Astigarraga eta Hernani, UEMAko kide gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Asteasurekin batera gaurtik aurrera kide izango dira, Deban egingo den batzarrean jakinarazi eta gero.

Asteasu, Hernani eta Astigarraga Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMAko) kide izan daitezke gaurtik aurrera. UEMAk gaur batzar nagusia egingo du eta 10:00etatik aurrera Debako Luzaro ikastetxean elkartuko dira kide diren herrietako alkateak eta zinegotziak.

Batzarrean, Asteasu, Hernani eta Astigarragako udalek UEMAko kide izateko egindako eskaerak onartzea espero da. Izan ere, Asteasuko eta Hernaniko udalek azaroan erabaki zuten UEMAko kide izatea, eta Astigarragako Udalak, berriz, ostegunean egin zuen Udal Osoko Bilkuran onartu zuen eskaera. Asteasuren eta Hernaniren eskaerekin batera helduko da gaur Astigarragarena ere UEMAren batzar nagusira, eta batzarkideek eskaerak onartuz gero 97 udal izango dira UEMAko kide gaurtik aurrera. Denen artean 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Batzarkideek aztergai izango dituzten beste kontuen artean, berriz, 2022ko balantzea eta 2023erako egitasmo nagusiak onartzea daude, besteak beste.
Batzar Nagusia amaitu ostean, 11:45ean, hedabideentzat adierazpenak egingo dituzte Luzaro ikastetxearen atarian. Honakoek hitz egingo dute: Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria eta ondoren Asteasu, Hernani eta Astigarragako alkateen txanda izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!