Gaur jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko final haundia, Iruñeko Nafarroa Arenan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 18a, 00:00

Zortzi finalistak Nafarroa Arenan, finalaren aurkezpen prentsaurrekoan.

Zortzi finalista izango dira oholtzan, eta horietatik lauk dute lotura bailararekin. 09:00etan irekiko dituzte ateak, eta 11:00etan hasiko da finala.

Iritsi da Bertsolari Txapelketa Nagusia borobiltzeko eguna. Gaur jokatuko dute final haundia, Iruñean. Irailaren 24an abiatu zen txapelketaren trena Getxotik, eta gaur  jakingo da nork jasoko duen Euskal Herriko txapela, Iñaki Muruaren eskuetatik, arratsaldeko 20:00ak aldera.

Zortzi bertsolari izango dira kantuan: Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi. Horietatik lauk dute lotura Urumea bailararekin. Lujanbio da egungo txapelduna, eta gaur egingo du lehen agerraldia aurtengo txapelketan, zuzenean sailkatu baita final haundira. 

13.000 bertsozale inguru bilduko dira Nafarroa Arenan, eta Bertsozale Elkartetik zenbait gomendio egin dituzte, autoz joatea erabaki dutenentzat; «garaiz ibiltzeko, eta proposatutako ibilbide eta aparkalekuak erabiltzeko», besteak beste. 

Goizeko 09:00etan irekiko dituzte Nafarroa Arenako ateak, eta 11:00etan hasiko da finala, eta 14:30ak aldera bukatuko da goizeko saioa. Arratsaldeko saioa, aldiz, 17:00etan hasiko da, eta ordubete lehenago irekiko dituzte Nafarroa Arenako ateak, berriro. 

Ohikoa den bezala, buruz burukoarekin amaituko da lan puntuagarria, bi bertsolari onenen arteko lehiarekin. Aurten, berritasun gisa, Iparragirre doinuan osatu beharko dute ofizio bat; 21 urteren ondoren berreskuratu dute ariketa. 

 

Finalaren zuzeneko jarraipena, Kronikan

Finalaren jarraipen berezia egingo du, aurten ere, Kronikak. Bertatik bertara jarraituko du finala, Nafaroa Arenan; eta zuzeneko jarraipena egingo diogu kronika.eus webgunean eta sare sozialetan. Astelehenean ere Txapelketa Nagusiko bigarren ale berezi bat kaleratuko dugu, egunak utzitako guztiekin: finalaren nondik norakoak, bertsoaldi onenak, eguneko argazkiak, protago­nisten adierazpenak eta berezitasunak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!