodua zer bihurtzen da
ez bada askatasunik
gure buruak nahiz ta ez salba
harresiren bat pitzatzen al da
irribarrezka jardunik?
ordaintzerik ba ote daukagu
guk egin nahi ez dugunik
ba ote dago boteretikan
libratzen den maitasunik
ze amets neukan nere erretinan
ta zer topatu dut errutinan
galdera asko ditut nik
baina ez dut erantzunik.

2022ko abe. 18a, 14:26

Maialen Lujanbio, ganbarako lanean:

Abandon metroko atea
zabaldu eta haizea
ta haizearekin batera
halako tipo klasea
sartu zaigu muskuluz ta
tatuaje fatxaz asea
hautatu du ate ondoan
mendekati geratzea
ta zu jeiki egin zara
ni jeiki naizen antzea
suertatu da beste denek
gonbita hau onartzea
tipoak bere burua
eroso ez topatzea
eta hala lortu dugu
bagoietik botatzea.

Ixilkako protesta bat
dateke edukatzea
arrisku den gizonari
sarrera bat ukatzea
iseka zorian hasi
ta guk bi hitz trukatzea
aski izan da, ez zen behar
guk malkoak xukatzea
ze jende eskuindar horrek
maite baitu juzgatzea
gu bezainbestelakoak
normala ez gustatzea
nahi baitute egi bakar
ta goren bat sustatzea
burua hautsi baino nahio
besterena puskatzea.

Behingoan alderantzira
gertatu da gauza, hara
jende xeheak indarra
tipo sendoak ikara
bizi espazioa zer den
argi behar baita laga
konplizea bagoi hontan
gu guztion begirada
bestelakorik horrela
pasatu ez dedin jada
behin egin izanak eman
behar digu berriz bulkada
zu ta biok bereziki
irria irrietara
gure poltsa ortzadardunez
poz-pozik atera gara.

2022ko abe. 18a, 14:14

Alaia Martin, ganbarako lanean:

Ez da berria ohea
berria dugu pausua
arropak erantzi ahala
nahi genuen piztu sua
eta pixkana gorputza
bilakatzea putzua
sinkronizatu artean
arnasa eta pultsua
oheko gerra txiki hau
ez baita arriskutsua
bi gauzak partekatzea
niretzako da luxua
lehenbizi irriparrea
eta ondoren muxua.

Beso artea poliki
bilakatzen da kabia
konplizitatez josiaz
gure arteko haria
taupadekin neurtuta
emari ta eskaria
gaur bi tximeleta gara
gaurkoan ez naiz zaldia
ondo al zaude laztana
xuxurlazko esaldia
aurrez probatua neukan
mutikoen haragia
gaur daukat neska batekin
bigarren lehen aldia.

Lehendik kafe bat izan zen
ardo bat gero kombucha
pixkana muxurik muxu
hasi zen ezpainen luntxa
kilimak sentitzea da
pinpilinpauxaren funtsa
eta pixkana plazerrak
ere bizi du hazkuntza
azken batean eremu
libre bat baita gorputza
zertan mugatu plazerra
bihurtzeraino kamutsa
eleanitza denean
gure gorputzen hizkuntza.

2022ko abe. 18a, 14:02

Joanes Illarregi, ganbarako lanean:

Afaldu eta ohe barrura
joan gara bero-beroan
muxu artean maindireekin
hasi gara endredoan
elkar daukagu parean eta
elkar daukagu gogoan
goxo ari gara oso gustora
baina dena ez da doan
begiratu dut albo batera
ta bera daukat ondoan
keinu egin dit begiarekin
irri txiki bat ahoan
ta keinu horrek helarazi dit
hain gaizki ez dela joan.

Beti izan naiz geldiezina
beti horren urduria
ta lortu dugu bion artean
eraikitzea zubia
modu denetan aritu gara
nor zalduna, nor zaldia
egia esan sentsazioa
neretzako miraria
bere ondoan hau egitea
nuen nere guraria
ongi joan dela ikusi izana
neretzat ze oparia
beti ez baita ongi irteten
lehendabiziko aldia.

Gu ohe baten barruan gaude
biluzirik bi nerabe
orain guztia poza daukagu
ez min ta ez atsekabe
betiko hemen geratu nahi dut
ez dut egin nahi nik alde
behatzarekin nere bizkarra
laztantzen dit hain xuabe
zenbat gozatu lehen aldian
nahiz espero nuen grabe
maindire artean arropa gabe
ta besarkatuta gaude
eta lotara makurtu gara
beste ezer esan gabe.

2022ko abe. 18a, 13:49

Amets Arzallus, ganbarako lanean:

Guk ez dugu hegazkinik
hartzen zuzenean
gu azpi-mundu bat gara
beltzak azkenean
etxetik atera nintzen
asteazkenean
ostegunak ostirala
du begimenean
pentsa zenbat miseria
egunen trenean
desertua bukatzen da
zortzigarrenean
ta desertu haundienak
geure barrenean.

Bi hemisferio gara
munduko bi parte
ta zuek bizi zarete
sarri gu bitarte
desertuek ta paterek
honaino nakarte
ia ez hitz autoestima
eta ez aldarte
baina zorigaitzengandik
joan naiz aparte
inpernu latz bat izan dut
bidearen parte
Bidasoa ertz hontara
heldu nintzen arte.

Neure oinetako higatu
ta neure bizarra
harrera elkarte batek
piztu dit izarra
esan dit hor dago muga
hor duzu iparra
polizien ezkututik
segi tirri-tarra
eta iritsi denean
ya ilunabarra
harek neri eskaini dit
azken irriparra
deus ez duenarentzako
hori da indarra.

2022ko abe. 18a, 13:38

Nerea Ibarzabal, ganbarako lanean:

Kolpe asko eman dizkit
patuak nire bizitzan
urteak igaro ditut
gizon txar baten gerizan
ta ez dakit epaitegiak
nik ondo zertan dabiltzan
haurran zaintza erdibana
nonbait hala komeni zan
astez asteko txandetan
begira nola gabiltzan
haurra uzten dudanero
ni beldurraren sasitzan
ta utzidazue pentsatzen
normalena dugun gisan
kide ona izan ez denak
ezin aita ona izan.

Nahiz ta ez dizkigun eman
bultzada edo ostiko
pertsonak asma lezake
beste norbait nola ito
ta nire irrifarrea
ezabatu zen betiko
baina alabarenari
eutsi nahi nioke tinko
kotxean noa berekin
bera bi masail gorriko
agur esan dio aitari
ta nik barre neurekiko
itxaron beharko gaituzu
denbora luzez txikito
ze gu hurrengo astean
ez gara hona itzuliko.

Diskrezioz mantendu dut
tokatzen zaidan itxura
susmorik ez dudalako
holakotan piztu gura
ez diot nire alabak
niri ez didanik ardura
baizik sortu nahi dudala
bizitza perfektu hura
bidea dugu aurrean
milaka, milioika uda
alaba libre izateko
gure ordua heldu da
irribarre bat egin dit
ta biok goaz gustura
alboan bere poza ta
parean gure hortzimuga.

2022ko abe. 18a, 13:27

Aitor Mendiluze, ganbarako lanean:

Nik 15 urte aurten
bertsolaritza ematen
gelatara eramaten
a ze suertea daukaten
baina ikasle bat neskatila bat
ez da eroso izaten
berak badaki ta nik badakit
noraino egin dezaken
halere beti behera begira
barne borroka jasaten
beti onena pentsatzen du ta
ez du sekula esaten.

Sekula ez dago lasai
konplejuak ditu etsai
nik badakit badela gai
esan nahi diot baina ai
besteak hasten dira kantari
eta orduan berak jai
bere barruan bertsoak dauzka
baina beste mila ez-bai
ondoan harro okerragoak
gu bai ausart eta gu guay
nik tira egin nahiko nioke
baina ez det behartu nahi.

Gaur pentsatu det akabo
konbentzituta zeharo
ta hasi baino lehenago
esan diot hemen nago
zuk erabaki baina duzuna
bota ezkero nik nahiago
ez baitaukazu une triste hau
zertan bakarrik igaro
ausarta egin da, bota egin du
orain irrifartsu dago
baita ni ere ta esan nahi du
hark uste baino gehiago.

2022ko abe. 18a, 13:25

Atsedenaldi labur baten ondoren, ganbarako lanak hasiko dituzte bertsolariek.
Honakoa izango dute gaia: "Irribarre konplizea egin diozue elkarri"

2022ko abe. 18a, 13:07

Seiko motzean, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina (Maialen hasita):

Ospitale bateko bi zerbitzuburu dira. Ez daude ados agintari politikoen kudeaketarekin. Sustraik proposatu dio elkarrekin dimisioa aurkeztea.

Gure jakintzaren menpe
hainbat paziente ta jende
ta gero eta murritzagoak baldintza ta epe
murrizketak atertzeke
zure nahia nola bete
dimisioa eurek aurkeztu beharko lukete.

Dantza dezagun eztena
badena eta ez dena
hemen ardura ez baita beti izaten besteena
erakutsi gaitzespena
ta hau dela antzezpena
hala ZIUra sartuko dute osasun sistema.

Greba batek erreztua
du ala aldrebestua
osasungintza ZIUra doa asko da aurreztua
bide murritza, estua
Jaurlaritzak babestua
ez dakit batzuk ondasungintzan ez duten eskua.

Beranduegi da jada
ta saiatuko al gara?
bihotzekoa behingoz bihurtu dadin bihozkada
joan gaitezen grebara
nere dimisioa, hara
Osakidetzan zita lortzeko modu bakarra da.

Dimisioan afera
ez da ideia ona zera
protestatzea ez al da hobe, ba goazen sartzera
pankarta baten atzera
ospitalean jartzera
ta ea herria nor irteten den gu defendatzera.

Sakondu ezkero gaian
enkarteladen jarraian
dimisioak jada jarriko gaitu protesten talaian
kapitalismo salbaian
jarri gaituzte sal mahaian
nahiz eta txalo jotzen ziguten pandemia garaian.

2022ko abe. 18a, 12:53

Seiko motzean, Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus (Nerea hasita):

Neba-arreba abeltzainak dira. Orain arte, behien esnea enpresa bati saltzen zioten. Ametsek proposatu dio, lan egiteko modua aldatu eta esnekiak beren kabuz saltzen hastea.

Lehen Kaiku izan dugu zain
gure markaren lemazain
nahiz ta ez gendun guk nahiko geunken adinako ordain
gero pentsa guretik lain
badago nahiko esnegain
lan egiteko gainera gure gaitasunetik gain.

Gure behien mirariak
enpresaren opariak
Kaikuk uste dut kaikutzat hartzen gaituela biak
izozkiak, janariak
eta jogurt ugariak
bestela dena irabazten du bitartekariak.

Hori halaxe da tira
baina jendeai begira
Eroskin eta Lidlen ondo moldatu ohi dira
gauzak apalen erdira
ta eskuaren neurrira
jendea ez da oinez igoko gure baserrira.

Zalantza bat nabari da
zeure begien dizdira
geuk ekoiztea baita Nerea gure alternatiba
zu izozkiei begira
jarri zaitez arren, tira
ta bezeroak lau hankan ere etorriko dira.

Ez da hain luzea soka
urruti dago azoka
baina ados bada marketinean horrenbeste sorta
Mahala ere ate joka
gora igoa dago ta
baina irratiko iragarkian bertsoa zeuk bota.

Esnea ta izerdia
errima ta hitz erdia
zatoz bezero gozatu zazu gure energia.
Horra hor bertso berria
saretuz Euskal Herria
azken finean hori ez al da gure baserria?

2022ko abe. 18a, 12:44

Seiko motzean, Joanes Illarregi eta Aitor Mendiluze (Joanes hasita):

Joanes 25 urteko semea eta Aitor ama dira. Aitorrek esan dio banandu nahiko lukeela, baina ez duela bizitza berri bat bakarrik hasteko modurik.

Lotuta zaude katean
gure etxeko atean
ta jarraitzea aipatu duzu, duzula kaltean
hori bota bapatean
malkotan negar batean
esan zaidazu ze eskatzen duzun, lerroen artean.

Tarteka maitasun hitza
lasai entzuteko ditsa
ez nuke zertan ezer aldatu, posible balitza
egoera da bortitza
sufritzen denok gabiltza
berririk ezin hasi ta zaharra ez baita bizitza.

Benetan kasu bitxia
begi bazterra itxia
azkenaldian hiru famili gisan gabiltz ia
bikotearen krisia
belarrira iritsia
zuk zer nahi duzu, nire laguntza edo iritzia?

Ez goxo ta ez maitasun
hitzik aspaldian entzun
eta badakit zuri ere nola ailegatu zaizun
nahiz ta zalantzak dauzkazun
ez galderekin erantzun
gauza bakarra nahi det Joanes, ulertu nazazun.

Hala izan beharko da
ez bazabiltza gustora
nahiz gogorra den berriz hastea berrogeitik gora
joan zaitez edonora
gure etxetik kanpora
ta lasai ama bilduko gara elkarren ondora.

Aita ta biok ez gaude
aspalditik parez pare
baina argi bat ikus nezake ondoan bazaude
aukera askoren jabe
ez naiz ni baina halare
ia egiten asmatzen dedan inor mindu gabe.

2022ko abe. 18a, 12:35

Bakarkako lanean jarri dituzte bertsolariak, puntu erantzunetan:

Musika taldeen itzulera izan du gaia Aitor Mendiluzek, eta beti bezain fin aritu da andoaindarra. Nerea Ibarzabalek, berriz, Zaballako espetxeko bertso eskola izan du gaia. Gabonetako argien inguruko puntuak erantzun behar izan ditu Maialen Lujanbiok, eta kritika finetik egin du erreplika: elizak ordaindu ditzala Gabonetako argiak. Eta Beñat Gaztelumendi, azkenik, zabortegiei buruz aritu da.

2022ko abe. 18a, 12:17

Zortziko txikian, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi (Maialen hasita):

Elkarrekin bazkaltzera joan diren bi lagun dira. Beñatek argazkia ateratzen die plater guztiei, jaten hasi aurretik. Maialeni kargu hartu dio, argazkia atera aurretik hasi delako postrea jaten.

Bat enkuadre honekin
ta bat mugitua
instagramen jartzeko
bere predikua
ba bai jaten hasi naiz
ez da delitua
flana irtengo da oso
faborezitua.

Maialen gauza beti
izan da oreka
flana irentsi eta
zenbat gogoeta
patxara pixkat izan
ezazu tarteka
beti irteten zara
ahoa beteta.

Ba zuk gauza berbera
Beñat esan ezin
ze onak dauden jartzen
zabiltza hatzekin
herria ta globoa
enteratu dedin
eta probatu ere
ez dituzu egin.

Probatu gabe hala
ipintzen da nota
mobila aterata
argazkiak bota
atsegin dutak jaso
ditzadan zientoka
gero gustatzen zaidan
ez dio inporta.

Eta ni harrituta
geratzen natzaizu
gehien azkeneko hau
gustatuko zaizu
ekarri dute nota
200 euro, aizu
atera fotoa ta
pagatu ezazu.

A ze sustoa eman
didan arranoa
bi orritako notak
dirudi planoa
200 euro faktura
hau ez da sanoa
itxaron mugikorra
kargatzera noa.

2022ko abe. 18a, 12:07

Zortziko txikian, Nerea Ibarzabal eta Joane Illarregui (Nerea hasita)

Aspaldiko ezagunak dira Nerea eta Joanes. Gaztetan ez ziren batere ondo konpontzen. Orain, haien seme-alabak klase berean daude eta oso lagunak dira. Denbora asko pasa behar izaten dute elkarrekin.

Banatuz bokadillo
ta mahaiko platerak
banatuz oporraldi
portal eskailerak
ze ondo laguntxo bat
hautatu du berak
ederrak bizitzako
bigarren aukerak.

Gaztegotan izanak
elkarrentzako gaitz
zorionez banandu
eta garaiz
parkean patioan
topatzen gara maiz
orain deja vu txar bat
izaten ari naiz.

Umetan ez geneukan
diskusio faltik
ez zenidan ematen
bokadillo batik
zurea jatorra da
badakit zergatik
zure bikotearen
genetikagatik.

Nerea ta zurea
elkarren laguna
ustez egiten dute
bikote txukuna
nik erakutsia du
hark gizatasuna
juxtu zure txikiak
pixkat falta duna.

Hori esaten al duzu
orain ni mintzeko
edota gauza denak
argi ipintzeko
nik beti agintzen diot
bera da hitzeko
zure etxeko komuna
ondo zikintzeko.

Ta sarritan etxean
hori da gertatu
bera hemen lotara
delako geratu
gehiotan etor bedi
Nerea barkatu
hemen ikasiko du
nola konportatu.

2022ko abe. 18a, 12:07

Zortziko txikian, Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus (Aitor hasita):

Arotzak dira Aitor eta Amets. Aitor ohartu da, Amets ezkutuan kutxa bat egiten ari dela, eta Ametsek esan dio bere hilkutxa dela.

Berrogei urte doi-doi
munduan emana
dauzkazunez kezka bat
heldu da nigana
bromatan hartu dezu
hartu dezun lana
edo zerbait dakizu
nik ez dakidana.

Mailu eta zintzelez
hor nabil ko ta ke
bere lauburu eta
bisagra ta kate
nere neurrira egin dut
dena elegante
baina zuretzat ere
balio lezake.

Zuretzat luzeroan
buka ezinean
neretzat ehitxo behar du
hemen ixkiñean
zirika izango zen
hori azken finean
biak ez gera sartzen
kutxa berdinean.

Biak batera kutxan
ze auza sorgina
Aitor bada egi bat
gainera gordina
kutxa honen neurriak du
ironia fina
zuk ere duzu nere
altura berdina.

Bai baina materialak
kezkatuta nauka
gezeriz hasi dezu
ta haritzez buka
hobe zenuen sobran
zeudenak hartuta
zu hildakoan erre
behar zaitugu ta.

Aitor zuk zuhaitzetaz
ez dakizu deusik
materiala altza da
dena altza kasik
ni hiltzen nautenean
sar nazazu pozik
eta kantatu altzak
ez dauka bihotzik.

2022ko abe. 18a, 12:06

Zortziko haundian, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi (Sustrai hasita):

Sustrai eta Beñat bi nerabe dira, eta astean zehar apustu makinetan jokatzeko ohitura dute. Gaur ikastetxean ludopatiari buruzko hitzaldi bat eman diete. Sustrai identifikatuta sentitu da, Beñat ez.

Institutoan ispilu hautsi bat
ipinirik parez pare
berriz osatu ala txikitu
beharrean ez al gaude
jokatu ezean sentitzen bainaiz
izu dena antsietate
igual apustu egin behar dut
neure buruaren alde.

Ez zaitez pasa ederki asko
joan zaigu udazkena
mundiala ta bertsolariak
a zer nolako eskema
niretzako zen astean behingo
aisialdiko eztena
gaixotasuntzat ez zazu hartu
jolas bat baino ez dena.

Gu amildegi ertzean goaz
ta irrist egingo bagendu
ez litzateke zaila asmatzen
oreka nola mantendu
nahiz eta aitak esaten didan
makina aurretik kendu
ordea berak kiniela eginda
loteria erosten du.

Eta tarteka asmatzea re
tokatu izan da benga
ez zazu pentsa begi parean
nik daramadanik benda
hango Codere ta horko Reta
ikasia daukat xenda
nire aita ere lanetik bueltan
egunero pasatzen da.

Nahiz gurasoak ibiltzen diren
apustu egiten gaurik gau
nere baitara har bat sartu da
eta dena jaten dirau
ez dut ulertzen nola heldu zaidan
hitzaldia entzun arau
irabazteko dena izanda
dena galtzeko beldur hau.

Baina begira ipini zaitez
zure barru ta inguru
klima erotzen ari omen da
ta gerran zenbat apuru
karrera bueltan langabezia
tokatuko da seguru
Sustrai bizitzan noizbait zeozer
irabazi beharko dugu.

2022ko abe. 18a, 11:47

Zortziko haundian, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio (Alaia hasita):

Alaiak eta Maialenek denda bat dute elkarrekin itsas ertzean. Klima aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira haienean. Alaiak denda lekuz aldatu nahi du, Maialenek bertan jarraitu.

Hainbat urtetan hainbat kolore
oihal eta gogoeta
arorik aro mantendu dugu
tonu arteko oreka
zaindu nahi bada gure txapela
galtza, blusa ta txaketa
lehen olatua etorri aurretik
egin behar da aldaketa.

Esaten dute ya ez dagola
udara ta udazkenik
itsaso maila gora ta gora
ailegatuko ez denik
Alaia aldatzen joan gaitezke
mantendu gabe eskemik
orain oihalak, gero txankletak
flotagailuak azkenik.

Eta ondoren arrain txikiak
baina ez gure sarean
jaitsiera bat suma liteke
diru sarreren marean
onar dezagun gure egoera
aparra dago arean
ez dezagula bufanda jarri
gure begien parean.

Biok bisio errealista
izango baldin bagendu
igual ezin da epe luzean
denda txiki hau mantendu
errez diozu Donostiako
portutik hobe da kendu
Alde Zaharrean orain lokal bat
edozeinek erosten du.

Egia esan Alde Zaharrak
salduta dauka arima
ta inbertitzeko egin behar da
bi patriketan kilima
pentsa dezagun denborarekin
non jarri behar den bitrina
bero ipini aurretik gero
gu bion arteko klima.

Ez naiz zurekin haserretuko
beti izan zaitut begiko
hankak bustita biok freskatu
gaitezkela nerekiko
ekonomia zirkular hori
hau baldin bada ba kito
lehenengo justu, ondoren pobre
ta azkenerako ito.

2022ko abe. 18a, 11:34

Zortziko haundian, Aitor Mendiluze eta Nerea Ibarzabal (Aitor hasita):

Aitor eta Nerea ikertzaileak dira. Urteak daramazkite ikerketa batean. Diru iturri falta dela eta, egoera prekarioan ari dira lanean. Aitorrek bertan behera utzi nahi du, baina Nereak bukatu arte segi.

Zenbait minbizi nola sendatu
ikerketa eta tesi
asko egin degu baina dirua
gero joaten da ihesi
gizartearen ardura hontatik
behar genuke bereizik
ez duelako zaintzen ez duen
ikerlaririk merezi

Agintariek egiten dute
dirulaguntzekin burla
ez zaie inporta esperimentu
lanketa edo formula
baina honetan nik ikasi dut
ta ez da ahaztu behar sekula
ustez denean agertzen dela
itxaropen molekula.

Molekula hau noiz agertuko
gu zain gaude aspaldian
materialak birziklatuaz
gure laborategian
hori bai batzuk ta gutxi batzuk
gaixotuz gero agian
kanpora joango dira presaka
abiadura haundian.

Dirua beti beste norabait
azarroi duzu horretan
bai porlanezko bai kristalezko
hiriburuko dorretan
baina iritsi egin gaitezke
trenean zein bizikletan
zientzalari denon lana da
jarraitzea bilaketan.

Gu bilaketan gabiltza baina
esklabutzatik gertuen
eta ikusi Osakidetzak
nola tratatzen gaituen
trena ez bada beste obra bat
horrek agintzen du hemen.
Gizarte batek jakin behar luke
lehentasuna nun duen.

Gizarte batek bereiz dezake
onean edo gaizkian
baina azkenean beti ez la gaude
kudeaketen azpian
eta zeozer lortu ezkero
txispa bat argi izpian
guk ez diegu leku egingo
azkenengo argazkian.

2022ko abe. 18a, 11:27

Beñat Gaztelumendiren agurra:

Egunon hara zortzi eztarri
ta Nafarroa Arena
bertsoa izan zen gordeleku bat
ume beldurti harena
hitzek isurtzen duten lurruna
ispilu malgu gorputz zurruna
gure maskara gardena
pitzadura bat gure diglosi
inposatuan barrena
udazkenean piztu den herri
honen nerbio sistema
niretzat hori baita bertsoa
printza bat eta unibertsoa
gu sortzen ari garena
ta gu sortzen gaituena.

2022ko abe. 18a, 11:23

Maialen Lujanbioren hasierako agurra:

Bertsogintza den sokatira hontan
gogo, belarri ta aho
zer eta nola, nork eta nori,
non eta nondik esango
aurrera nahiak, atzera kargak
ta urratu gabe ez dago
artea hori da eta finalak
gaur Nafarroa arrago
izan izanda arrago
gauzak gertatu daitezkeenean
gertatzen direla nago
beti gertatu behar zuketena
baino beranduxeago.

2022ko abe. 18a, 11:17

Nerea Ibarzabalen hasierako agurra:

Aro berrien jaiotza
egunon a ze malkotza
zuentzat gure aitortza
odol mamitan bihotza
ortozik doan hizkuntza honek
beti hanketako hotza
baina erretzen suma daiteke
gaur Iruñeko oholtza
emozioen magma gori bat
bada gutako bakotxa
ustekabean lehertzen denean
lur azpiko berben poltsa
ea ze mundu posibletara
labaintzen zaigun ahotsa.

2022ko abe. 18a, 11:17

Aitor Mendiluzen hasierako agurra:

Kaixo Nafarroari
hola Arenari
aupa hemen etxean
sentitzen den hari
gaur zortzi ahots gatoz
zortzi hitz emari
geure ahalak gehituz
zuen kemenari
sentitzen baitet nola
ari garen ari
begirada zabaltzen
itsutzen denari.

2022ko abe. 18a, 11:11

Honakoa izan da zozketak erabakitako ordena:
1-Aitor Mendiluze Gonzalez
2-Nerea Ibarzabal Salegi
3-Amets Arzallus Antia
4-Joanes Illarregui Marzol
5-Alaia Martin Etxebeste
6-Maialen Lujanbio Zugasti
7-Sustrai Colina Acordarrementeria
8-Beñat Gaztelumendi Arandia

2022ko abe. 18a, 11:06

Egin dute finalaren aurkezpena, eta badatoz zortzi protagonistak, Jon Zaldua gai-jartzailearekin batera. Sekulako txalo zaparrada eskaini die Nafarroa Arenak.

2022ko abe. 18a, 11:00

Goizeko 11:00ak dira, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala hasteko ordua. Oraindik ez dira aretora azaldu zortzi protagonistak, baina dagoeneko bero-bero dago giroa Nafarroa Arenan. Laster izango ditugu pasilloetako batetik oholtzara bidean, txalo zaparrada artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!